EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Ahal Dugu-rekin hitzartu zituzten Gipuzkoako aurrekontuak. Elkarrekin Ahal Dugu-k aurrekontuak onartzeko jarritako baldintzetako bat izan zen Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileentzako lan itun bat lortzea, haien lan baldintzak hobetzeko. Hamar milioi euro dituzte horretarako. Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek protesta egin dute gaur, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko bultza dezala sektoreko ituna.
ELA sindikatuak antolatu du gaurko protesta ekintza. Olentzerok eta Mari Domingik ikatza utzi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Eider Mendoza diputatu nagusiarentzat, «zahar etxeetan egindako kudeaketa okerragatik».
ELAk ontzat jo zuen aldundiak lan hitzarmen bat bultzatzeko hartutako konpromisoa. Sindikatuak patronalarekin bildu ziren iragan astean. ELAren esanetan, patronalak bilera horretan ez zuen bermatu sektoreko hitzarmen bat onartuko zuenik zahar etxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko: «Mahai gainean ez zuten jarri eduki berririk». Hori ikusita, sindikatuak foru aldundiari eskatu dio bultza dezala sektoreko lan hitzarmena, «patronalaren itxikeria gainditzeko». Sindikatuko ordezkariak Elkarrekin Ahal Dugu-koekin bildu ziren atzo, eta hori eskatu zieten haiei ere.
Lanaldi osoa eta arrakalarik ez
Zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek bi eskaera nagusi dituzte: alde batetik, lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osokoak bihurtzea; bestetik, langileen arteko soldata arrakala ezabatzea. Izan ere, ELAren datuen arabera, sektoreko langileen erdiek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Eta zahar etxeetako langile publikoen eta azpikontratatuen soldaten arteko aldea 10.000 eurorena da urtean.
Maiatzean hasi zituzten grebak. Hamalau greba egun egin dituzte, eta beste bi izango dira urtarrilaren 22an eta 23an. Sei zahar etxetako langileek urtarrilaren 23ra arte luzatuko dute greba. Egoitza horietan, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago maiatzetik. Sei zahar etxeak Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario), Zumaiako San Juan (Clece Mayores), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) eta Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Biharko Gipuzkoa) eta La Paz (GSR) dira.
Senideak akordio eske
Zumarragako Argixao zahar etxeko egoiliarren senideek ohar bat bidali dute gaur, eragileei eskatzeko gatazka lehenbailehen konpondu dezatela. Erakundeetara, enpresetara eta sindikatuetara jo dute, greba bertan behera uztea lortzeko asmoz, baina ez dute lortu, «nahiz eta aurrekontuetan diru sail garrantzitsu bat lortu den sektoreko hitzarmen bat egiteko».
Senideek egoiliarren ongizateari lehentasuna emateko eskatu diete ongizate horren ardura dutenei eta bermatu behar dutenei, «gaur egun eta beti»: Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta zerbitzua eskaintzen duen enpresari.
Salatu dutenez, grebak «egoera larria» eragin du zahar etxean, eta «oinarrizko zaintza urratzen ari dira». Gehitu dute jateko, lo egiteko eta botikak hartzeko ordutegiak «desorekatuta» daudela eta ezin dutela baldintza txukunetan garbitu.