Etxebizitzagatiko hobari eta karga fiskal berriak adostu dituzte EAJk eta PSEk

Etxejabeei hobariak emango dizkiete alokairuetan erakunde publikoen bitartekaritza onartzeagatik eta erreferentziazko indizearen araberako prezioa ezartzeagatik. Erosle gazteei, berriz, ondare eskualdaketen gaineko zerga gutxituko diete.

Herritar bat bere etxeko giltzak erakusten, LABek joan den larunbatean Iruñean etxebizitza eskubidearen alde egindako manifestazioan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Herritar bat bere etxeko giltzak erakusten, LABek joan den larunbatean Iruñean etxebizitza eskubidearen alde egindako manifestazioan. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaut matauko rada
2026ko urriaren 22a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk eta PSE-EEk iragarri berri dute akordio batera iritsi direla etxebizitzaren alorreko hobari eta karga berriak ezartzeko, bai PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, eta bai OEZ ondare eskualdaketen gaineko zergari dagokionez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek aplikatuko dituzte neurri berriak, eta adierazi dute etxebizitzaren krisia konpontzen laguntzeko helburua dutela.

Finean, baliabide edo ondasun gutxi dituztenei hobari fiskalak eskainiko dizkiete (gazteei batez ere), izan etxebizitza erostean edo alokatzean. Bestalde, etxebizitzak alokatzen dituzten jabe batzuei ere hobariak eskainiko dizkiete, betiere etxeak erakunde publikoen bitartekaritzaren bidez alokatzen badituzte eta erreferentziazko indizearen araberako prezioak jartzen badituzte. Azkenik, karga fiskala handituko diete etxebizitzak hutsik dituztenei eta etxebizitza asko dituztenei.

Honako hau adierazi dute alderdiek, itunaren xedeari buruz: «Ituna lagungarria da herritarrek etxea prezio eskuragarri batean lor dezaten eta alokairuak baldintza arduratsuetan eskain ditzaten, eta exijentzia fiskal gehiago jartzen dizkie etxebizitza espekulatzeko erabiltzen dituenei. Urrats garrantzitsua da etxebizitzaren erronkari aurre egiteko erantzun fiskalean».

Etxebizitza erosten duten 36 urtetik berako gazteentzat, %25 murriztuko dute ondare eskualdaketen gaineko zerga. Bi zerga tipo daude: %4koa bata, eta %2,5eko murriztua, ohiko etxebizitza bada. Biei aplikatuko diete %25eko murrizketa; beraz, aurrerantzean etxebizitza bat erosten duten 36 urtetik beherako gazteek %3ko zerga ordaindu beharko dute, edo %1,75ekoa erosten duten etxea ohiko etxebizitza izango bada.

Hobariak alokatzaileentzat

Alderdiek «praktika onak» deritzotenak saritu nahi dituzte akordio berriaren bidez. Hori dela eta, etxeren bat alokairuan duten jabeen hobaria are gehiago handituko dute. Hori bai, hobari berri hori baliatu ahal izateko, etxebizitza horren alokairu kontratuak erreferentziazko indizearen araberako prezioa izan beharko du, edo bestela, erakunde publikoek dituzten bitartekaritza programak erabili behar dituzte. %70eko hobaria izango dute halakoek, eta %75era igoko dute etxebizitza hori jabeak duela gutxi berriztatu badu edo maizterra 36 urte baino gazteagoa bada.

Aurrez aipaturiko bi baldintza horiek betetzen ez dituztenean ere hobari berriak izango dituzte: maizterra 36 urte baino gazteagoa bada edo etxebizitzari berrikuntza bat egin badiote, hobaria %30etik %35ekoa igoko da.

Karga gehiago jabe handiei

Etxebizitza asko dituzten jabeek beste bat erosten badute, handitu egingo diete OEZ zerga. %4tik %5era handituko diete hirugarren etxebizitza eskuratzen badute, eta %6ra bosgarrena bada. Hamargarrenetik aurrera, berriz, %7koa izango da.

Azkenik, jabe handiek eskubidea izango dute sozietateen gaineko zergan hobariak izateko, betiere alokairuek erreferentziazko indizearen araberako prezioak badituzte.

Gainera, tentsio handiko eremutzat aitortutako udalerriei EAJk eta PSE-EEk eskubidea emango diete ondasun higiezinen gaineko zerga handitzeko. Zehazki, baldintza hori betetzen duten udalerriek %150 handitu ahalko dute zerga hori.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA