Hernanin irakurri du, han irakurri «behar» zuela esan du: «Gurasoek euskara irakatsi zidaten herrian, lagunartean euskaltzaletu eta Agustin Iturriaga Institutuari eta AEKri esker alfabetatu nintzen herrian». Irene Arrarats Lizeagak gaur goizean eman du euskaltzain oso izateko sarrera hitzaldia, Hernaniko udaletxean. Euskaldunon Egunkaria-n aurrena, BERRIAn gero, euskara taldean jardun du beti Arraratsek: «Idatzia lantzen». Euskara taldearen lema zuzentzen urte asko daramatza. Itzulpengintzan ere bide aski oparoa du. Erredakzio barruko jardunean ikasi eta ikusitakoak izan ditu hizpide, munduan gertatzen dena esplikatzeko ahalegin beti presakoetan kazetariek idatzitako «egunkarietako hitz pasakorrak» zuzenduz, orraztuz eta horien gaineko irizpideak ebatziz mamitutakoak. Onartu du falta zaiela literaturaren «sakontasuna», eta kaleko hizkeraren «airostasuna». Baina badira: «Nolabaiteko arrastoa uzten dute halere, onerako zein txarrerako: esateko modu batzuk zabaldu eta biziberritzen dituzte, eta beste batzuk, berriz, zokoratzen, galarazteraino batzuetan». Hitzak haizean, hitzak erauntsietan izena jarri dio hitzaldiari.
Ikusi gehiago
Andres Urrutia euskaltzainburuak, ororen buruan, Arrarats «profesional osoa» dela nabarmendu du, eta lan ibilbide osoa Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren abaroan egin izanak izendapenari aparteko «sinbolismoa» ematen diola. Lehen hitzetan, ondoan izan du Hernaniko alkate Xabier Lertxundi. 2025eko azaroaren 28an izendatu zuten Arrarats euskaltzain oso, Bilbon. Gaurko ekitaldian karguaren zina egin du: akademiako zazpigarren eserlekuan egoteak dakartzan ardurak «zintzoki» beteko dituela hitzeman du. Euskaltzain osoen ikurra, diploma eta domina ere jaso ditu. Hitzaldiaren ostean, Miriam Urkia euskaltzainak eman dio erantzuna; euskaltzain berriaren lanerako gaitasuna eta argitasuna goraipatu ditu, eta BERRIAren eta akademiaren artean «zubi» izateak duen berebiziko garrantzia nabarmendu. Hernaniko udaletxeko batzar aretoa leporaino bete da ekitaldian. Sentitua izan da; Hernaniko Udalaren, BERRIAren eta adiskideen opariak jaso ditu Arraratsek. Hernaniko Udalak bertso bat oparitu dio oroigarri batean idatzita, eta hantxe bertan kantatu dio Maialen Lujanbio bertsolariak. Musika tarteak ere izan dira: Joxan Goikoetxeak eta Amaia Azkuek jardun dute.
Ikusi gehiago
Arraratsek, sarrera hitzaldian, bere aurretik akademiako zazpigarren aulkia bete duen «maisuari» eskaini dizkio lehen hitzak, hari gorazarre egiteko: «Maisua baita Andres Alberdi, ikasten ez ezik irakasten ere badakiten horietakoa». Ondoren murgildu da erredakzioko jardunean ikusi eta ikasitakoetan. Egin dena gogoan hartuta: «Euskaldunon Egunkaria, bere on-gaitz guztiekin eta haize kontra ibilita ere, euskara estandarraren probaleku izan zen, eta halaxe da BERRIA ere. Besteak beste labe horretan egosten da estandarraren orea». Gogorarazi duenez, Egunkaria-k —«bere txikian, baliabidez ezin urriago ibili arren»— oso garbi zuen hor fin jardute aldera bazela «jokaleku bat zedarritzeko» premia, eta 1991. urtean, kazetaren lehen zenbakia kaleratu eta «berehalaxe», ondua zen lehen estilo liburua, Koldo Izagirrek eta Josu Landak idatzia. «Haien argitan abiatu ginen».
«Zer hoberik arauen eta gomendioen berri jakinarazi eta airez aire zabaltzeko, nork bere testuetan erabiltzea baino, bestela bezala, naturaltasunez»
IRENE ARRARATS Euskaltzain osoa
Asmo handiak
Gogora ekarri ditu garai hartako asmo handiak: «Mundu osoa eta mundu guztiak euskarara ekarri nahi genituen, egunero». Orain baino urriagoak ziren horretarako bidea ematen zuten tresnak. Erabakigarriak izan ziren, bada, lehen ahaleginaren atzetik sortu ziren estilo liburuak: 1992an lehena, 1995ean bigarrena, 2001ean hirugarrena. Era berean, Euskaltzaindia hizkuntza «finkatzeko» egiten ari zen ahaleginean laguntzeko ezinbestekoa izan zen mundua euskaraz esplikatu nahi zuten kazetari haien jarduna. «Zer hoberik arauen eta gomendioen berri jakinarazi eta airez aire zabaltzeko, nork bere testuetan erabiltzea baino, bestela bezala, naturaltasunez».
«Txostenera, moketa-eta zoko-usaineko prosa teknokratiko gordina kazetaritzatik haizatzea izan dugu lanik printzipalenetako bat»
IRENE ARRARATS Euskaltzain osoa
Aldaparik «labainenak» non izaten diren gogoratu du. «Txostenera, moketa-eta zoko-usaineko prosa teknokratiko gordina kazetaritzatik haizatzea izan dugu lanik printzipalenetako bat, idazkera haizeberritu ahal izateko». Zalantzak, halaber, egunero sortzen dira, idazten den albiste bakoitzean gehienetan, eratzen ari diren mundu berrien hegietan jarduten baita hain sarritan kazetaritzan. «Kontzeptu berriak adierazi beharra maiz-maiz egokitzen zaio eguneroko kazetaritzan ari denari, eta, askotan, alferrik joko du hiztegietara, goizegi baita behar duen hori jasoa izan dezaten». Hor egiten diren hautuek garrantzi handia dute: gizarteratzerako bidean jartzen baitituzte hedabideek. «Estilo liburuak eta gure testuek, beste askorenekin batera, langai ugari baino ugariagoa ematen diete hiztegigileei eta ikertzaileei, egiazko hizkuntza baitu Euskaltzaindiak aztergai eta bizigai, eta ez inola ere bolizko dorreetan sortutako asmakeriak».

«Gizakion esku ote dago hitza oraindik? Adimen artifizial sortzailea deitzen duten plagio software horren ondorioz, bukatua da, itxuraz behintzat, hizkuntza gizakiaren monopolioa zeneko garaia»
IRENE ARRARATS Euskaltzain osoa
'Zer duzu?' apal apaina
Kazetaritzaren ajeak hizpide, «klixeak» dakartzaten arazoez abisu eman du. «Lelo horietako batzuk estilo pobre eta maiztuaren erakusgarri baino ez dira, aspergarriak eta astunak estilistikoki, baina kaltegabeak mundu ikuskerari eta munduari berari dagokienez. Beste batzuk, ordea, pozoitsuak dira», ohartarazi du. Eta teknologia berriek dakartzaten galdera berrien inguruan ere jardun du. «Gizakion esku ote dago hitza oraindik? Adimen artifizial sortzailea deitzen duten plagio software horren ondorioz, bukatua da, itxuraz behintzat, hizkuntza gizakiaren monopolioa zeneko garaia».
Horri buruz gogoetatu behar dela esan du. «Euskaltzaindian, esaterako, pentsatu beharko dugu aurrerantzean nola osatu corpus fidagarriak, hizkuntzaren bilakabide humanotzat har ez dezagun makinak artifizialki moldatutakoa», esan du. «Pentsatu beharko dugu nola salba ditzakegun makinak probableenaren mesederako baztertuko dituen aukera linguistiko zilegizkoak, direla euskalki jakin batekoak, direla erregistro jakin batekoak, edo, besterik gabe, zer egin dezakegun makinak aukera bakar bihur ez dezan 'Zer gertatzen zaizu?' galdera, 'Zer duzu?' apal apaina zokoraturik».