PISA txostenaren emaitzek ardaztu dituzte egunotan hezkuntzarekin lotutako albiste gehienak. Hego Euskal Herrian, oro har, emaitzak oso kaxkarrak izan dira, eta kezka handia dago. Ikasturte hasierarekin lotuta, protesta bat egin du gaur ELA sindikatuak Gasteizen, eta hizpide izan du txostena, baina hezkuntza sistemaren gabezien gaineko kezka askoz ere zabalagoa dela adierazi du, eta Eusko Jaurlaritzaren orain arteko «errezetekin» ez dela konponduko, gainera.
«Arazoak ezagunak dira, irtenbideen noranzkoa ere bai. Euskalduntzeko euskara gehiago, aniztasunari erantzuteko baliabide eta politika sozial indartsuagoak eta teknologia berriei begira digitalizazio etiko eta arduratsuagoa», azaldu dute sindikatuko ordezkariek. Eta horiek lortzeko proposamen bat ere egina dutela gogoratu dute. Helburu nagusia da sistema «propio, publiko, ez-segregatzaile eta euskaldun bat» lortzeko oinarriak ipintzea. Eusko Legebiltzarrean hezkuntza legea ontzeko egindako prozesuan horren alde egin zutela gogoratu dute, baina «sakoneko» aldaketa horiek aintzat hartu gabe onartu zela azkenean testua.
Inbertsio falta ere salatu dute. Gogora ekarri dute Unescok proposatzen duela BPG barne produktu gordinaren %6 erabiltzea hezkuntzarako, Europako Batasuneko batezbestekoa %4,8 dela, eta Eusko Jaurlaritzak apaldu besterik ez duela egin urteotan ehuneko hori. 2021ean %4,9 izan zela esan dute, eta 2024an %3,85.