Eusko Jaurlaritzak %8,25 handitu du EHUren diru laguntza

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu du 2027ko aurrekontuetan 461 milioi euro ematea EHUri. Joxerramon Bengoetxea errektoreak esana du, ordea, 600 milioi euro beharko liratekeela unibertsitatea «kolapso» arriskuan ez jartzeko.

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, EHUn egindako jardunaldi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, EHUn egindako jardunaldi batean. GORKA RUBIO / FOKU
14789412 kepa
2026ko urriaren 28a
13:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketan «azken mende laurdeneko igoerarik handiena» iragarri zuen Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, irailean. Ikasturte hasierako ekitaldian egin zituen adierazpenak, eta gogora ekarri zuen azken hiru urteetan unibertsitate publikora bideratutako dirua %10 handitu dela. Bada, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu du 2027ko aurrekontuetan 461 milioi euro ematea EHUri, 2026an baino %8,25 gehiago. Igoera hori, ordea, ez dator bat azken urteotan Joxerramon Bengoetxea errektoreak egindako finantzaketa eskaerekin, diru laguntza 340 milioi euro ingurutik 600 milioira handitu behar zela esan baitzuen iaz. EHUko buruak ohartarazi zuen baliabide faltak unibertsitatea «kolapso» arriskuan jar zezakeela.

EHUren 2027rako aurrekontu zuzkidura 461.171.367 eurokoa izango da; horietatik 369.195.249 euro gastu arruntetarako izango dira, eta 1.800.000 eurokapital eragiketetarako. Horrela jasotzen da Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo onartutako aurrekontu proiektuan. Laguntza horrek %8,25eko igoera dakar 2026ko aurrekontuetako 426.030.574 euroko diru partidarekin alderatuta.

Gainera, kontratu-programak finantzatzeko 45.053.567 euroko ekarpen osagarria, urte anitzeko inbertsio-plana finantzatzeko 25.000.000 euroko kredituak eta banakako ordainsari osagarriak finantzatzeko 20.122.551 euroko kredituak gehitu dira.

Ika-mikak finantzazioarekin

EHUk Gasteizen ireki zuen ikasturte berria, irailaren 14an, eta finantzaketa eta unibertsitatearen etorkizuneko eredua hizpide izan zituzten. Finantzaketa igotzeko konpromisoa Unibertsitate Lege berriarekin lotu zuen Perez Iglesiasek. Legeak EHUren finantzaketa Europako batez bestekoarekin parekatzea izango du helburu, sailburuak aipatu zuenez. «Baldintza ekonomikoek okerrera egiten ez badute, bost urtean Europako batez bestekora iritsiko gara», adierazi zuen.

Perez Iglesiasek gogora ekarri zuen gaur egun ikasle bakoitzeko 12.000 euro inguru bideratzen direla unibertsitate publikora. Haren esanetan, «zaila» da baliabide maila horiek dituen beste unibertsitate publiko bat aurkitzea.

Mezu hori, ordea, ez dator bat azken urteotan EHUko errektoreak egindako finantzaketa eskaerekin. Bengoetxeak EHUren izaera publikoarekin lotu zuen baliabide nahikoak izateko beharra.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA