Eusko Legebiltzarrerako bozak

EH Bildun buru biko eskema finkatzeko

Otegik Bateraguneko inhabilitazioa ez du kontuan hartu EAEko bozetan lehendakarigai ez izateko. Bere taldeko koordinatzaile nagusi funtzioa erabat bete nahi du, jarduera parlamentarioarekin bateratzen aritzeke.

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi, atzo, Donostan. JUAN HERRERO, EFE
enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 28a
08:23
Entzun

Arnaldo Otegik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) badu hauteskundeetara aurkezteko eragozpen bat gaur-gaurkoz: Bateragune auziko epaiko inhabilitazioa; 2021eko otsailera arte ezin da hautagai izan. Duela lau urteko martxoan atera zen espetxetik, osorik beteta kartzela zigorra, eta EH Bilduk hura aurkeztu zuen lehendakarigai Eusko Legebiltzarrerako 2016ko iraileko bozetan. Inhabilitazioagatik, baina, Otegi ezin izan zen aurkeztu. Espainiako auzitegiek helegiteez ebatzi artean bederen, zigor hori du, baina hori ez da izan aurten lehendakarigai ez aurkezteko arrazoia. Izan ere, EH Bilduko koordinatzaile nagusi funtzioa oso-osorik bete nahi du, dinamika parlamentarioarekin bateratzen jardun gabe. Horrela, adibidez EAJk bezala, buru biko eskema izango du EH Bilduk: talde politikoko burua eta —haren kasuan, EAEko eta Nafarroako— zerrendaburu instituzionala. Eskema horren alde egin dute Otegik eta EH Bilduk.

Bateragune auziko inhabilitazioa dela eta, Otegiren defentsak helegite bat aurkeztuta dauka Auzitegi Gorenean, eta beste bat Konstituzionalean: Gorenean, Auzitegi Nazionaleko 2011ko epaiaren berraztertze helegitea —2018 amaieran, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak injustutzat jo zuen epaiketa—; Konstituzionalean, hautagai izatearen «oinarrizko» eskubideari buruzkoa. Bi auzitegiek ez dute eperik helegiteaz ebazpena emateko, baina defentsak bozen aurretik epaileei eskatuko balie iritzia emateko Otegiren parte hartze eskubideaz, baleudeke aukerak baimena jasotzeko. Otegik, ordea, aldagai eta hipotesi judiziala ez ditu kontuan hartu zer egin erabakitzeko.

Iazko martxoan BERRIAk elkarrizketa egin zionean, «zer eskatzen dizu barruak, aurkeztea?» galderari, «garbi» ez zuela erantzun zion. Sasoi hartan, bai, baina ez eta ez, baina bai bezala zebilen. Hau da, bera aurkeztearen alde onak ikusten zituen, baina baita ez hain onak ere. «Iraganarekin lotu nahi al zaituzte?»: «Saiatzen dira, eta saiatuko dira. Gu garena gara, eta ez dugu ezkutatzen. Hori bai, zailagoa dute gure kide batzuk iragan jakin batekin lotzea». Dena dela, iraganaren hori ere ez da izan oraingo erabakiaren faktore erabakigarria. Eta, gaur egun bezala, orduan ere esaten zuen «talde ona» dutela EH Bildun.

Atzo jakinarazi zuen Otegik berak, Donostian, EH Bilduren Mahai Politikoak lehendakarigaia hautatzeko barne prozesuan Maddalen Iriarte (Donostia, 1963) proposatu diela bilkideei. Komunikazio taldeak igandean bidali zuen hautagaiaren berria emateko agerraldiaren deialdia, eta hedabide batzuek iradoki zuten, eta bakarren batek argitaratu ere bai, Otegi izango zela lehendakarigaia. Hark berak atzoko prentsaurrekoaren hasieran esan zuen sumatzen zutela «espektatiba handia» zegoela. EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, bada denbora pixka bat Mahai Politikoan «garbi» zeukatela Iriarteren aukeraren alde egitea. Mahai gainean erabakiaren gaia, berriz, azkeneko asteetan egon da.

Lidergo sendoen eta lan partekatuaren alde mintzatu zen atzo Otegi. Ildo horretan, buru biko eskema finkatzeko xedea du EH Bilduk, eta nazio ikuspegia aintzat hartu dute.

Legebiltzarkide ere ez

Aipatutako bi politikariak azaldu ziren hedabideen aurrera, biak mintzatu ziren, eta ordu erdi bat iraun zuen agerraldiak. Bi galdera soilik egin zituzten kazetariek: ea barne prozesuan beste inor aurkeztu den, eta ea beste izenik egon den mahai gainean. Otegiri ez zioten galdetu ea zerrendetan behintzat joango den. Ustekaberik ezean, zerrendetan ere ez da egongo, edo ez, behintzat, legebiltzarkide ateratzeko postuetan. Erabaki garrantzitsua izan da harentzat. Uztailean 62 urte beteko ditu. Hamalau urte egin ditu preso, eta azkeneko bi hamarkadatan era askotako presioa eduki du.

Instituzioetako eguneroko jardueratik kanpo —EAEko legebiltzarkide izan zen 1995-2005 artean—, funtzio politiko garbi eta zehatza jokatu nahi du EH Bilduko koordinatzaile nagusi modura, eta erritmo bizi batean segituko du. Datozen egunetan hedabideetan elkarrizketak ematekoa da, hauteskunde kanpainan asko azalduko da... EAEn EAJren alternatiba eratzeko egitasmoa du, eta baikor dago, iaz BERRIAn agertu zen moduan: «Duela 40 bat urte erabiltzen genituen kontzeptuak orain ari dira besteak erabiltzen: ingurumenaren arloan, berdintasunarenean... Balio horiek hedarazi ditu ezker abertzaleak, eta, ez dakit noiz, baina hegemonia sozial hori hauteskunde hegemonia bilakatuko da».

Era berean, Otegiren «nazio ikuspegia berreskuratzea» da «obsesioa». Uste du «esparru bat eraiki» behar dela «erronka nazionalez» hitz egiteko. «Eztabaida estrategiko baten beharra daukagu, baina ezin da izan ekimen alderdikoi bat».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez baditu aurreratzen, aurtengo irailean izango dira hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.