Euskal Hirigune Elkargo berrituaren lehen batzarra egin dute gaur, lehendakaria hautatzeko. Aukeraz baliaturik, EHEko kideak Baionako Arteen Hirira agertu dira goizean, batzarrera heldu ziren hautetsien aitzinera, eta bakoitzari eskakizun orri bat banatu diote: Baionako epaitegian euskaraz deklaratzeko eskubidea izatea exijitu diezaiotela Frantziako Estatuari.
Ikusi gehiago
Hain zuzen ere, joan den otsailaren 5ean, EHEko lau militante epaitu zituzten Baionan, baina euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu zitzaien. Eta, justu aste honetan, epaiaren idazkia jaso dute akusatuek. Orduan, lehen batzarraren hitzordua zela eta, ez dute huts egin: haien kontrako epaiketa «politikoa» zelakoan, «erantzun politikoa» galdegin diete 232 hautetsiei, batzarrera sartzen ari zirela.
Gainera, delako epaiketa onartzen ez dutela adierazteko, epaiaren idazkia urratu dute, eta paper urratua berari zuzendutako gutun batekin bidali diote gibel epaileari. Orokorrean, errepikatu dituzte EHEkoei egokitu zaizkien epaiketetan militanteek barran aldarrikatu izan dituztenak: batez ere, azpimarratu dute ez dela «zilegizkoa» epaitegi batean «norbaiti jatorrizko hizkuntzan deklaratzea debekatzea», halako erabakiek «euskaldunak bigarren mailako herritar egiten dituztelako».