Ehun hizkuntzen lurraldea

Aniztasuna jagoteko eta sustatzeko deia egin dute, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna dela eta

Jaurlaritzako eta Euskal Pen Klubeko kideak, agiriaren aurkezpenean. L. J. / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Guztion etxe, guztietarako zubi. Hala irudikatu dute euskara Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren manifestua sinatu dutenek. Eta izenburu horixe jarri diote agiriari: Euskara, guztion etxe, guztion zubi. Euskal Herrian hamaika hizkuntza erabiltzen direla jakitun, guztiei harrera egin eta begirunea adierazi nahi diete. Eta hizkuntza horiek erabiltzen dituztenei jakinarazi euskararen babespean aterpea eta elkarren arteko lokarria aurkituko dutela.

Euskal Pen Klubak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatu dute agiria. Bat etorri dira: hizkuntza aniztasuna aberastasuna da, begirunez hartu eta zaindu beharrekoa. Izan ere, ehun hizkuntza baino gehiago erabiltzen dira Euskal Herrian, Ikuspegik eta Unesco Etxeak egindako ikerketen arabera. Horietako bakoitza da «mundua ulertzeko eta bizipen nahiz sentimendu sakonenak adierazteko tresna kuttuna».

Aniztasunaren gorazarre egin du agiriak, eta horren parte jarri du euskara. «Euskaratik eta euskaraz» nahi diete hizkuntza guztiei balioa aitortu, «euskara baita, bere lurraldeetan, guztion etxea eta guztion arteko zubia, elkarren errespetuaren gainean eraikitako aniztasunean».

Hizkuntza aniztasunaren alde egin du Patxi Baztarrika sailburuordeak ere «Oraindik asko dira aniztasuna eta elebitasuna arazotzat ikusten dituztenak. Baina arazoa, izatekotan, elebakartasuna da, ate asko ixten dituen muga baita». Gogoratu du munduan ohikoena dela hizkuntza bat baino gehiago jakitea, eta hizkuntza bakar batean aritzea, aldiz, salbuespena.

Era berean, nabarmendu du nolako garrantzia duen euskararen berreskurapen prozesuan beste ama hizkuntzak dituztenak euskarara erakartzeak. Hiztun horiek «mehatxu» barik «euskaldun berri potentzial» gisa hartzearen alde egin du Baztarrikak. «Hala egin ezean, pertsona horiek gaztelaniaren abaro gozoan hartuko dute aterpe». Ildo beretik mintzatu da Urtzi Urrutikoetxea Euskal Pen Klubeko presidentea: «Euskaldunok ondo dakigu zer den hizkuntza bat egoera minorizatuan egotea».

Otsailaren 21ean ospatu ohi da Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna, Unescok sustatuta, 1952an Pakistango estatu sortu berrian bengaleraren alde egindako mobilizazioak gogoan. Pen Club International elkarteak bere egin du egun hori; izan ere, idazle eta kazetari jazarriak babestea eta adierazpen askatasuna jagotea dira bere jarduera nagusiak. «Norbere hizkuntza galtzea da adierazpen askatasunaren urraketa garrantzitsuenetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.