Etxejabeen irabaziak lehenestea egotzi diote ELAk eta LABek Jaurlaritzari

ELAren ustez, etxebizitza dekretuak «politika antzuak eta baztertzaileak» jaso ditu. LABen iritziz, berriz, «geroz eta herritar gehiago etxebizitza eskuratzeko aukeratik kanpo uztea besterik ez du lortuko».

Etxebizitzaren negozioaren aurkako LABen protesta bat, Bilbon. LAB
Etxebizitzaren negozioaren aurkako LABen protesta bat, Bilbon. LAB
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 22a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk eta LABek argi dute Eusko Jaurlaritzak atzo onartutako dekretuak ez diola irtenbiderik emango etxebizitzaren arazoari. Bi sindikatuek, ohar banatan, salatu dute dekretuak indartu duen diru laguntza zuzenen eredua ez dela eraginkorra, eta uste dute han jasotako neurriei esker geroz eta diru publiko gehiago bideratuko dela etxejabeen poltsikoetara. 

ELAk «etxebizitzaren krisia makillatzea» egotzi dio Jaurlaritzari, eta esan du dekretuari ezin zaiola «ezkutu sozial» deitu: «Horiek hirugarrenek sortutako arazoei aurre egiteko erabiltzen dira; kasu honetan, aldiz, urteetako inakzioaren ondorioak estaltzeko erabiliko da». 

Dekretuak urtebetetik hiru urtera igo du Etxebiden izena emateko eskatuko den errolda. ELAren iritziz, neurri horrek «zuzenean kanporatzen ditu kolektiborik zaurgarrienak», eta haren benetako helburua da Etxebiden izena emanda dauden 100.000 lagunen zerrenda artifizialki murriztea.

Amaitzeko, ELAk salatu du dekretuak «politika antzuak eta baztertzaileak» jaso dituela: «Batetik, pertsona zaurgarrienak etxebizitza publikoetatik kanpo uzten ditu; eta, bestetik, diru laguntzetan oinarritutako eredua indartzen du, benetako bultzadarik eman gabe alokairu publikoko etxebizitzak sortzeari». Horregatik, sindikatuak eskatu du etxebizitzaren arazoa osotasunean jorratzeko, etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatuz, alokairuko etxebizitza babestuak eraikiz eta gastu publikoa handituz, besteak beste.

Jabeak maizterren gainetik

LABek ere salatu du Jaurlaritzak hartutako neurriek «etxebizitzaren negozioa» diru publikoarekin elikatzen jarraituko dutela. Gaztelagunen estaldura handitzeak, esaterako, geroz eta diru publiko gehiago jabeei ematea dakarrelakoan dago sindikatua, eta Bizigune ere etxejabeei merkatu pribatuko ia irabazi berak diru publikoarekin bermatzeko darabiltela.

«Beraz, jabeak lehenesten jarraitzen dute maizterren gainetik», dio LABen oharrak, baita dekretuak desberdinkeria sendotzen duela ere. Sindikatuaren iritziz, neurriek ez diete aurre egiten alokairuen garestitzearen arrazoi estrukturalei, eta «higiezinen patronalaren aldeko neurriak» dira: «Geroz eta herritar gehiago etxebizitza eskuratzeko aukeratik kanpo uztea besterik ez dute lortuko».

Azkenik, langile gehienen aldeko etxebizitza politikak galdegin ditu: «Diru laguntzen politikak alde batera utziz, prezioak jaisteko apustua eginez, parke publikoaren eta alokairu sozialaren hedapena lehenetsiz, eta higiezinen patronalaren negozioa mugatuz».

Indizea: borondate politikorik ezaren erakusgarria

ELAk eta LABek hizpide izan dute Arabako eta Bizkaiko erreferentziazko prezioen indizeak asteon argitaratu izana ere, «bi urte baino gehiagoko atzerapen guztiz bidegabe baten ondoren», LABen arabera. 

Sindikatu horrek adierazi du alokairuen prezioen mugak ez direla nahikoa etxebizitza krisiari aurre egiteko, baina onartezina dela foru aldundiek indize horren argitalpena atzeratu izana, azken bi urteotan %10 baino gehiago igo baitira alokairuen prezioak. «Igoerei muga jarrita ere, prezioek gora egiten jarrai dezakete», gehitu du. 

ELAk ere azpimarratu du neurriak oso inpaktu mugatua duela —alokairuen %10i eragingo die—, eta uste du erakunde publikoek hari jarritako trabek agerian uzten dutela borondate politikorik ez dela.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA