EHUko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak gaur onartu du erakunde horretako 2026ko aurrekontua: 573.965.638 euroa izango da, guztira; 2025ean baino %3,68 handiagoa. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu 423,5 milioi euro, unibertsitate publikoa finantzatzeko; iaz baino %5,14 gehiago. Joxerramon Bengoetxea errektoreak esana du, ordea, seiehun milioi euro beharko liratekeela unibertsitatea «kolapso» arriskuan ez jartzeko. Bada, «ados jartzeko prest» agertu da Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua.
Ohikoa denez, aurrekontuko diru partida nagusia langileen gastuena da berriro ere, 424,5 milioi euroko zenbateko metatuarekin: aurreko ekitaldian, 407 milioi bideratu zituzten horretara. Gastu arrunterako, berriz, 95,2 milioi euro jarriko dituzte: iaz baino 2,54 miloi gehiago. Besteak beste, eraikinen mantentze eta funtzionamendu gastuak barne hartzen ditu partida horrek.
Bestalde, ia 49 milioi euro —iaz baino %4,02 gehiago— erabiliko dituzte inbertsioetarako: horien artean, 25 milioi Bilboko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren eraikina altxatzen jarraitzeko. 2024an hasi ziren egiten, eta datorren urtean amaitzea aurreikusten dute. Ikerketa arlora, 69 milioi euro bideratu dituzte, eta ia 8 milioi euro ekipamendu informatikora.
Ander Errazti, EHUko gerente berria
Era berean, aurrekontua aldatzeko 31 proposamen baliozkotu eta onartu dituzte: aldaketa horien zenbateko metatua 323.820 eurotik gorakoa da. Diru hori guztia bideratu dute altzariak eta irakaskuntza eta zientzia ekipamendua erostera, baita EHUko sailetako informatika zerbitzuetarako ere. Azkenik, EHUko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartu egin du errektoreak egindako proposamena, Ander Errazti EHUko gerente izendatzekoa. Erraztik Javier Varona ordezkatuko du; azken horrek 2021az geroztik bete du kargua.