Akusatuek Ekain Perrino jipoitu zutela ukatu dute gaur. Hala ere, guztiak zigortzeko eskatu dute fiskaltzak eta akusazio partikularrak: «Ekainek jo zituela diote, baina [Basauriko] Bizkotxalde plazan zeuden beste dozenaka gazteetatik inork ez zuen ikusi akusatuek aipatzen duten erasoa». Aitzitik, «Ekain baino ez zen zauritu gau hartan», aurpegiratu diete.
Perrinok herenegun deklaratu zuenaren arabera, «marikoi zikina» oihu artean jipoitu zuten 11 akusatuek, eta lekukoek Perrinoren bertsioa berretsi dute epaiketan. Horiek horrela, fiskaltzak gorroto homofoboagatik larriagotutako lesio delitutzat jo ditu gertakariak, eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuentzat; haietako batentzat aringarri bat eskatu dute adimen urritasunagatik.
Erlazionatuta
Gaur izan da epaiketaren hirugarren eta azken saioa Bizkaiko Probintzia Auzitegian, 2021eko ekainaren 6ko gauean Basaurin gertatutako eraso homofoboaren harira. Hain zuzen, akusatuek deklaratu dute gaur. Ustezko erasotzaileetatik hamarrek —haietako batek bideokonferentziaz— haien abokatuen galderei bakarrik erantzun diete, eta ukatu egin dute jipoian parte hartu izana. Beste batek, %48ko desgaitasun psikikoa duenak, ez du deklaratu nahi izan.
Akusatuen deklarazioak
Akusatuek esan dute auzipetuetako baten urtebetetzea ospatzen ari zirela, Bizkotxaldeko harmailen behealdean, bozgorailu batean musika entzunez. Deklaratu dutenez, Perrino hurbildu zitzaien musika aldatzeko eskatzera. «Ez nuela aldatuko esan nion, eta ´ijito zikina’ deitu zidan. Nik ‘payo zikina’ erantzun nion, eta orduan edalontzi bat bota zidan», azaldu du haietako batek.
Akusatuetako bakarrak aitortu du «zaplazteko bat» eman izana Perrinori eztabaida bat izan ondoren; eta beste batek haren bertsioa berretsi du. Beste bik esan dute «elkarri bultzaka» aritu zirela. Eta ustezko erasotzaileetako batek esan du biktimak betaurrekoak apurtu zizkiola «bi ukabilkadaz». Hori dela eta, bidezko defentsaren aringarria aplikatzea eskatu dute abokatuek.
Bestalde, auzipetuetako bik esan dute une hartan etxean zeudela, eta beste batek iritsi zenerako dena amaituta zegoela. Hitza hartzen azkenak deklaratu du Bizkotxalden zegoela, baina ez taldearekin.
«Marikoi zikina» eta halako irainak «eztabaidak eragindako beroaldian eginak» direla esan du akusatuen abokatuetako batek, eta gertatutakoa «botila festa batean izandako borrokatzat» jo
Biktimak besoetan, bizkarrean eta aurpegian zituen zauriak zerk eragin zizkion galdetuta, ordea, zera esan dute: «Gau horretan parkean edaten ari ziren 300 pertsonetako batzuek egingo zizkioten». Halaber, ukatu egin dute Perrinori «marikoi» edo «maritxu» deitu izana. «Kutsatuko gaituzu» esamoldeari dagokionez, zera esan dute: «Maskararik ez zeraman, eta COVIDa kutsatuko zigun beldur ginen», esan dute. Denek ukatu dute homofoboak izatea.
Abokatuek absoluzioa eskatu dute: «Mendeetan zehar diskriminatutako talde txiki bateko kideak dira, eta argi dago ez direla diskriminatzeko gai».
Haien esanetan, «marikoi zikina» eta halako irainak «eztabaidak eragindako beroaldian eginak» dira: «Ez dute osotasun moralaren edo gorrotoaren aurkako deliturik adierazten». Haren ustez, «botila festa batean izandako borroka bat» baino ez zen izan gertatutakoa.
Behin betiko ondorioak eta zigor eskaerak
Fiskalak argudiatu duenez, auzipetuek gezurra esan dute: «Ekainek jo zituela diote, baina Bizkotxalden zeuden beste dozenaka gazteetatik inork ez zuen ikusi haiek aipatu duten erasoa». Aitzitik, «Ekain baino ez zen zauritu gau hartan, atzo medikuek aurkeztutako txostenetan ikus daitekeen bezala».
Perrinoren kontrako erasoa homofoboa izan zela «guztiz frogatutzat» jo du fiskalak, «haren bikotekidea zena ezagutzen baitzuten». Horiek horrela, fiskaltzak gorroto homofoboagatik larriagotutako lesio delitutzat jo ditu gertakariak.
Akusazio partikularrak Espainiako Auzitegi Gorenak finkatutako jurisprudentzia aipatu du, «guztiak zigortzeko aukera bermatzen duena, bakoitzaren parte hartzea zenbaterainokoa izan zen zehaztu gabe»
Akusazio partikularraren arabera, berriz, lekuko batek gau horretan ateratako argazkiak eta biktimak eta lekukoek egindako identifikazioak «nahikoa» dira erasoa guztiei leporatzeko, «bakoitzak zenbat kolpe eman zituen frogatu beharrik gabe». «Hamaika akusatuak talde erasotzaileko kideak ziren», esan du, eta Espainiako Auzitegi Gorenak finkatutako jurisprudentzia aipatu du, «guztiak zigortzeko aukera bermatzen duena, bakoitzaren parte hartzea zenbaterainokoa izan zen zehaztu gabe».
Horrenbestez, akusazio partikularrak aldatu egin du gertaeren kalifikazioa, eta lesio delitutzat jo ditu. Osotasun moralaren aurkako delitu bat ere leporatzen die akusatuei; baita azpikeriaz egindako lesio delitu bat ere, «talde handi baten aurrean defendatzeko aukerarik izan gabe Ekaini ustekabean eraso ziotela» iritzita.
Gainera, 10.500 eurotik 12.000 eurora igo du biktimarentzako kalte ordainen eskaera, eraso horren ostean «ezin izan duelako bizitza normala egin», eragin zizkion lesio psikologikoengatik. Epaiaren zain geratu dira.