ELAk Osakidetzako langile guztien lan baldintzak hobetzeko negoziazioak berehala abiatzeko eskatu du, eta duela hamazazpi urte berritu gabe dagoen Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa eguneratzea exijitu. ELAren iritziz, Osakidetzak eta SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak berriki sinatutako hitzarmenak argi utzi du hobekuntzak lortzea «borondate politikoaren araberakoa» dela.
Ikusi gehiago
ELAk elkarretaratzea egin du Donostiako Amara Berriko anbulatorioaren aurrean, eta Osasun Sailari leporatu dio Osakidetzako egiturazko arazoak konpontzeko borondaterik ez izatea. Sindikatuak argi nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera: «Gatazka aktiboak daudenean bakarrik hartzen ditu lan baldintzak hobetzeko neurriak».
Ildo beretik, Osasun Sailak berriki SMErekin sinatutako akordioa kritikatu du sindikatuak. ELAren esanetan, itun horrek ez die medikuen arazoei irtenbiderik ematen, aparteko orduak sustatzen dituelako eta gainerako lanbide kategoriak alde batera uzten dituelako. Era berean, gogorarazi du soldatak hobetzeko ez dela lan zama handitu behar. Hori dela eta, lau urteko epean 2.000 mediku gehiago kontratatzeko eskatu du, guardiak eta aparteko lanorduak pixkanaka desagerrarazteko.
Egoera hori ikusita, ELAk iragarri du grebak eta mobilizazioak antolatuko dituela Osakidetzako langile guztien lan baldintzak hobetzeko exijitzeko. Helburu hori lortzeko bidean, sindikatua lanean ari da kolektibo guztien alde behar adinako oihartzuna izango duen «greba indartsu bat» bultzatzeko.