Azken orduko ustekabeko akordio politiko batek soilik eragin dezake jada EAJk eta PSE-EEk hizkuntza eskakizunen ituna egitea. Eusko Jaurlaritzako bazkideen artean desadostasunik handiena eragin duen gaia da Imanol Pradales Ajuriaenera heldu zenetik, eta, atzo sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak negoziazioak amaitutzat eman bazituen ere, jeltzaleek ez dute heldulekurik txikiena ere askatu nahi. Hala adierazi zuen atzo Joseba Diez Antxustegik, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, eta hala berretsi du gaur Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak: «Ez dut amore ematen».
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Ubarretxenak adierazi du ez dutela «ezer hautsitzat» ematen, eta PSE-EErekin hitz egiten jarraitzen dutela EAEko Enplegu Publikoaren Legearen erreformari buruz. Izan ere, akordiorako tartea ikusten du oraindik Jaurlaritzaren bozeramaileak, denbora bukatzen ari den arren: «Azkenera arte itxaron behar da, inoiz ez baita jakiten zer gertatuko den».
Hilaren 30eko eguerdian amaituko da, hain justu ere, tramitean diren bi proposamenei zuzenketak aurkezteko epea. Jeltzaleek atzo baztertu egin zuten beren proposamena erretiratzea, eta adierazi zuten eskua zabalik dutela hitz egiten jarraitzeko. Horri heldu dio Ubarretxenak ere, euskarak «akordioak» behar dituela nabarmenduta: «Albiste ona hori da, hitz egiten jarraituko dutela, hemen ezer ez dela hautsitzat jotzen eta elkarrizketek aurrera jarraitzen dutela».
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak azpimarratu du euskarak «kontsentsua» behar duela, «zarataren» gainetik, eta lege aldaketaren azken helburua euskarari «berme juridikoa» ematea dela. «Pena da hainbeste urtean euskararen inguruan egon den kontsentsua orain hautsi izana», adierazi du.
Aireportuen batzordea, martxan
Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenen transferentziei buruz ere hitz egin du Ubarretxenak. Iragarri du astelehenean eratu zela jada «lankidetza, koordinazio eta kudeaketarako aldebiko organoa», zeinaren bidez Jaurlaritzak parte hartu ahalko baitu Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketan. Zortzi kide ditu organo horrek, lau administrazio bakoitzeko, eta hiru hilabetean behin batzartuko da.
Haren lehen zeregina Dora III planari ekarpenak egitea izango da, Ubarretxenak zehaztu duenez. AENAk aurtengo otsailean onartu zuen agiri hori, hau da, 2027 eta 2031 arteko inbertsioen, kostuen eta bidaiari kopuruen plana, eta maiatzaren 31n amaituko da proposamenak egiteko epea. «Hori nahi genuen, eta lortu da: Euskadiren konektibitatea indartu ahal izatea», azpimarratu du.
Aurrerantzean, batzordeak aukera izango du plan hori egin aurretik EAEko hiru aireportuen inguruko proposamenak egiteko, eta dokumentua osatu ondoren ere zuzenketak proposatu ahalko ditu, azken hitza AENArena izango bada ere. Hori bera nabarmendu du Ubarretxenak: «Gure ahotsa aurretik eta ondoren entzungo da, eta proposamenak egiteko aukera izango dugu. Orain arte ez geneukan aukera hori; ezin genuen ezer esan Dorari buruz, eta hori lortzea oso garrantzitsua da, guk ere garraio eskumenak baditugulako», azpimarratu du.
Gardentasun Legea, azkenetan
Eusko Legebiltzarrean, bien bitartean, azken-aurreko tramitea igaro du gaur Gardentasun Legeak. Legea lantzen aritu den batzordeak onespena eman dio behin betiko idatziari, eta, beraz, osoko bilkuran bozkatu eta onartzea besterik ez da faltako testua lege bilakatzeko. Ondo bidean, uda aurretik egingo da eztabaida hori, eta espero da uda aurretik indarrean sartzea.
Aste Santua baino lehen adostu zuten idatziaren edukia, taldeen zuzenketak aztertu ondoren, eta orduan bezala gaur ere soilik EAJk eta PSE-EEk babestu dute behin betiko testua. EH Bilduk eta Sumarrek esana zuten aurka bozkatuko zutela, iritzita legea «txarra» zela eta «gabezia nabarmenak» zituela. PPk ere kontrako jarrera azaldu du gaur, eta Voxek ez du saioan parte hartu.
Eusko Legebiltzarrak laugarren ahaleginean onartuko du Gardentasun Legea azkenean; aurrez hiru saiakera egin zituen Eusko Jaurlaritzak, baina ez zuen aurrera egitea lortu. Horietako bat du oinarri orain onartuko den testuak, hain justu ere. Pradalesen agintaldiko lege garrantzitsuenetako bat izango da, eta Gardena-Gardentasunaren Agintaritza sortzea ahalbidetuko du.
Irango gerrari buruzko saioa, ekainaren 17an
Bizitzaren garestitzea jorratuko duen osoko bilkura monografikoa egingo du Eusko Legebiltzarrak ekainaren 17an. Hala, Iranen aurkako eraso militarraren ondorengo egoerari lotuta, zerbitzu publikoak bermatzeko beharra eta «jendearen bizitzaren segurtasuna» jorratuko dituzte Gasteizko ganberan. EH Bilduk eskatu zuen eztabaida monografiko hori uda aurretik egin zedila, hartu daitezkeen neurriak 2027ko aurrekontuen proiektuan sartu ahal izateko, eta, azkenerako, ekainaren 17an izango da.
Koalizio abertzaleko eledun Pello Otxandianok martxoaren 26an erregistratu zuen monografiko hori egiteko eskaera. Etxeko ekonomiak bermatzeko neurriak onartzea nahi du EH Bilduk, uste baitu gerraren ondorioek luze joko dutela. «Martxan jarri behar diren politika publikoak birpentsatzeko garaia da», esan du Otxandianok. «Hausnarketa sakona egin behar dugu, jendearen bizitzaren egonkortasuna bermatzeko».