Nafarroako aurrekontuak

EH Bilduk «urrats garrantzitsutzat» jo du Txibiterekin izandako bilera

Koalizio abertzaleak zergen zein aurrekontuen inguruko proposamen bat helarazi dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari, eta erantzunaren zain geratu da. Navarra Sumaren ustez, «zoritxarrez, egun historikoa» da, Txibite EH Bildurekin bildu delako.

Maria Txibite, Elma Saiz, Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz, gaurko bileran, lehendakariaren bulegoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2019ko azaroaren 27a
09:35
Entzun

Lehenik Navarra Suma, eta gero EH Bildu. Maria Txibitek badaki 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzeko bi talde parlamentario horietako baten beharra izango duela, eta gaur arratsaldean talde bakoitzeko ordezkaritzarekin batzartu da. Gobernuak ez du adierazpenik egin nahi izan; bai, ordea, taldeek. Navarra Sumaren ordezkaritza Javier Esparzak eta Maria Jesus Valdemorosek osatu dute. Bileraren ostean, «atsekabetuta» agertu da Esparza, eta «iraingarritzat» jo du Txibitek EH Bildurekin parekatu nahi izan dituelako. «Navarra Suma ez dago EH BIlduren pare». Aitzitik, EH Bilduko Bakartxo Ruizen irudiko, «urrats garrantzitsua da» bilera egin izana.

Udan, Txibiteren inbestidurari begirako negoziazioetan, PSNk betoa jarri zion EH Bilduri, eta, horregatik, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du gobernuak 2020ko aurrekontuaren edukia plazaratu aurretik eurekin negoziatu beharra. 17:15ean bildu dira Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz Maria Txibite eta Elma Saiz gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin. Koalizioak dokumentu bat eman dio gobernuari, bai aurrekontuaren edukien ingurukoa, bai diru sarreren arlokoa. Halaber, negoziazioaren esparruaren inguruko planteamendu bat egin du EH Bilduk. Ruizen irudiko, «sintonia ona» egon da, baina, era berean, jabetzen dira desadostasunak dituztela bi aldeek: «Hala ere, alde positiboarekin geratzen gara. Gobernuak konpromisoa hartu du dokumentu horretan egiten diogun planteamenduari erantzuna emateko».

Negoziazio orok eskatzen duen konfiantzari begira, Ruizek nahiago izan du edukiaren berri ez eman. Azaldu du sozietate zergan hainbat aldaketa egitea proposatu dutela diru sarreren atalean. «Aurrekontuek bere osotasunean onartuak izateko, gure ustez jarraituko beharko lukeen bidea proposatu dugu, eta, horretarako, beste behin geure borondatea azaldu dugu. Bigarrenik, zerga arloan gobernuak jada proposamenak egin dituenez, gure neurri zehatzak mahaigaineratu ditugu, eta horiek zuzenketa bidez aurkeztuko ditugu». Ruizen arabera, diru sarrerak igotzea izango dute helburu. «Hainbat kontutan bilketa murriztea proposatu dutenez, hori gerarazi nahiko genuke», gaineratu du. Aurrekontuei begira, EH Bilduren ardatzak izango dira «justizia soziala, gizarte eskubideak eta lurralde oreka».

Ruizen aburuz, Gobernuak zein PSNk «zentzuz» jokatu beharko lukete, aurrean bi bide baizik ez dituelako: Navarra Suma edo EH Bildu. Ruizek nabarmendu du gaurko bileran eskuineko koalizioak ez duela «paper bakar bat ere aurkeztu». «Nafarroako Gobernuak ezkerrera begiratuko duten aurrekontu batzuk onartu nahi baditu, zenbakiek eta parlamentuko osaerak berak adierazten du soilik EH Bildurengana jo dezakeela».

Navarra Suma, haserre
EH Bildurekin bildu aurretik, 16:00etan, Navarra Sumako ordezkaritzarekin egon dira Txibite eta Elma Saiz. Bilera amaituta, Esparzak, haserre, adierazi du EH Bilduk exijitutako bileraren argazki hori eman diola Txibitek. «Denok jabetzen gara zergatik egin duen bilera bat 16:00etan eta beste bat 17:00etan. Dena den, guk arduraz jokatu nahi izan dugu». Haren irudiko, orain Txibiteren eskuetan dago norekin ailegatuko den akordiora. «Gaurkoa, zoritxarrez, egun tristea da, presidente sozialista bat EH Bildurekin bildu delako bere bulegoan. Normaltasun erabatekoa eman nahi izan diote, EH Bildu beste alderdi politiko bat balitz bezala. Ez, ez gara denok berdinak».

Negoziazioari begira, Esparzak batik bat zerga politikari eman dio garrantzia, aurrekontuen gainetik. Gaur-gaurkoz, gobernuak diru sarreren gainean hiru lege proiektu aurkeztu ditu: bata, 2014tik 2018ra bitarteko amatasun laguntzen kenkarien gainekoa; bigarrena enpresa ondasunen zerga kentzea;  eta hirugarrena, hainbat zergetan aldaketak egitea (nagusiena errenta zergaren deflaktazioa, inflazioaren eragina apaltzeko asmoz).

Esparzaren irudiko, proposamenak arlo teknikoko moldaketak dira, eta «funtsezkotzat» jo du Uxue Barkosen agintaldian familiek «errentan galdutakoa» berreskuratzea edo enpresen lehiakortasunari begira Nafarroa «berriro erakargarri» egitea. Haren ustez, iraganean PSNren eta UPNren arteko akordioek helburu hori lortu zuten, eta orain ere, ildo beretik, zerga politika sakon aldatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Adierazpenik ez; PSNk oharra

Bileraren ostean, ez Maria Txibitek ez eta Elma Saizek ez dute adierazpenik egin nahi izan. Txibitek beste konpromiso bat zuen, eta jauregia utzi du EH Bilduren bilera amaitutakoan. Dena den, PSNk ohar bat kaleratu du, eta Txibiteren zein gobernuaren «lidergoa» azpimarratu du. Ramon Alzorriz PSNko eledunaren ustez, «beste garai bat» da, eta gobernuak parlamentuko talde guztiekin elkarrizketa izateko konpromisoa du. Oraingoan, xedea aurrekontuen inguruko negoziazioa izango da.

Baliteke Txibitek EH Bildurekin izandako bilerak harrabots handia eragitea Nafarroatik kanpo. Horren jakitun dira sozialistak, eta, horregatik, Alzorrizek zehaztu du elkarrizketa horietan ez direla zalantzan jarri ez autogobernua ez eta Nafarroako erakunde edo sinboloak ere.

Lehen bilera eginda, gobernuari aurreproiektua onartzea falta zaio. Atzo, Maria Txibitek aurreratu zuen 2020ko aurrekontuen aurreproiektua «abendu amaieran edo urtarril hasieran» onartzea espero dutela. Hainbat erakundetatik igaro ostean (Gizarte eta Ekonomia Kontseilua, kasu), parlamentura igorriko da testua. Horrek esan nahiko luke balitekeela urtarril amaieran aurrera ateratzea aurrekontuak. Betiere akordioa baldin badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.