Etxebizitza, eta, zehazki, etxebizitzarako eskubidea. Kalean dago gaia. Hautsak harrotuta daude. Eta, horren harira, zera iragarri zuten atzo EAJk eta PSE-EEk: akordio bat egin dutela etxebizitzaren alorreko hobari eta karga batzuk ezartzeko. Berehala ailegatu dira erreakzioak. ELA sindikatuak, esaterako, ez ditu begi onez ikusi neurri horiek: «EAJk eta PSEk atzo iragarritako akordio fiskalak egungo etxebizitza krisia sortzen lagundu duten politika berberen alde egin du berriro». Izan ere, uste dute neurri gehienak etxejabeen fiskalitatea hobetzeko ezarri dituztela, «hobariak, salbuespenak eta zerga abantailak» emanda.
Neurri horietako bat da PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan alokairuaren bidez lortutako diru sarreren hobariak handitzea. Hau da: «EAJk eta PSEk nahi dute are gehiago murriztea etxebizitzak errentan emanda diru sarrerak lortzen dituztenen zergak, jakinda milaka pertsonak alokairua ordaintzeko zailtasun handiak dituztela». Gainera, sindikatuaren esanetan, akordioak «zerga salbuespenak» ere jaso ditu egun hutsik dauden etxebizitzak administrazio publikoari saltzen dizkietenentzat: «Jenderik gabeko etxebizitzak dituztenen aurkako neurriak gogortu beharrean, zerga arloan sariak ematen zaizkie saltzeagatik. Horrela, erakundeek berriro erabiltzen dituzte baliabide publikoak higiezinen negozioaren errentagarritasuna bermatzeko».
Bestalde, EAJk eta PSE-EEk adostu dute ondare eskualdaketaren gaineko zerga igoko dietela hiru etxebizitza edo gehiago dituztenei: «Oso motz geratzen da neurria». Gainera, ELAren irudiko, enpresek, inbertsio funtsek eta etxejabe handiek etxebizitzak «metatzeko» aukera izango dute aurrerantzean ere.
Horiek horrela, ELAk uste du akordioak ez diola «sakoneko arazoari» heltzen. «Oraindik etxebizitza negozio gisa tratatzen da, ez eskubide gisa». Eta sindikatuak hiru eskaera egin dizkie erakundeei: prezioetan esku hartzea, etxebizitza hutsak merkaturatu daitezen sustatzea eta alokairuko parke publikoa «nahikoa» izatea.