ELAk jakinarazi du grebara deitu dituela Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileak. Lanuzte egunak abenduaren 22a, abenduaren 23a, urtarrilaren 22a eta urtarrilaren 23a izango dira. Horrez gain, adierazi du greba mugagabea egiten ari diren sei egoitzetako langileek urtarrilaren 23ra arte luzatuko dutela greba.
Aitziber Aranberri Donostiako Villa Sacramento zahar etxeko langileak azaldu du grebaren helburua dela «%100eko lan kontratuak» izatea eta «soldata arrakala amaitzea»: «Langileen ia erdiek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte, eta urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala pairatzen dute». Oroitu du sektoreko langile gehienak emakumeak eta azpikontratatuak direla.
Aranberrik gehitu du sei zahar etxeetako langileek greba urtarrilaren 23ra arte luzatzea erabaki dutela. Egoitza horietan, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago maiatzetik. Sei zahar etxeak Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario), Zumaiako San Juan (Clece mayores), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) eta Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Biharko Gipuzkoa) eta La Paz (GSR) dira.
Joan den astean, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin-ek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontuak onartzeko akordioa lortu zuten. Zahar etxeetako sektoreko hitzarmena sustatzeko konpromisoa hartu zuten, eta horretarako hamar milioi euroko inbertsioa zehaztu zuten. Hala ere, Aranberrik gaur azaldu du sindikatuei ez dietela akordioaren «bestelako xehetasunik» eman, eta uste dute alderdien arteko akordioak ez dituela «langileen aldarrikapen garrantzitsuenak asebeteko». Hortaz, lau greba egun antolatu dituzte.
Patronalekin negoziatzeko bilera, bihar
Sektoreko patronalak negoziazio mahaira deitu ditu sindikatuak biharko 15:00etarako. ELArentzat, ez da kasualitatea: zahar etxeetako eta eguneko zentroetako negoziazio mahaia apiriletik blokeatuta dago, eta aurrekontuei buruzko akordioa egin eta gero antolatu du patronalak bilera. Aranberrik adierazi du ELA patronalen negoziazio mahaian egongo dela bihar: «Langileen aldarriak kontuan hartzea eta aurrekontuetako akordioa betetzea exijituko diegu patronalei». Sindikatuak «positibotzat» jo du patronalek negoziazio mahaira deitu izana, eta uste dute hori dela «blokeoa gainditzeko bidea».Â
Aranberriren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak «norabidea alda dezake», orain arte «estatutuz kanpoko akordioa sustatu» baitzuen: akordio hori UGTren eta patronalen artekoa zen, eta langileen %8rekin sinatu zen. ELAk sektoreko ordezkaritzaren %60 dauka.
ELAren prentsaurrekoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean izan da, Donostian. Haien ondoan, ordea, Geroako Kaltetuak plataformako kideak bildu dira, eta ELAren prentsaurrekoa eragozten saiatu dira oihu eginez, sindikatuekin haserre daudela erakusteko.