ELAk eta LABek kritikatu egin dute Donostiako Udalak afari solidarioak debekatu izana

Ehunka lagunek afaldu dute azken sei urteetan boluntarioei esker, urteko 365 egunetan. Afariak debekatzeko erabakia bertan behera utz dezala eskatu diote Jon Insausti alkateari. Bi sindikatuek bat egin dute gaur iluntzean deitutako mobilizazioarekin.

ELA sindikatuko ordezkari batzuk martxoaren 17ko greba orokorrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ELA sindikatuko ordezkari batzuk martxoaren 17ko greba orokorrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Aratz Aranburu Barrenetxea-Edurne Begiristain
2026ko uztailaren 29a
11:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA eta LAB sindikatuek gogor kritikatu dute Donostiako Udalak afari solidarioak debekatzeko hartu duen erabakia, eta Jon Insaustiren udal gobernuari neurria bertan behera uzteko eskatu diote. ELAk salatu du egun batetik bestera eta «inolako azalpenik eman gabe» ezarri dela neurria, eta bertan behera utzi duela boluntarioek azken sei urteetan egunero eginiko lana. Gainera, sindikatuak salatu du ez dagoela alternatibarik gauero hirurehun bat laguni jateko aukera ematen zien ekinaldi solidarioa ordezkatzeko, eta, are, udalak ez duela «ezer egin» afariak partitzen ibili diren sei urteetan. LABek ere gaitzetsi egin du udalaren erabakia, eta salatu du Insaustik «bere izaera klasista» eta «nahi duen Donostiaren eredua» agerian utzi dituela. Bi sindikatuek bat egin dute gaur 20:00etan Donostiako Plaza Berrian egitekoak diren mobilizazioarekin.

Pobrezia goraka ari dela nabarmendu du ELAk: «Etxebizitza bat eskuratzeko arazoak geroz eta handiagoak dira, eta turismoa lekua irabazi eta irabazi ari da oraindik». ELA bereziki kezkatuta dago Donostiako alkateak «eskuin muturraren diskurtsoa» bere egin duelako. Horren harira, txartzat jo du gizarte bazterketako arazo bati «erantzun punitibista eta poliziala» eman izana beste behin. Sindikatuak udalari exijitu dio afarietara joaten direnen egoera «berehala» konpontzea, eta herritar horiek artatzeko «aurrekontu handiagoa» jartzea.

Eskuinaren diskurtsoa elikatzea

LABen iritziz, berriz, udalak Udaltzaingoa baliatu du debekua betearazteko, eta horrek «errepresioaren bidea» indartzen du elkarrizketaren kaltetan. LABen ustez, alkateak debekua justifikatzeko erabilitako hiru txostenak —Udaltzaingoarena, espazio publikoaren erabilerarena eta osasunarena— «lotsagarriak» dira. Bereziki kritikatu du Udaltzaingoaren txostenak afari solidarioak segurtasun arazoekin eta delituen hazkundearekin lotzea, horrek migrazioa eta segurtasun eza lotzen dituen «eskuinaren diskurtsoa» elikatzen duelakoan.

Era berean, sindikatuak salatu du udal gobernuak irizpide bikoitza erabiltzen duela. LABen esanetan, milaka turistak egunero kalean jan, edan eta parranda egiten dute espazio publikoan, inolako eragozpenik gabe, eta egoera horrek ez du ez segurtasunari, ez espazio publikoaren erabilerari, ezta osasunari buruzko antzeko txostenik eragiten.

LABek gogorarazi du afari solidarioko kideek urteak daramatzatela Donostiako alkateekin eta udal ordezkariekin elkartzen saiatzen, arazoari irtenbide adostua emateko, baina saiakera horiek ez dutela emaitzarik izan. Horren aurrean, salatu du ehunka boluntariok, ikastetxek, elkartek, merkatarik eta gizarte mugimenduk urteetan egindako lana «pikutara» bidali dela benetako alternatibarik eskaini gabe.
 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA