Iragan astean greba mugagabea egiteko aukera zegoela iradoki zuten. Aste honetan, greba mugagabea ez, baina greba luzeagoak egingo dituztela jakinarazi dute Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoetako medikuek. Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek datozen hilabeteetan astebeteko grebak egingo dituzte, otsailetik ekainera. Lehena, otsailaren 16ko astean. SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta Nafarroako Sindikatu Medikoak bat egin dute greba deialdiarekin.
Greba egunak zehaztu dituzte: otsailean, 16tik 20ra; martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra. Ohar bat egin dute: greba aste horiek «lehen etapa» direla. Grebarekin bat egin dute CESM Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioak, MC Kataluniako Medikuek, O'Mega Galiziako Mediku Independenteen Sindikatuak, SMA Andaluziako Medikuen Sindikatuak eta Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen elkarteak. Atzo hartu zuten greba egiteko erabakia. Mobilizazioak hasteko, manifestazio bateratu bat egingo dute otsailaren 14an, larunbatean, Madrilen.
«Baldintza bereziak»
Medikuak mobilizazioak eta grebak egiten ari dira Espainiako Osasun Ministerioari estatutu propio bat eskatzeko. Funtsean, haien «prestakuntza, ardura eta baldintza bereziak» aintzat hartzea. Espainiako Gobernua osasun langile guztientzako estatutua negoziatzen ari da, eta medikuek estatutu edo oinarrizko lan baldintza propioak eskatzen dituzte, haien lanari egokituak. Gainera, medikuek salatu dutenez, osasun langileen estatutuaren negoziazioetan ez dute indarrik: medikuen ordezkari bat badago negoziazio mahaian, baina ez du botoa emateko eskubiderik.
Mobilizazioak eta greba egunak Espainiako Osasun Ministerioari presio egiteko modu bat dira. CESMek ministerioari jakinarazi dio harekin hitz egiteko prest dagoela, eta espero duela berriro ere erakundearekin hitz egiten hasiko dela, «akordio bat lortzeko bidean elkarrekin aurrera egiteko».
MEDIKUEN ESKAERA NAGUSIAK
- Lanaldia:Â 35 orduko lanaldi arruntetik kanpo egiten dituzten lanorduak borondatezkoak izatea. Lanordu horien truke ordainsari egokiak eta bidezko konpentsazioak edo atsedenak jasotzea.Â
- Guardiak: etenik gabe hamazazpi ordu baino gehiago ez lan egitea, hau da, lanaldi arruntaren eta apartekoaren baturak ordu kopuru hori ez gainditzea.
- Arriskua:Â medikuen lanbidearen arriskua aintzat hartzea, Gizarte Segurantzaren araubide berezi batean sartzeko.
- Ordezkaritza:Â negoziazio eremu propioa izatea, haien berezitasuna dela eta. Medikuen mahai sektorial bat, negoziazio mahai orokorretik kanpokoa.
- Erretiroa:Â erretiroa aurreratzeko aukera izatea, erosahalmenik galdu gabe, arrisku jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldi guztiak aintzat hartuta.
- Irakaskuntzako osagarria: BAME barne mediku egoiliarrak prestatzeaz arduratzen diren medikuentzat.
- BAMEen ordezkaritza: barne mediku egoiliarren langile batzordeak sortzea.