Eklipseak dakarrena eklipseak daroa

Normaltasuna da nagusi Gasteizen eklipsearen biharamunean. Abuztuko parte honetan ohi den bezala, jende gutxi dabil hirian, eta eklipsea ikustera etorriak ere alde egiteko bidean dira.

Eklipsea Gasteizko Olarizu mendian, atzo iluntzean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eklipsea Gasteizko Olarizu mendian, atzo iluntzean. IÑIGO URIZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko abuztuaren 13a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paradoxa bada ere, sitsak argi dirdiratsura nola, hala bildu dira milaka gizaki eklipsearen iluntasun mutua ikustera. Bildu bezain laster sakabanatu ziren atzo, ordea, eta eklipsearen hurrengo egunean apenas dagoen atzoko lilura astronomikoaren arrastorik. Olarizuko gainera joan zen atzo gasteiztar franko, fenomenoa ikusi nahian. Hamabi ordu inguru pasatuta, goizeko bederatzietan, lasaitasun mortua da nagusi gailurrean, eta ez da atzoko bilera handiaren arrastorik ematen duen ezer.

Apika, zabor pilaketatxoak dira lorratz bakarra. Janari poteak, patata poltsak eta horrelakoak daude, gurutze inguruan nahas-mahasean sakabanatuta, ezin jakin atzoko edo lehenagoko bisitarien arrastoak diren. Aztarna bakan batzuk dira, zalantzarik gabe, eklipse egunekoak: muinoaren ekialdean, Mendiolara jaisteko bidean, eklipserako pare bat betaurreko ageri dira, bide ertzean abandonaturik. Erabili eta botatzeko ohituraren erakusgarri, edo eklipsearen ikuskizunarekin desengainaturik, beharbada, hor jaurti dituzte jabeek, hurrengo eklipse baterako gordetzeko asmorik gabe.

«Etxerat banoazu»

Olarizutik hirira jaitsita ere, eklipsearen giza arrastoak aurki daitezke. Autobus geltokian da Ibrahim —ez du abizena eman nahi izan—, paristarra bera, Irunera (Gipuzkoa) doan autobusaren zain. Eklipsea ikustera etortzeko egindako epopeia kontatu du: «Berez, ez nuen oporrik, baina eklipsea ikustera etortzea erabaki nuen azken momentuan. Banekien Euskal Herrian ongi ikusiko zela; beraz, trena hartu nuen Hendaiara. Donostiara pasatu, eta han Euskotren hartu nuen, Lemoara (Bizkaia). Han, auto-stop egin nuen, eta bi gaztek Barazarko gainera ekarri ninduten. Handik Gorbeiara igotzea nuen asmoa, mendiaren mendebaldeko aurpegitik eklipsea ikusteko». 

Bisaian duen irribarre zabala ikusirik, argi dago ongi atera zitzaiola plana paristarrari. Eklipsea Gorbeia mendian ikusi ostean, gaur jaitsi da berriz Barazarrera, eta auto-stopean iritsi Gasteizera. Parisera bueltan doa orain, betiko bizimodura, etenaldi laburraren ostean. «Frantziako banku batean lan egiten dut, energia berriztagarrien finantzaketan», azaldu du Ibrahimek. Hor abiatu da, autobusean, betiko lanera, eklipsearen distira oraindik begietan duela. Bera bezala, gaur ere Euskal Herriko hirietan jende ugari ibiliko da aberrira itzultzeko garraio bila, eklipsearen eguna Euskal Herriko mendebaldean igaro ostean. 

«Eta gu hemen»

Oraindik hemen direnen artean, berriz, normaltasuna da nagusi. Florida parkeko kafetegiko barran, adineko bi emakume eklipse eguneko esperientzia kontatzen ari zaizkio elkarri: Burgos aldean igaro zuen batak, Gasteizen bertan besteak. «Han, argirik gabe, dena ikusiko zenuen ikaragarri ongi, ezta?», diotso bigarrenak lehenengoari. «Bai, horixe, liluragarria. Sekula bat ikusi gabea, eta eklipseak ikusi zalea izango nintzateke orain, baina beranduegi gure adinean!», egin dio arrapostu besteak, barrez. 

Horrelako elkarrizketak ugaritu dira gaur Gasteizko kafetegietan eta parkeetako eserlekuetan. Sare sozialetako egoerei eta argitalpenei begira ere, eklipsearen argazkiak dira nagusi; argi eraztun bat, iluntasuna kanpoan eta iluntasuna barruan. Oroitzapenez eta argazkiez landa, ordea, zaila da eklipsearen arrastoak kausitzea hirian, zeruko fenomenoak ekarritako joerak harekin batera desagertu baitira. 

Aurreko egunetako eromenetik sendatzen ari dira farmazia eta optiketako langileak. Ramiro de Maeztu kaleko botika bateko langilea da Oswaldo Perez, eta eskertu du aurreko asteetako jende ilarak bukatuta berriz lasai lan egitea: «Astelehen eta asteartean, batez ere, jende pila etorri zitzaigun eklipserako betaurrekoez galdezka, baina guk ez genuen batere, eskatutakoak ez baitzitzaizkigun iritsi. Hala ere, bata bestearen atzetik sartzen zen jendea». Gaur, berriz, Osakidetzako txartelean botikaren bat errezetaturik daukaten bezeroak baino ez dira ageri dendan, eta eklipsemaniaren zantzurik ez da. «Eskertzen da berriro lana lasai egin ahal izatea», egin du hasperen Perezek. 

Farmazietan betaurrekorik aurkitu ez zuen askok optika dendetara jo zuen. Denda horietakoek ere komeriak izan zituzten betaurrekoak lortzeko, eta eskertu dute eklipse ostean normaltasuna berreskuratzea. «Astelehenean banatu genituen azken betaurrekoak, eta atzo arte jendearen purrustadak jasan baino ez genuen egin», oroitu du, muturra okerturik, Virginia Basterrak, Gasteiz hiribideko optika bateko langileak. «Gaur goizean, bi edo hiru pertsona baino ez dira sartu. Bake santua!».

Ongi laburbildu du Basterrak egoera: abuztu goiz bateko Gasteiz honetan, lasaitasuna da nagusi. Eklipseak eragindako oihuak aspaldi itzali dira, eta ura bere bidean doa. Egunerokoak normaltasunera itzuli dira, eta eguzkia ez da itzali egunez. Ikustera bisitan etorri zirenak badoaz, eta, Benito Lertxundiren abestiak zioenez, «Beti gu hemen / zuhaitz bezala lurrean», zeruko kontuen lilura behin igarota. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA