ELA eta LABen arabera, euskara gaztelaniarekin parekatzeko neurriak jaso behar ditu Enplegu Publikoaren Legeak

Sindikatu abertzaleek uste dute euskararen exijentzia orokortzeko EAJren proposamena ez dela nahikoa. Ostegunean helduko da auzia Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, eta lege moldaketei bide emateko eskatu dute.

Maiatzaren hasieran euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aldeko manifestazioa, BIlbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES/ FOKU
Maiatzaren hasieran euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aldeko manifestazioa, BIlbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES/ FOKU
joxerra senar
2026ko ekainaren 22a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebeteko eztabaida luzearen ostean, aste erabakigarria izango da Enplegu Publikoaren Legearen aldaketari begira. Osteguneko osoko bilkuran bozkatuko dute EAJren proposamena. Hitzordu horri begira, ELAk eta LABek presio egin dute gaur egungo lege esparrua bere hartan gera ez dadin. Azaldu dute euskararen exijentzia orokortu behar lukeela aldaketak, eta gaztelaniarekin parekatzeko urratsak jaso. 

Sindikatu bakoitzak ohar bat kaleratu du, eta bakoitzak bere ñabardurak ezarri. ELAren ustez, EAJren proposamenaren oinarriak onartzen badira, «aurrerantzean ere soilik gaztelania izango da exijentzia orokortuko hizkuntza» EAEko administrazio publikoan; euskara, berriz, «salbuespenez» izango da lan hizkuntza, eta zerbitzua jaso nahi duten herritarrek «hainbat traba gainditu beharko dituzte».

LABen arabera, «garrantzi handiko» mugarria da eztabaida. «Lege moldaketarik ez onartzea ez da aukera bat inola ere». Sindikatuak dei egin die jeltzaleei «negoziazioari bide emateko» eta lege proposamenean onartzeko lanpostu publikoetarako sarbidean «derrigorrezkoa» izango dela euskararen eskakizuna, «hori gaztelaniaren pare jarrita». 

Azken pausoaren zain

Eztabaida azken txanpan dago. Ostiralean, moldaketa osoko bilkurara eraman aurreko testu ebazpena bozkatu zuten legebiltzarreko Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordean. Jeltzaleen proposamena aurrera atera zen EH Bildu abstenitu egin zelako. Kontra bozkatu zuten gainerako talde guztiek, tartean baita Jaurlaritzako EAJren bazkide PSE-EE ere. EAJk espero du ostegunean emaitza hori izango dela berriz, eta EH Bilduren abstentzioak ahalbidetuko duela aldaketa.

Ostiraleko bozketan, Peio Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri zuen abstenitzeko prest zeudela baldin eta jeltzaleak konpromiso bat hitzartzeko prest bazeuden: «Denborak demostratzen badu zuen proposamena eraginkorra dela, guk ez dugu izango inolako arazorik esateko oker geundela». EH Bilduk uste du EAJren proposamenak ez duela segurtasun juridikorik emango, eta horregatik galdegiten dio EAJri, aukera hori eraginkorra ez balitz, eurek aurkeztutako proposamenari bide ematea. Batzordean, EH Bilduren proposamena ez zen aurrera atera.

Azken asteetan konpromiso hori negoziatzen izan dira bi taldeak, baina EAJk oraindik ez du akordiorik lotu EH Bildurekin. Hortaz, ez dago argi hark zer egingo duen osoko bilkuran. Ostiralean bertan, Josu Aztiria legebiltzarkideak ohartarazi zien jeltzaleei ostegunean euren abstentzioa ez dutela ziurtatua. Aldiz, Markel Olano EAJko legebiltzarkideak nabarmendu zuen proposamen horrek «segurtasun juridikoa» emango diola oraingo legeari.

Testuinguru horretan datoz  ELA eta LABen analisiak. ELAren iritziz, ezin zaio uko egin euskaldunen hizkuntz eskakizunak parekatzeari, eta alderdiei esan die horrek izan beharko lukeela legea moldatzeko «ezinbesteko baldintza». Sindikatuaren arabera, euskaraz ez dakiten langile publikoak euskalduntzeko baliabideak eta epeak jaso beharko lituzke legeak. «Hizkuntz eskubideak eta lan eskubideak ez baitira kontrajarriak; are gehiago, euskaraz lan egin ahal izatea ere lan eskubidea da», argudiatu du. «Erabaki ausartak» hartzeko eskatu dizkie alderdiei.

LABek gogora ekarri du berriki Eibarko Udalean eta Kabiako lanpostuetan hizkuntz eskakizunen kontrako epaiak ebatzi direla, eta euskararen normalizazioari begira atzerapausoak ematen ari direla hainbat udal euren erabakietan. «Oldarraldia sustatu dutenek, CCOOk, UGTk eta PSE-EEk, ez dute nahi legea aldatzerik, ez bada okerrera», kritikatu dute. Horregatik, EAJri eskatu diote negoziazioari bide emateko eta lege proposamenean biltzeko gehiengo sindikalak proposatutako neurriak.

Era berean, garrantzitsutzat jotzen dute arlo pribatuan, negoziazio kolektiboko lan itunetan, euskararen normalizazioaren aldeko eta lanpostuetako hizkuntz eskakizunen aldeko neurriak hartzea.

Giltzak

  1. Sarrera. Legearen testu sarrera aldatzen da, eta testuingurua azaltzen du. Gogora ekartzen du hizkuntza eskakizunen sistema zuzen aplikatzea epaitegietan Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo dela, eta horri segurtasun juridikoa eman behar zaiola dio.

  2. 11. artikulua: Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 11. artikuluari paragrafo bat gehitzen diote. Derrigortasun indizea deituaren bidez zehazten dute erakundeek zenbat lanpostutan egiaztatu behar duten hizkuntza eskakizuna. Jeltzaleen ustez, horren gainean hainbat epailek egindako interpretazioak izan dira askotan euskararen normalizazioaren kontrako epaien abiaburua. Horregatik, legean «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez aplikatzea bilatuko dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA