Iaz 2026ko aurrekontuak aurkeztu zituztenean, are ageriago geratu zen nolako desadostasunak dauden Eusko Jaurlaritzaren eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko buruen artean unibertsitate publikoaren finantzaketari dagokionez. Urtebete beranduago, ordea, Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak uste du «egoera bestelakoa» dela. «Ez dut esango pozik nagoenik, baina egoera askoz hobea da: ez gatoz bat beharren izaeran eta tamainan; hala ere, horrek ez du esan nahi ados jarri ezin gaitezkeenik», adierazi du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko arduradunak. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak joan den astean onartu zuen 2027ko aurrekontuetan 461 milioi euro ematea EHUri. Joxerramon Bengoetxea errektoreak esana du, ordea, seiehun milioi euro beharko liratekeela unibertsitatea «kolapso» arriskuan ez jartzeko.
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak egindako iruzkinari erantzunez egin ditu adierazpenak gaur Perez Iglesiasek, Eusko Legebiltzarrean; han aurkeztu baititu Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko 2027ko aurrekontuak. Eusko Jaurlaritzak atzo ekin zion aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean aletzeari, eta, ezustekorik ezean, aurrera aterako dira, erakunde horretan gehiengoa baitaukate EAJk eta PSE-EEk, EAEko gobernuko bi kideek, alegia. Bada, 698 milioi euroko aurrekontua izango du Perez Iglesias buru duen sailak: aurreko ekitaldian baino %6 handiagoa.
698
Saileko aurrekontua zenbatekoa den, milioitan. Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 698 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an: aurreko ekitaldian baino %6 handiagoa.
«Zientzia, unibertsitate eta berrikuntza arloko historiako aurrekonturik handiena da. Horrela, ezagutza zientifikoa sortzeko, transferitzeko eta zabaltzeko konpromisoa indartzen dugu; ongizatea sustatzeko eta gizarte kohesioa indartzeko funtsezko zutabeak baitira horiek», azpimarratu du sailburuak. Aurrekontu osotik, 530,4 milioi euro unibertsitate sistemara eta goi mailako prestakuntzako beste zentro batzuetara bideratuko dituzte, hala nola Musikene, GOI Goi Mailako Online Institutura eta IMH Elgoibarko (Gipuzkoa) Makina-erremintaren Institutura. Bestalde, 163 milioi jarriko dituzte ikerketarako eta berrikuntzarako, eta 5,1 milioi beste helburu batzuetarako.
EHUrako finantzaketa 29,1 miloi euro handitu da, eta, guztira, 461 milioi eurokoa izango da. Kopuru horretatik, 370,9 milikoi ohiko ekarpenari dagozkio, 45,1 milioi kontratu programari, eta 20,1 milioi irakasleen ordainsari osagarriei. Azkenik, 25 milioi euro jarriko dituzte Urte Anitzeko Azpiegituren Planerako. Perez Iglesiasek nabarmendu du «duela hiru urte baino 75 milioi euro gehiago» bideratuko dituztela EHUra.
Ikasleen beharrak
Perez Iglesiasen azalpenen ostean iritsi da alderdi politikoen txanda: Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak Unibertsitate Sailaren eta EHUren arteko «etengabeko elkarrizketa» eskatu du, eta unibertsitate publikoaren «egiturazko beharrei» aurre egiteko, «finantza nahikotasuna lortzeko». Hala ere, aitortu du Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko harremana «egonkortu» egin dela.
Ikasleen «kezkak» ere helarazi dizkio Aztiriak Perez Iglesiasi: EHUn ikasten dutenen %80k uste dute matrikulak garestiak direla, eta beste horrenbestek bekak ez direla nahikoa, Ikasleen Kontseiluak egindako galdeketaren arabera. Ikasle egoitza «gutxi» daudela eta unibertsitaterako garraio publikoan arazoak daudela ere aipatu du EH Bildukoak: «Badakigu ez dela sail honen ardura, baina sail honek harremanetan jarri beharko luke gainerako erakundeekin, arazoak konpontzeko», esan du.
«Zientzia, unibertsitate eta berrikuntza arloko historiako aurrekonturik handiena da. Horrela, ezagutza zientifikoa sortzeko, transferitzeko eta zabaltzeko konpromisoa indartzen dugu»
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIASEusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua
Perez Iglesiasek, ordea, zera erantzun dio: «Ulertzen dut ikasleek asko ordaintzen dutela esatea, baina hamabi urte daramatzagu tasak izoztuta. Kontuan hartuta bizitzaren kostua zenbat garestitu den, gero eta txikiagoa da ikasleen ekarpena». «Nik ez nuke esango horrenbesterako denik ordaintzen dutena», gehitu du errektoreak. Gazteen gaur egungo bizi baldintzak berdinak ote diren galdetu dio Aztiriak.
Muriel Larrea PPko legebiltzarkidearen ustez, zientziaren, unibertsitatearen eta berrikuntzaren alde egitea «ez da soilik %7ko igoera onartzea»: «Euro bakoitzarekin lehiakortasuna, hezkuntza bikaintasuna eta talentua erakartzea lortuko dugula ziurtatzea ere bada». Hori dela eta, eskatu du aztertzeko ea aurrekontua benetan helburu horiek lortzera bideratuta dagoen.
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien artean, EAJko Ainara Zelaiak EHUren «inbertsio maila» goraipatu du: «EHUk jasotzen du unibertsitateetara bideratutako aurrekontuaren ia %96». Azkenik, Itxaso Asensio PSE-EEko legebiltzarkideak azpimarratu du unibertsitate irakaskuntzako programa 456 milioi eurotik 481 milioi eurora igo zela 2026an, eta ia 511 milioira 2027an: «54 milioitik gorako igoera bi ekitalditan».
IKERKETA ETA BERRIKUNTZA
- Ikertzaileen prestakuntza, hobekuntza eta mugikortasuna. Ekimen horiek guztiek 51,6 milioi euroko zuzkidura izango dute, 2026an baino %8,4 handiagoa, goi mailako talentu zientifikoa erakartzeko eta bertan errotzeko egitasmoak barne.
- Ikerketa eta berrikuntza azpiegituren finantzaketa. 30,7 milioi eurora murriztu da, Ikerbasqueren eta DIPC Donostia International Physics Center zentroaren eraikinak altxatzen amaitu baitute. Azpiegituretako inbertsioen multzoak %6,6ko beherakada izango du 2027an.
- Ikerketa eta berrikuntza proiektuen finantzaketa. 72,1 milioi euroko zuzkidura izango du, 2026an baino %8,9 handiagoa.
- Bestelakoak. Ezagutzaren gizarte hedapenerako jarduerek, digitalizazio programek eta Innobasqueri eta Euskampusi emandako laguntzek 9,4 milioi euroko zuzkidura bateratua izango dute, aurreko ekitaldikoa baino pixka bat handiagoa.