SME medikuen sindikatuak izan ezik, beste denek utzi dute Osakidetzako mahai sektoriala

Guardia eredua berrikustea, librantza sistema hobetzea eta soldatak igotzea adostu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak. Beste sindikatuek hitzarmen orokor bat erdiesteko mobilizazioak antolatu dituzte.

 Medikuen Sindikatuaren manifestazioa, maiatzaren 20an, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Medikuen Sindikatuaren manifestazioa, maiatzaren 20an, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena - Mikel Garcia Martikorena
2026ko uztailaren 20a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilean 300 euro gehiago jasotzea, guardien eredua berrikustea —horiek egiteari uzteko adina jaistea eta horiek egiteagatik diru gehiago jasotzea— eta librantza sistema hobetzea. Horiek dira, bertzeak bertze, Eusko Jaurlaritzak gaur medikuei aurkeztu dien proposamenaren gakoetako batzuk. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ortziralean iragarri zuen, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin aldebiko hainbat bilera egin ostean, akordio proposamen bat aurkeztuko ziela Osakidetzako medikuei gaur egin duten mahai sektorialean. Hori, ordea, ez dute beso zabalik hartu beste sindikatuek. Adibidez, LABek eta SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak mahaia utzi dute «kolektibo guztien ahotsa entzun gabe» egin dutelako akordioa: «Osasun Itunaren espirituaren aurka doa». Jarrera hori babestu dute beste sindikatuek ere, eta SMEk izan ezik, denek utzi dute negoziazio mahaia.

Alberto Martinez Osasun sailburuak zehaztu zuenez, Osakidetza prest dago gatazka sortzen ari diren zenbait alderdi sendagileekin batera arintzeko. Osasun sailburuaren ustez, osasun arloko lanaren antolaketan «paradigma aldaketa bat» gertatzen ari da: «Egungo zaintza ereduak eboluzionatu egin behar du». Sindikatuek, ordea, Jaurlaritzari leporatu diote hobekuntzak soilik medikuei proposatu izana, osasun sistema osoa kontuan hartu gabe. «Medikuen grebak eragindako presioen eta osasun sistemaren bahiketaren ondorioz, [Osasun Sailak] orain amore eman du, eta akordio bat proposatu du, ia osorik medikuei bakarrik zuzendutako neurri ekonomikoetan oinarrituta», salatu du SATSEk.

Ildo beretik jo du LABek. Sindikatu horrek nabarmendu du bat egiten duela sendagileek aurkeztutako eskariekin. Hala ere, Osasun Sailari ohartarazi dio Osakidetzan dagoen arazoa «estrukturala» dela; hortaz, erantzuna ezin da «kolektibo bakar batera mugatu». Are gehiago, Osasun Sailak mahai gainean jarritako akordioa Osakidetzako langileen %10,48k babestu dutela azpimarratu dute sindikatuek, eta medikuak soilik kontuan hartuz gero «herena» ordezkatzen dutela nabarmendu. Horiek horrela, mahai sektoriala negoziaziorako esparru gisa «deslegitimatu» egin dute Eusko Jaurlaritzak eta medikuen sindikatuak, LABen aburuz. 

«Isilpean egiten ari ziren negoziazioa» mahai sektorialera ekartzeko eskaria egin zuten zenbait sindikatuk iragan astean, «gardentasuna bermatzeko eta gainerako langileekiko zein haien ordezkariekiko errespetuz jokatzeko». Horiek horrela, sindikatuek jakinarazi dute proposamena onartu ez eta mobilizazioei ekingo dietela udazkenetik aurrera, «Osakidetzako langile guztientzako hitzarmen berria lortzeko».

Bestalde, SMEk mahai sektorialean izan duen egoera kontuan izanda, akordioa sinatu du Osasun Sailarekin. Ohar bidez jakinarazi dutenez, akordioa sinatzea erabaki dute «profesionalen lan baldintzak berehala hobetzea dakarrelako». Atsedenaldiei eta kontziliazioei dagokienez hobekuntzak lortzeaz gain, «mediku eta fakultatiboen kolektiboarentzako» bestelako onurak lortzea ekar dezake: «Azterketa lasai eta sakona abiatuko dugu bi lantaldetan: bata Ospitale Arretako langileei bideratua, eta bestea Lehen Mailako Arretako langileei bideratua». «Lantaldea birdimentsionatzea, guardiak pixkanaka ezabatzea eta Lehen Mailako Arreta bultzatzea» izango dute xede lantalde horien bidez.

Jasotako kritiken jakitun, SMEk adierazi du Osakidetzako «langile guzti-guztiak» direla garrantzitsuak, baina azpimarratu du sistemaren «ardatza medikuak eta fakultatiboak» direla. Horiek horrela, kolektibo horren egoera lehenestea babestu du sindikatuak.

Guardiak, akordioaren gakoa

Sendagileak joan den otsailetik ari dira grebak egiten, eta irailetik aitzinera greba mugagabea eginen dutela iragarri dute; Espainiako medikuen greba batzordeak egin zuen deialdia ekaina hasmentan, eta Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek bat egin zuten deialdiekin. Osasun langile publikoen esparru estatutuak zehazten ditu medikuen —eta arlo horretako bertze profesionalen— gutxieneko lan baldintzak, baina autonomia erkidegoek baldintza horietako batzuk hobetu ditzakete. Hala, gaur sinatu duten akordioaren bidez ez dute lortuko iraileko greba deialdia bertan behera uztea, baina lanuzteak Osakidetzako medikuengan ondorio apalagoa izatea zuten asmo.

Guardiak dira akordioaren gakoetako bat. SMEk zabaldutako oharraren arabera, herritarrei arreta «egunean 24 orduz, astean 7 egunez, eta urtean 365 egunez» emanen zaiela bermatzeko, gaur egun «ezinezkoa» da guardiak bat-batean desagerraraztea; eredu aldaketa horrek analisi sakona eskatzen du eta. Hortaz, hori egin bitartean, medikuek guardiak zatitu ahalko dituzte: batetik, aste barruko guardia egunetan goizean lanik ez egitea erabaki ahal izanen dute, eta lanaldi arrunt hori arratsalde batez errekuperatzea; bertzetik, asteburuko guardiak hamabi orduko bi «guardia erditan» banatzeko aukera izanen dute. Gainera, guardien orduko prezioetan %38ko igoera progresiboa ezarriko dute 2028 arte. Hala, «2028an bi guardia egitea gaur egun hiru egitearen baliokide» izanen da. 

Medikuek guardiak zatitu ahalko dituzte: batetik, aste barruko guardia egunetan goizean lanik ez egitea erabaki ahal izanen dute, eta lanaldi arrunt hori arratsalde batez errekuperatzea; bertzetik, asteburuko guardiak hamabi orduko bi «guardia erditan» banatzeko aukera izanen dute

Txanda horiek egiteko adinean ere aldaketak egonen dira: gaur egun 55 urteko mediku batek aukera du guardiak egiteari uzteko. Bada, proposamenaren arabera, guardiei uko egiteko adina 50 urtera jaitsiko dute. Neurri hori ere progresiboa izanen da, eta 2030ean sartuko da indarrean guztiz. Erabaki hori hartzeak diru sarreretan duen eragina konpentsatzeko medikuek gutxienez hilean hiru arratsaldez lan egiteko aukera izanen dute. 

Soldatetan ere hobekuntzak egitea adostu dute medikuek eta Osasun Sailak. Batetik, Osakidetzako mediku guztiendako hilean 300 euroko soldata igoera aurreikusten da, pixkanaka: 150 euro gehiago jasoko dituzte datorren urteko uztailetik, eta bertze erdia 2028ko uztailetik aitzinera. Ez hori bakarrik: aparteko orduak egiteagatik jasotako diru kopurua ere handituko da, lehen arretako medikuek eta ospitaleetakoek jasotzen duten dirua parekatuko dute; 328 euro jasoko dituzte lau orduko moduluengatik. 

Neurri horiek ezarrita, baina, ez dira lan baldintza «prekarioak» hobetuko, sindikatu gehienen arabera. ELAk, besteak beste, Osasun Sailari leporatu dio medikuen lan zama arintzen saiatu ez izana: «Guardiak murriztu arren, aparteko orduen bidez lan bera egiten jarraitzera bultzatzen du». Hau da, ELAren ustez akordioaren helburua da medikuen lan baldintzak bere horretan mantentzea, «diruaren bidez haien onarpena lortuta».

Desberdintasun profesionala

Akordioaren aurkako iritziak ez dira gaurkoak: UGTko Osasun arduradun Jasone Perezek larunbatean erran zuenez, Jaurlaritzaren proposamenak «medikuen ezkutuko estatutu bat» onartzea ekar dezake, eta, horrekin batera, «pribilegiozko tratua» ematea. Hala, Alberto Martinez Osasun sailburuari aurpegiratu dio bakarrik sendagileen baldintzak hobetzen saiatzea, eta, are, SME hartzea medikuen lan baldintzak negoziatzeko «solaskide baliagarri bakartzat». Estrategia hori txarretsi du sindikatuak, «sistema publikoaren barruan lehen eta bigarren mailako baldintzak ezartzen» dituelakoan: «Osakidetzak ondo funtzionatzeko, kategoria profesional guztien elkarlana behar da».

Mailaketa desoreka hori ere izan du hizpide ESK sindikatuak. Gaur mahaitik altxatu dela jakinarazteko oharrean adierazi duenez, SMEren eta Eusko Jaurlaritzaren jokabideak «interes partikularrak lehenesten ditu». Are gehiago, eredu horri jarraituta «langileak mailakatzen» ari direla ohartarazi die.

Erizainen protesta bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Erizainen protesta bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Areago: SATSEk gogorarazi du Mahai Sektorialak ia urtebete daramala lantalde osoari eragiten dioten gai nagusiak jorratu gabe. Bertzeak bertze, ordainsarien inguruko negoziazioa blokeatuta dago, Osasun Sailak berak adostutako negoziazio egutegia bete ez duelako, sindikatuaren arabera. 

Abiapuntua Madrilen

Osasun Sailak medikuekin sinatutako akordioa Espainiako medikuen greba batzordeak deitutako greben harira dator. Medikuek estatutu propio bat eskatzen dute, osasun langile publikoen esparru estatututik aparte, medikuen prestakuntza eta erantzukizuna aintzat hartuko dituena. Negoziazio zuzena ere eskatzen dute, hau da, beren lan baldintzak beraiek negoziatzea, «benetako berme juridikoekin eta beste negoziazio mahai batzuen mende egon gabe». 35 orduko lan astea nahi dute, eta ohiko lanalditik aparte egiten dituzten orduak behar bezala ordaintzea, eta erretiro adina kalkulatzeko aintzat hartzea. 

Espainiako Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua, urtarrilaren hondarrean: CCOO, UGT, SATSE eta CSIF —funtzionarioak—. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat nahi dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen medikuen prestakuntza luzea, lana eta ardura.

Salbuespena da Nafarroa: Osasunbideko profesional guztiak Nafarroako Gobernuaren funtzionarioak dira, eta hari dagokio medikuen lan baldintza gehienak arautzea, ez esparru estatutuari. Osasunbideko langileen lanaldien baldintzak soilik egongo lirateke esparru estatutuaren esku.

Greba batzordeak Espainiako Osasun Ministerioaren jokabideaz eta arduraz soilik hitz egin du, ez Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz, esaterako.

    Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA