Asparreneko (Araba) lurretan eguzki parkea eraikitzeko asmoak egun batetik bestera lurrundu dira, goizaldeko ihintza eguzkiaren argitan nola. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri du udalerri horretan eraikitzekoa zen 6.150 plakako eta lau megawatteko potentziako eguzki parkea ez dela eraikiko, Magna FV SM enpresa bultzatzaileak egitasmoa bertan behera uzteko eskatu baitio Industria sailari. Eusko Jaurlaritzaren administrazio baimenak zituen proiektuak, baita «onura publikorako» izendapena ere.Â
Enpresak, ordea, ez ditu Arabako Foru Aldundiaren tramiteak gainditu. Hain zuzen ere, Magna FV SMk eguzki parkea bertan behera uzteko egitasmoa «bideraezin bihurtu» dela argudiatu du. Bat-bateko bideraezintasun horren arrazoia aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunerako zerbitzuak emandako txostena da, txosten horrek adierazten baitzuen egitasmoa ez zela egokitzen udalerriko hirigintza plangintzara eta eskualdeko lurralde antolamenduko plangintzara.Â
Aldundiaren zerbitzuaren txostena baino lehen, hainbat elkarte ekologistek antzeko arrazoiengatik errekurritu zituzten Eusko Jaurlaritzak eguzki parke horri emandako baimenak. Biharko Lautada, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik elkarteek salatu zuten egitasmoak ez zuela lurralde antolamendu planak ezarritako 500 metroko gutxieneko distantzia betetzen. Izan ere, plan berriaren arabera, distantzia hori gorde behar dute halako azpiegiturek herriekiko.Â
Bestelako kexak ere sortu zituen egitasmoak: aipaturiko elkarteen arabera, egitasmoak «interes ekologiko handiko» lurrei eragingo lieke, eta Araba Erdialdeko Paisaien Katalogoan jasoriko hainbat eremuren itxura aldatuko luke. Ustezko albo kalte horiek ez dira orain jazoko, 1,5 milioi euroren aurrekontua eta 5,22 hektareako azalera zuen eguzki parkea ez baita azkenean eraikiko, enpresa bultzatzaileak hala eskatuta.Â