ELAk greba egingo du urtarrilaren 20an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko ikastetxeetan

Patronalari leporatzen diote iazko otsailean lortutako akordioa bete ez izana. ELAk auzitara jo du, eta urtarrilaren 20an aztertuko dute kasua.

Kristau Eskolaren ikastetxeetako langileen mobilizazio bat, 2023ko abenduan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Kristau Eskolaren ikastetxeetako langileen mobilizazio bat, 2023ko abenduan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko azaroaren 26a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak bide judiziala eta sindikala jorratuko ditu bermatzeko iazko otsailean gizarte ekimeneko ikastetxeetan lortu zuten akordioa betetzea. Luzaz mobilizatu ondotik, 2024ko otsailean lortu zuten Kristau Eskola eta IZEA patronalekin ados jartzea. Baina agiri batean salatu dute hogei hilabeteren buruan hainbat atal bete gabe daudela oraindik, hala nola eskola orduak murrizteari dagokiona. Sindikatuak auzitara jo du akordioa betearazteko, eta urtarrilaren 20an egingo da eskola orduen inguruko epaiketa. Egun horretarako, grebara deitu ditu gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak, eta gainerako sindikatuei dei egin die, bide horretara batu daitezen.

Iaz lortu zuten akordioa ez betetzea patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren «utzikeriaren eta fede txarraren» ondorio da, ELAren hitzetan. Sindikatuak gaineratu du adostutako edukiak oraindik ez direla jaso hitzarmen batean. «Hamasei negoziazio mahai egin dira epealdi horretan, gehienak ELAren ekimenez, eta hainbat elkarretaratze eta mobilizazio eginda ere, oraindik ez da aurrerapausorik izan langileentzat». Sindikatuaren erranetan, Jaurlaritzari hiru aldiz eskatu diote biltzeko, baina Lakuak ez du baiezkorik erantzun.

Halaber, ELAk ohartarazi du auzitara joz lortu dituztela orain arte izan diren aurrerapausoetako batzuk, hala nola adostutako soldatak adostutako epean ordaintzea. «Sindikatuek demanda aurkeztu zuten, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak patronalei agindu zien ordainketa egiteko».

ELAren hitzetan, Kristau Eskola patronalak «agindua» du ordu murrizketa ez aplikatzeko. Horren ondorioz, 2025-2026ko ikasturtean, ikastetxeen %10 inguruk soilik erabaki dute eskola ordu bat gutxiago eta ordu osagarri bat gehiago ezartzea, akordioan jaso bezala. «Erabaki hori ikastetxe horietako zuzendaritzek hartu dute, patronalen jarraibideei muzin eginda». Bada, beste ikastetxeetan ere bete dadin jo du auzitara ELAk. «Langileak, baina, ezin dira zain egon epaitegiek zer esango», salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.