Ekain Perrinoren ustezko erasotzaileak alde egiten ari zirela identifikatu zituen Ertzaintzak

Bizkaiko Probintzia Auzitegian 11 pertsona epaitzen ari dira, 2021eko ekainaren 6ko gauean Basaurin gertatutako eraso homofoboaren harira. Aurreikuspenen arabera, epaiketa bihar amaituko da, akusatuek deklaratutakoan.

Akusatuetako batzuk epaiketaren atzoko saioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Akusatuetako batzuk epaiketaren atzoko saioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko martxoaren 10a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021eko ekainaren 6ko gauean Basauriko (Bizkaia) Bizkotxalde plazara bertaratu ziren ertzainek deklaratu dute gaur, Bizkaiko Probintzia Auzitegian egiten ari diren epaiketaren bigarren saioan. Ekain Perrino gazteari «marikoi zikina» oihukatu eta hura jipoitzea leporatzen diete 11 akusatuei, eta hiru urteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat. Bada, polizia agenteek adierazi dutenez, handik alde egiten ari zirela identifikatu zituzten ustez eraso homofoboan parte hartu zuten «taldekide guztiak». Gehitu dutenez, biktimaren eta lekukoen testigantzen bitartez identifikatu zituzten. Ustezko erasotzaileen argazkiak ere erakutsi zituzten lekukoek, aurkeztutako salaketan.

Perrinok 23 urte zituen jipoitu zutenean. Atzoko saioan esan zuenez, lagun batzuekin zegoen, Basauriko Bizkotxalde plazan —lagun talde ugari zegoen han—, eta beste gazte bat hura iraintzen hasi zen; gero, irainak kolpe bilakatu ziren. Gutxienez 11 gizonen artean jipoitu zuten azkenean, «marikoi zikina» eta bestelakoak oihukatzen zizkioten bitartean, eta konorterik gabe utzi zuten.

Erasotzaileek alde egin zuten, baina Ertzaintzak handik gutxira atzeman zituen akusatuak, Bizkotxaldetik gertu, aldean bozgorailu handi bat eta gitarra bat zeramatzatela. Gaur deklaratu duten agenteek ziurtatu dutenez, guztiak identifikatu zituzten; eta, ondoren, biktimak eta harekin zeuden lekukoek ere bai. Ustez erasoan parte hartu zutenen izenak eta sare sozialen bidez lortutako argazkiak aurkeztu zituzten lekukoek: «Lekuko bakoitzak taldekideetako bizpahiru identifikatu zituen».

Erasoaren ondorioz, Ekain Perrino hirutan bere buruaz beste egiten ahalegindu zela deklaratu du psikiatra batek

Psikiatra batek ere deklaratu du, akusazio partikularrak proposatutako peritu gisa. Galdakaoko Ospitaleko Unitate Psikiatrikoko beste profesional batzuekin batera, Perrino artatu zuen mediku horrek, eta gaztea «hainbatetan ospitaleratu» dutela nabarmendu du. Behin, 2023aren amaieran eta, birritan 2024an, «desoreka emozional handi baten eraginez, substantziak hartuta bere buruaz beste egiten saiatzeagatik». Hala azaldu du psikiatrak: «Erasoaren ondorioz, bolada nahiko txarra pasatzen ari zen. Izan ere, kontatu zigunez, familiarekin eztabaidatzen zuen, eta bikotekidearekin moztu ere egin zuen».

Akusatuen lekukoak

Akusazioak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du erasoan parte hartu zuen bakoitzarentzat, gorroto delitu bat tarteko zauriak eragin zizkiotelako Perrinori. Halaber, urruntze agindua ere eskatu du ustezko erasotzaileen aurka, bost urtean biktimarengandik bostehun metro baino gutxiagora egon ez daitezen. Gainera, 6.000 euroko kalte ordaina ere eskatu du akusazioak, kalte moralaren ordain gisa. Defentsak, ordea, absoluzioa eskatzen du.

Hain zuzen, akusatuen abokatuak proposatuta, «haurrak zirenetik» haiek ezagutzen dituen gizarte hezitzaile batek deklaratu du, eta zera adierazi: «Inoiz ez dut sumatu auzipetuek inor diskriminatzeko portaera izan dutela arrazagatik, erlijioagatik edo sexu orientazioagatik. Beti izan dira mutiko diziplinatuak, heziak eta arduratsuak».

Azaldu duenez, ustezko erasotzaileek esan zioten egun hartan lagun baten urtebetetzea ospatzen ari zirela Bizkotxalde plazan, eta «pertsona bat, bi neskarekin batera» hurbildu zitzaiela «musika kentzeko» eskatzera. «Haietako batek ezetz erantzun zion, lagun baten urtebetetzea ospatzen ari baitziren». Hezitzaileak gehitu duenez, auzipetuek kontatu zioten gazte hori irainka hasi zitzaiela eta «aurpegiratu ziotenean» hasi zela borroka.

Epaiketa bihar da amaitzekoa, akusatuak deklaratutakoan, eta Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta auzipetuen abokatuak behin betiko ondorioak azaldutakoan.

GASTEIZKO USTEZKO ERASOTZAILEETAKO BAT KANPORATU NAHI DUTE

Arabako Foru Aldundiak Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzari eskatuko dio joan den igande goizaldean Gasteizen izandako eraso homofoboaren harira identifikatutako hiru gazteetako bat jatorrizko herrialdera itzultzeko izapideak has ditzala, «erasoaren egilea» hura delakoan. «Aurretik ere egin ditu erasoak, eta oraindik ez da erabat egokitu integratzen lagundu nahi dion gizartera», adierazi du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak.

 

Biktimek salatu zuten Gasteizko Alde Zaharreko ostalaritzako lokal batetik atera eta Aldabe adingabekoen zentrora iritsi zirenean gazteak oldartu zitzaizkiela. Han bizi dira ustezko erasotzaileak. Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, lurrera bota, eta ukabilkadak eta ostikoak jo zizkieten, eta irain homofoboak egin. Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko zain daude ustezko erasotzaileak.

Gonzalezek zehaztu duenez, hiru gazte horiek Aldabetik «ihes egin» zuten gauean, baina gogorarazi du instalazio horiek ez direla «kartzela bat». «Ez zaie irtetea galarazten», gehitu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA