ELAk akordiorako oinarria lortu du Arabako esku hartze sozialean hitzarmen berria izateko

Esku hartze sozialeko beharginek sei egun eman dituzte greban, eta urte eta erdi negoziatzen. 2025-2028ko aldirako hitzarmenean soldatak, lanaldia eta lan baldintzak hobetzea aurreikusten dela dio sindikatuak.

Arabako esku hartze sozialeko langileen protesta bat, aldundiaren parean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako esku hartze sozialeko langileen protesta bat, aldundiaren parean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko uztailaren 29a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak akordiorako oinarria lortu du Arabako esku hartze sozialean lan hitzarmena berritzeko. Gaur itxi dute akordioaren oinarria negoziazio mahaian, urte eta erdiko negoziazioen eta sei greba egun baino gehiagoren ondoren. Sindikatuaren arabera, adostutako edukiak sektoreko eskakizun nagusiei erantzuten die, eta sektore publikoko langileen parekatzean «aurrerapausoak» ematen ditu. 

2025-2028ko aldiari eragingo dio hitzarmen berriak. ELAk jakinarazi duenez, akordioari esker soldatek %16ko igoera izango dute langile guztientzat, eta 4. eta 5. kategorietako langileek soldata osagarri gehigarria jasoko dute. Horrez gain, hitzarmenaren amaieran soldatak KPIaren arabera eguneratuko dira, %0,5eko berme gehigarriarekin.

Lanaldia ere murriztuko da: urtero hamasei ordu gutxiago egingo dituzte langileek, eta urteko lanaldia 1.592 ordura jaitsiko da. Halaber, opor egun bat gehiago izango dute, eta norberaren kontuetarako bi laneguneko baimena aitortuko zaie.

Lan baldintzei dagokienez, aldi baterako ezintasunaren osagarria hobetu egingo da: lehen hogei egunetan soldataren %90 pagatuko da, eta hortik aurrera, %100. Era berean, 60 urtetik gorako langileentzako neurri berriak ezarriko dira, baita gaueko lanaren jardunaldia murrizteko neurriak ere.

Akordioan ordu osagarrien erabilerari mugak jartzea ere aurreikusten da, lan osasunaren arloan neurri berriak txertatzea —besteak beste, burnout sindromeari buruzko analisia egiteko konpromisoa—, eta familiartekoak ez diren pertsona hautatu batzuentzat kontziliazio neurriak hartzeko eskubidea aitortzea —eta horretarako bi laneguneko baimena izatea—.

Bestalde, hitzarmenean bestelako neurri batzuk jaso dituzte, hala nola euskararen erabilera sustatzeko neurriak ezartzea, telelana arautzea, malgutasun handiagoa izatea, oporren antolaketan hobekuntzak egitea eta intentsitate handiko entitateetan lan egiten duten langileentzako neurri espezifikoak hartzea.

ELAk nabarmendu du akordioaren oinarria mobilizazioei eta grebei esker lortu dela, eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko «urrats esanguratsua» dela. Akordioa sektoreko langileen eta ordezkarien esku geratuko da orain, behin betiko berrespena jaso aurretik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA