Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatu eta defendatzeko manifestaziora deitu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Maiatzaren 9rako antolatu dute, Bilbon, eta 17:30ean abiatuko da. Euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikalari aurre egitea izango du helburu, baita «euskararen eta gaztelaniaren estatus juridikoa parekatzea exijitzea» ere. Halaber, salatuko dute Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordeko Eremu Sozioekonomikoa taldetik kanpo utzi dituela sindikatuak.
«Euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatua egiten ari dira, eta erantzun antolatua ezinbestekoa da», azaldu dute deitzaileek mobilizazioaren berri emateko gaur Bilbon egin duten agerraldian. Halaber, zehaztu dute beren eskakizuna «oso sinplea» dela: euskaraz bizitzeko eskubidea gauzatu dadila eta horretarako neurriak hartu daitezela. Kontuan hartu behar da euskararen aurkako oldarraldi deituak administrazio publikorako ezarritako hizkuntza eskakizunak apaltzera egin duela sarri, eta kolokan jarri dituela bai euskaraz arta jasotzeko eskubidea eta baita euskaraz lan egiteko eskubidea ere. Aurrez ere adierazi izan dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek ebazpen horien gaineko kezka, eta kalera atera izan dira halakoei aurre egingo dieten aldaketa juridikoen eskean.
Sindikatuek argi utzi dute zein den beren ustez Enplegu Publikoaren Legea eztabaidatzeko abiapuntua: «Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea»
Gaur egin duten agerraldian, salatu dute beste eragile batzuk «azpijokoan» ari direla, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzeko asmoz, eta jokabide horiek salatu dituzten euskaltzaleak helburu politiko jakin batekin «kriminalizatzeko» urratsak egin direla, gainera.
Deitzaileek azaldu dute eragile politiko eta sindikal guztiek zilegitasuna dutela iritzia emateko, eta zilegitasun hori defendatzen dutela, baina onartezina iruditzen zaie «gaztelaniaren nagusitasuna inposatzea beste helbururik ez duten eragileei» beto eskubidea aitortzea. Sindikatuek gogora ekarri dute «garai garrantzitsua» dela hau, Eusko Legebiltzarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako egitura politikoa eztabaidatzeko eta Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesuak irekita baitaude. Nabarmendu dute bi aukera daudela: herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatuko dituzten legeak eztabaidatzea edo urte luzeetan eginiko ibilbidean atzerapauso nabarmenak ematea.
Zehazki, bi lege erreforma daude mahai gainean hizkuntza eskakizunen inguruan. Jeltzaleek egungo legeria ardazten duen aldagaietako bat kentzea proposatu dute: derrigortasun indizea legetik ezabatzea. Argudiatu dute hori eginda euskara eskakizunen kontrako sententziak urrituko direla. EH Bilduren proposamenak, berriz, egungo eredua iraultzea proposatu du: euskararen derrigortasuna administrazio publikoko lanpostu guztietara orokortzeko bidea ireki du, eta geroratze indize baten bidez eskakizuna malgutzea proposatu. PSE-EEko eta EAJko buruek esana dute akordio bat lortzeko ahaleginetan ari direla, baina adostasunik ez dute lortu oraindik.
Alde horretatik, sindikatuek adierazi dute zerbitzu publikoetan euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu behar dela, eta argi utzi dute zein den beren ustez Enplegu Publikoaren Legea eztabaidatzeko abiapuntua: «Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea».
Enpresak bai, sindikatuak ez
ELAk eta LABek, bestalde, salatu dute Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordeko Eremu Sozioekonomikoa taldetik kanpo utzi dituela. Azaldu dutenez, Jaurlaritzaren aurreko legegintzaldian ELA eta LAB batzordeko kide ziren, baina orain jakin dute ez daudela egungoan. Euskararen eta lan eremuaren arteko harremanez hitz egiteko foroetako bat da, eremu publikoan zein pribatuan zer aurrerabide egin daitezkeen aztertzeko propio abiarazitakoa. Sindikatuek gogora ekarri dute aurreko legegintzaldian plan estrategiko bat eztabaidatu zutela gaiaren inguruan.
Sindikatuen arabera, ez zuten akordiorik lortu plan estrategikoari buruz, eta kritiko azaldu ziren horren harira. «Eusko Jaurlaritza ez zegoen aurrerapausoak emateko prest», gogora ekarri dute gaurko agerraldian. Eta berritu egin dute kritika gaur: esan dute kontraesan handia dela beste eragile batzuen bazterketa kritikatzen duen eta zubigintzara deitzen duen gobernu batek bi sindikatu nagusiak horrelako foroetatik kanpo uztea. «Lan munduaren euskalduntzea lortzeko neurri ausartak eta baliabideak» eskatu dituztela gogoratu dute, eta hitza izan behar dutela halako guneetan.
Sindikatuak ez, baina administrazio publikoetako ordezkariak, euskararen munduko erakundeetakoak (AEK, Behatokia) eta enpresetakoak (Petronor, Zedarriak, Mondragon taldea, Soraluce...) foroan daude oraindik ere.