Eguzki eklipsea (II). Informazio praktikoa

Eklipseetarako betaurrekoak jantzita eta joan-etorririk egin gabe, hobe

Abuztuaren 12ko eguzki eklipsea arriskurik gabe behatzeko hainbat gomendio eman dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Besteak beste, osasun arriskurik ez hartzea, hara-hona ibiltzeko aukera bermatzea eta ingurunea zaintzea lehenetsi dute.

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Virginia Garcia astronomoa, 'Bi ilunabarreko eguna' erakusketaren aurkezpenean, Gesaltza Añanan (Araba). EUSKO JAURLARITZA
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Virginia Garcia astronomoa, 'Bi ilunabarreko eguna' erakusketaren aurkezpenean, Gesaltza Añanan (Araba). EUSKO JAURLARITZA
14789412 kepa
2026ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Abuztuaren 12ko eguzki eklipse osoa gertaera historikotzat jo dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: aurreikusi dute, herritarren artean interes handia pizteaz gain, kanpoko bidaiari ugari erakarriko dituela, Euskal Herriaren hegoaldea inguru paregabea izango baita ezohiko fenomeno astronomiko horretaz gozatzeko, eguraldia lagun bada betiere. Eklipseaz arriskurik gabe gozatu ahal izateko, informazio praktikoa eta hainbat gomendio zabaldu dituzte agintariek: «Hartu lasai, kasu egin jarraibideei, eta informatuta egon une oro, iturri ofizialen eta komunikabideen bitartez», adierazi dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak jada abian du informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat eguzki eklipsea arriskurik gabe behatzen laguntzeko. Oinarrizko bi jarraibideri eman nahi diete garrantzirik handiena: batetik, gogorarazi dute betaurreko homologatuak —ISO 12312-2 ziurtagiria eta CE marka dutenak— erabiltzea dela eklipsea ikusteko «modu seguru bakarra». «Era berean, gomendatzen da betaurrekoak ondo daudela egiaztatzea erabili aurretik», gehitu dute.

Gainera, antiojoak erabiltzeko moduaz ere ohartarazi dute kanpainan: «Ez da komeni eguzkiari 45 segundoz baino gehiagoz begiratzea jarraian. Horren ordez, behaketa eta atsedenaldi laburrak txandakatzea komeni da». Hainbat oftalmologok —Henar Heras Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko medikuak, kasurako— uste dute gehienezko denborak laburragoa izan behar duela, 30 segundokoa hain zuzen.

KAMIOIAK IBILTZEKO DEBEKUA

Hasieran, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin zien kamioiei Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan ibiltzea abuztuaren 12an, eklipsea dela eta. Horren harira, baina, protesta egin zuten garraiolarien sindikatuek. Beraz, uztailaren 24an, Jaurlaritzak erabaki zuen debekua 17:00etatik 23:59ra murriztea, eta, biharamunean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen 24 orduko debekua. Azkenean, zazpi ordukoa izango da debekua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan ere kamioiek debekatuta edukiko dute ibiltzea 17:00etatik 23:59ra.

Bestalde, herritarrei eskatu diete eklipsea etxetik hurbil duten lekuren batetik behatzeko eta beharrezkoa ez den joan-etorririk ez egiteko, trafikoaren eta jende pilaketen ondoriozko arazoak ahalik eta gutxien izan daitezen. Halere, gomendio hauek eman dituzte bidaiatu beharko dutenentzat: bidaia aldez aurretik planifikatzea, garaiz iristea, itzulera mailakatua izatea, eta une oro Ertzaintzaren eta gainerako agintarien jarraibideak betetzea.

Aipatutako gomendioez gain, eklipsea.euskadi.eus webgunean egongo da eskuragarri eguzki eklipseari buruzko informazio praktiko guztia. Halaber, abuztuaren 12ra arte, telebistan, irratian, euskarri digitaletan eta sare sozialetan zabalduko dituzte aholkuak. Udal eta foru erakundeei ere helarazi dizkie horiek denak Eusko Jaurlaritzak.

Prest, baina zalantzati

Nafarroari dagokionez, hogei behatoki prest dituzte beste horrenbeste herritan, eguzki eklipseaz gozatu ahal izateko. Gehienak foru erkidegoko hego-mendebaldean daude, Erribera aldean, han aukera egongo baita eklipsea osorik ikusteko. Ekainean hasi ziren gune horietara joateko sarrerak saltzen: horietan 50.000 lagun baino gehiago batzea espero dute. Horiek horrela, dagokion udalaren esku egongo da behatoki bakoitzean neurriak hartzea, besteak beste, autobabeserako, surik ez pizteko eta batetik bestera mugitzeko aukera bermatzeko, Jose Joaquin Pascual Nafarroako Gobernuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko zuzendariak azaldu duenez. «Walkie-talkieak ere utziko dizkiegu, litekeena baita telefono sareek gainezka egitea», gehitu du.

Egokitutako behatoki guztietan izango dira informazio guneak bisitarientzat, baita aparkalekuak, itzalguneak, eta jakiak eta edariak erosteko guneak ere. Horretaz guztiaz gain, oinarrizko zerbitzuak egongo dira, hala nola ura eta komun publikoak.

«Larrialdi zerbitzuetako langile, foruzain eta suhiltzaile gehiago jarriko ditugu, egun horietan ez baita oporrik egongo. Hala ere, dauzkagun baliabideak mugatuak dira», ohartarazi du Pascualek. Hain zuzen, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko zuzendaria «kezkatuta» dago, ez baitakite zehatz-mehatz zenbat bisitari joango zaizkien kanpotik, ezta behatokietara joango ez diren bisitariek eta herritarrek eklipsea non eta nola ikusiko duten ere. Gauza bera gertatzen zaie Eusko Jaurlaritzako arduradunei.

Eusko Jaurlaritzak egin bezala, Nafarroako Gobernuak gomendatu du, besteak beste, beharrezkoa ez den joan-etorririk ez egiteko, Pascualen ustez, «litekeena baita errepideek gainezka egitea». «Eklipsea nork bere etxetik ahalik eta gertuen ikustea da onena», gehitu du Jokin Oroz Nafarroako Gobernuko Trafiko koordinatzaileak.

Bada, horrekin lotuta, garrantzi handikotzat jo dute autoa errepide bazterrean eta etxaldeetako sarbideetan ez uztea, bestela posible baita larrialdietako ibilgailuek modurik ez izatea bide horietatik igarotzeko. «Aztertzen ari gara hainbat errepide halako ibilgailuek bakarrik erabili ahal izatea», aurreratu du Pascualek.

Autoak zelai idorren gainean ez uzteko ere eskatu du Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko arduradunak, «motorraren beroak sutea pitz baitezake». Baliteke «tenperaturak 35 gradutik gorakoak» izatea, ohartarazi duenez, eta, horren harira, gogorarazi du debekatuta dagoela sua aisiarako erabiltzea —barbakoak egitea eta kanpin gasa baliatzea— landa eremuan.

EKLIPSEA IKUSTEKO GOMENDIOAK

  • Babestu zure osasuna eta gertukoena. Edan ura, eman eguzkitako krema, estali burua, eta ez egon eguzkitan denbora luzez, bereziki eguerdian eta arratsalde partean. 
  • Babestu begiak. Ez begiratu zuzenean eklipseari betaurreko homologaturik gabe: ISO 12312-2 ziurtagiria izan behar dute, eta CE marka. Egiaztatu iragazkia ez dagoela iraungita, eta antiojoek ez daukatela zulorik edo urradurarik. Haurrei adi egon: ziurtatu betaurrekoak ondo jarrita dauzkatela. Ipini filtro homologatuak argazki eta bideokamerei, prismatikoei eta teleskopioei.
  • Planifikatu bidaia. Erreserbatu ostatua eta antolatu joan-etorriak denboraz; baliteke eklipsearen egunean auto ilarak eta trafiko murrizketak egotea edo ezustekoren bat gertatzea.
  • Informatu, eta prestatu eraman beharrekoak. Begiratu iturri ofizialetan, eta kontuan hartu balitekeela hainbat zerbitzutan murrizketak egotea edo horiek gainezka egitea. Eraman ur, jaki, botika eta erregai nahikoa. Komeni da depositua egun batzuk lehenago betetzea. Jantzi arropa arina eta transpiragarria, eta oinetako erosoak; eta hartu beste janzkiren bat gauerako. Bete sakelako telefonoaren bateria edota eraman kanpoko bateria bat.
  • Ez oztopatu joan-etorriak eta lehenetsi segurtasuna. Ez zaitez gelditu errepide bazterrean eta etxaldeetako sarbideetan, ez ibili baso eta landa bideetatik autoz, eta ez itxi bidea larrialdietako ibilgailuei. Komeni da inguruetako mapak aurretik deskargatzea edo paperezkoak eramatea. Dena dela, ez egin alferrikako joan-etorririk eklipsearen aurreko edo ondorengo orduetan. Ahal bada, etxetik edo zauden herritik ikusi.
  • Txikiagotu su arriskua eta zaindu natura. Ez aparkatu landa eremu idorren gainean, arriskua baitago motorraren beroak sutea pizteko. Ez piztu inolako surik, eta ez bota ez zigarrokin pizturik, ez beirarik eta ez bestelako hondakinik zelaira. Errespetatu tokiko fauna, eta saiatu landaredia ez zapaltzen eta zaurgarriak diren guneetan kalterik ez egiten.
  • Lasai hartu itzulera. Autora itzuli aurretik, itxaron gutxienez 30 minutu eklipsea amaitu ondoren. Pertseidak ikusten gera zaitezke. Eduki linterna eskura, eta ez ahaztu ordezko pilak. Bidegurutzeetan, jarraitu agintarien argibideei.
  • Informazio gehiago: 'eklipsea.euskadi.eus' eta 'eklipsenavarra.com' webguneetan.

Nork bere burua babestea ere «nahitaezkoa» dela uste du Pascualek: komenigarritzat jo du, eklipserako betaurreko homologatuak erabiltzeaz gain, ibilgailuak beteta joatea, ura eta jantzi erosoak eramatea, eta mapak aurretik deskargatzea, besteak beste. Gomendio horiek eta beste asko eklipsenavarra.com webgunean jaso dituzte. Hala ere, Pascualek eskatu du arreta jartzeko aurreko aste eta egunetan iturri ofizialek komunikabideetan emandako argibideei.

Errepideko murrizketei dagokienez, Eusko Jaurlaritzarekin eta DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin elkarlanean ari direla jakinarazi du Orozek.

Pertseidak

Aurten Pertseidak ikusi nahi izanez gero, abuztuaren 12koa izango da izar uxo gehien igaroko den gaua. Horiek horrela, fenomeno astronomiko horretaz ere gozatzeko gonbita egin die Nafarroako Gobernuak herritarrei. Gainera, «gutxienez ordubete igaro arte itxaronez gero eklipsearen ondoren, zirkulazio nabarmen arinagoa izango da», adierazi du Orozek. Halaber, gomendatu dute linterna bat eskura izatea autora edo etxera itzultzeko.

HENAR HERAS, oftalmologoa

 

«Bost segundoz eklipseari zuzenean begiratzea nahikoa da begiak kaltetu daitezen»

Erradiografiak, beira ilunak eta eguzki betaurrekoak erabili ordez, beharrezkoa da eklipseetarako antiojo homologatuak jartzea, Herasek ohartarazi duenez. Argazki eta bideokamerek, prismatikoek eta teleskopioek ere iragazki homologatuak behar dituzte.
(ID_16217581) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-06-25, Iruñea. Henar Heras, oftalmologoa
Henar Heras, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko oftalmologoa. IÑIGO URIZ / FOKU

Henar Heras Mulero (Valladolid, Espainia, 1977) oftalmologoa da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, eta erretinan eta begietako ubeitis gaixotasunean aditua. Herasek argi utzi du betaurreko homologatuak ondo erabiltzea dela modu bakarra eguzki eklipseak begietan kalterik ez eragiteko. Zehaztu duenez, antiojoak ondo jarri behar dira, egoera onean egon behar dute, eta eklipseari ezin zaio jarraian  30 segundoz baino gehiagoz  begiratu. Oftalmologoak ohartarazi duenez, kalteak atzeraezinak izan daitezke. Horiek horrela, eskatu du haurrei arreta ipintzeko, betaurrekoak ondo jar ditzaten.

Zergatik da horren arriskutsua eguzki eklipse bati zuzenean begiratzea?

Egun arrunt batean jasotzen duten argi kantitatera ohituta daude begiak. Horrelako eklipseetan, ordea, ohi baino eguzki erradiazio handiagoa egoten da, batez ere begiek antzeman ezin duten argi espektroena: infragorria eta ultramorea. Ikusi ez arren, kaltea eragiten dute argi mota horiek. Gainera, eklipseari zuzenean begiratzeak ez du minik ematen, kalte eginda ere; eta horrek areagotu egiten du lesio larriak izateko arriskua.

Zer lesio eragin ditzake argiak begietan?

Eklipseari zuzenean zenbat denboraz begiratzen diozun, horren araberakoa izaten da kaltea: zenbat eta denbora gehiagoz begiratu, orduan eta handiagoak izango dira lesioak. Batzuetan, begiak berez osatzen dira, baina, beste batzuetan, atzeraezinak izaten dira lesioak.

Posible da itsu geratzea?

Bai, argiak begietako makula erretzen badu, gerta daiteke. Kontuan hartu behar da argazki kamerek bezala funtzionatzen dutela begiek: argia korneatik sartzen da, eta, kameretako diafragmen antzera, irisak kontrolatzen du zenbat argi sartzen den, ikusi ahal izateko. Horiek horrela, begi niniak argi kantiatearen arabera zabaldu edo estutzen dira; eta eklipseen kasuan, eguna denbora gutxian iluntzen denez, pupilak ireki egiten dira ahalik eta argi gehien sar dadin. Argi hori guztia erretinaren erdigunera iristen da; makulara, alegia.

Minik ez badago, nola jakin dezakezu eklipseari zuzenean begiratzeak kalte egin dizun?

Gerta daiteke ikusmen eremuaren erdiko puntuan orban bat sumatzea, egun baten, biren edo hiruren buruan. Ez dira euli hegalariak izenarekin ezagutzen diren puntu ilun txikiak —miodesopsiak—, mugitu ahala mugitzen diren horietakoak. Gainera, lerro zuzenak okertuta ikusten dira, edozein lekutara begiratzen duzula. Ez da oso larria; ez du zailtzen bizimodu normala egitea: gidatu ere egin dezakezu. Baina, gogaikarria izan daiteke, eta baliteke egiten duzun lanerako ezgaitzea ere, orbana etengabe ikusten baita.

Ba al dauka sendabiderik?

Gehienetan ezer egin gabe osatzen da, aste edo hilabete batzuen buruan, ez baitago tratamendurik lesio horiek azkarrago sendatzeko. Kaltetutako hamar lagunetik bik, ordea, bizitza osorako izango dute orban txiki hori ikusmenean.

Zer egin daiteke halakorik ez gertatzeko?

Eguzki eklipseetarako betaurreko homologatuak erabiltzea da garrantzitsuena [ISO 12312-2 ziurtagiria eta CE marka dutenak], eguzki betaurrekoek halako 100.000 iragazten baitute argia. Gainera, hauek ere kontuan hartu behar dira: betaurrekoen iragazkia iraungita ez egotea, eta antiojoek zulorik eta urradurarik ez izatea.

Betaurrekoak ondo jartzea ere garrantzitsua da, ezta?

Bai, eklipseari bost segundoz zuzenean begiratzea nahikoa baita begiak kaltetu daitezen. Behera begira zaudela jarri behar dituzu betaurrekoak, eta, ondoren, aurpegira ondo estutu. Eklipsea ikusi bitartean, berriz, adi egotea komeni da, antiojoak ez erortzeko edo ez tolesteko. Izan ere, badira txarto jartzeagatik begietan kalteak izan dituztenak ere. 

Betaurreko horiekin eklipsea hiru minutuz jarraian ikus daitekeela diote ekoizleek, baina gomendagarriena eta seguruena zera da, 30 segundoz begira egotea, bost segundoz atseden hartzea, burua beste 30 segundoz altxatzea, eta horrela behin eta berriro. Bestalde, umeei argi azaldu behar zaie eklipseari zuzenean begiratzeak arriskua daukala; eta betaurrekoak ondo jarrita dauzkatela ziurtatu behar da, antiojoak handi izan arren.

Zer ez da inoiz erabili behar eklipse bat ikusteko?

Besteak beste, erradiografiak eta beira ilunak ezin dira erabili; eta etxeko edo ibilgailuko leihoetatik begiratzeak ere ez du balio. Eguzkitako betaurrekoei dagokienez, ikusten dugun argiaren %95 baino ez dute iragazten horiek, eta argi ultramorea igarotzen uzten dute. Kasu horietan, konponbidea arazoa bera baino kaltegarriagoa suertatzen da, argi arrunt gutxiago igarotzen uzten baitute, eta, ondorioz, begietako pupilak gehiago zabaltzen baitira. Hori dela eta, argi ultramoreak kalte handiagoa egiten du.

Soldatzaile maskarak ere erabil daitezke, hamalau zenbakiko iragazkia baino bat handiagoa  baldin badute. Hala ere, ondo ezagutzen dugun optika batean eklipse betaurrekoak erostea da seguruena. Bestalde, argazki eta bideokamerek, prismatikoek eta teleskopioek ere iragazki homologatuak behar dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA