«Gaztetxeak ezin dira makinekin desagerrarazi, gaztetxeak ez baitira horma batzuk soilik. Gaztetxeak herri memoria dira. Harremanak dira. Sare komunitarioak dira. Eta hori ezin dute eraitsi». Joan den maiatzaren 21ean hustu zuen poliziak Eibarko gaztetxea (Gipuzkoa), aurrez jakinarazi gabe, «modu autoritarioan eta inpunitate osoz», gaztetxeko kideek kontatu dutenez. Ordu hartan, gainera, gaztetxearen inguruan zeuden lau lagun identifikatu zituen poliziak, eta horietako bati isuna jarri. «Zuek gaztetxeak husten jarraitzen duzuen bitartean, guk haien aldeko borrokan jarraituko dugu!», adierazi dute.Â
Gaur egin dute gaztetxea hustu izana salatzeko agerraldia, eta adierazi dute gertatutakoa ez dela gaztetxe baten kontrako erasoa soilik, «herri antolakuntzaren aurkako» erasoa baizik. «Mezu bat bidali nahi izan dute: 'Hemen ez dago tokirik zuena bezalako proiektuentzat'. Baina oker daude». Halaber, gogoan izan dituzte dagoeneko hustu dituzten gaztetxeak, eta baita husteko arriskuan daudenak ere: «Elkartasun eta babes osoa egoera horietan dauden gaztetxe guztiei, ez dute lortuko. Aurrean izango gaituzue! Gaztetxeen aldeko borrokak ez du etenik!».
Gaztetxea hustu izana salatzearekin batera, «urteetan eraiki den herri eredu ustela» ere seinalatu dute. «Herri bat non interes ekonomikoak, eraikuntza enpresen negozioak eta udalaren irudi operazioak herritarren beharren gainetik jartzen diren behin eta berriz», adierazi dute. Izan ere, gazteen erranetan, udalarendako «deserosoa» da gaztetxea, ez baita negozio bat, ezta «lau urtean behin argazkia ateratzeko proiektu bat» ere. «Gaztetxea herriaren eremua da. Doako kultura egiteko lekua. Elkartzeko lekua. Politizatzeko lekua. Eztabaidatzeko lekua. Belaunaldi askoren topagunea. Eta hori guztia suntsitu dute interes ekonomiko pribatuen mesedetan».Â
Gogoratu dute 2010ean Tallarra gaztetxea hustu eta bota zutela, baina beste eraikin bat lortu zutela, eta oraingoan ere hala erantzunen duela herriak. Ez dutelako onartuko «herri eremuak interes pribatuen mesedetan suntsitzea», ezta Eibar «erakusleiho garbi eta turistiko bihurtzea» ere, herri bizitza deseroso guztia kanporatzeko asmoz».Â
Hala, galdera egin diete herritarrei: «Zer herri nahi dugu? Enpresa handien eta promozio instituzionalaren menpeko herri huts bat? Ala antolatzen den herri bizi bat?». Eta antolatzera dei egin dituzte, okupazioa eta autogestioa defendatzera. «Eibarko gaztetxeak aurrera darrai. Autogestioak aurrera darrai. Eta herri honek ez du isilik geratzeko asmorik. Mila makinek ez dute lorerik sortuko», borobildu dute.Â