Prentsa ohar bat zabaldu du ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola publikoetako arrisku psikosozialak neurtzeko abian duen ebaluazioa «itxurazkoa» dela adierazteko. «Parte hartze eta plangintza falta» egotzi dizkio gobernuari, eta horren ondorioz langintza eskasean ari dela esan du: «Prozesuak ez ditu langileak eta ikasleak babesteko neurri eraginkorrak bermatzen».
Adierazi du Jaurlaritzak ebaluazioa abiarazi duela sindikatuak jarritako salaketa baten ondoren, eta «urte luzez» atzeratu egin zuela zeregin hori: ikastetxe askotan ebaluazioak «egin gabe edo eguneratu gabe» egon ziren. ELAren arabera, salaketaren harira, ebaluazioa egiteko agindua eman zion Lan Ikuskaritzak, eta horri erantzunez ekin dio Hezkuntza Sailak lanari. ELAren arabera, ebaluazioa egite aldera, hilabete honetan zehar galdetegi bat helaraziko du Jaurlaritzak zentroetara. Hala ere, horrekin bakarrik ez da aski sindikatuaren iritziz, eta Hezkuntza Sailak baliabideak falta ditu «prebentzioa» sustatzeko.
Ebaluazioa, «eraginkorra» izate aldera, ikastetxez ikastetxe egin beharko litzatekeela esan du ELAk, metodologia parte hartzaileak erabili beharko liratekeela, eta prebentzio zerbitzu propioak lantzeak ere lehentasun izan beharko lukeela. Kontrara, salatu du abian jarritako prozesuan irizpide horiek ez direla konplitzen. Langintza, gainera, azpikontratatutako enpresa batek egingo duela esan du, eta zaila dela eskola publikoetako lan martxa ondo ezagutzen ez dutenek ondorioak ateratzea.