ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sareak Europa osoko hizkuntza aktibisten 180 erakunde ordezkatzen ditu. Bartzelonan egunotan egin duten urteko biltzarrean, hizkuntza eskubideen alde jarraituko dutela berretsi dute. Gaur goizean, erakundearen asmoen berri emateko hizketaldiaren amaieran egindako adierazpenetan, erakundeko presidente Elin Haf Gruffydd Jonesek gogoratu du «lobby lan» hori batez ere NBE Nazio Batuen Erakundean eta EB Europako Batasuneko erakundeetan egiten dutela, eta espazio bi horietan irmo jarraitzea dela asmoa heldu den urte honetan ere. Batasuna erakuste aldera, talde argazki batean ere elkartu dira sareko erakunde guztietako ordezkariak, urteroko eran.
EB Europako Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizial egiteko eskaria mahai gainean dago. Espainiako Gobernuak hainbatetan eraman du eskabide hori Europako Kontseilura, eta ez da oraindik onartu, baina lan ildoetako bat eskabide horren inguruan ardaztuko dela esan du ELENeko lehendakariak. Lehen ere adierazi du erakundeak erabaki horrek nolako garrantzia izango lukeen, eta berretsi egin du gaur. Adibide jakin batekin azaldu du Jonesek aldaketaren garrantzia, berak gertuko duen errealitate linguistiko bati erreparatuta: galesa eta irlandera alderatuta. Irlanderak lortua du ofizialtasuna Europako Batasunean; galeserak, ez. Eta horra: «Guk, Galesen, hiztun gehiago ditugu, gure hizkuntza gehiago erabiltzen dugu, baina haiek egitura digital sendoagoa dute». Hain justu ere, ofizialtasun osoa lortzeko prozesuan betebeharretako bat izaten da egitura digital sendo bat izatea, eta, egun, pantailek jositako munduan, komunikatzeko moduen antzaldatze betean, erabateko garrantzia du horrek.Â
Batzarrean dituzten tailerretan hainbat gai jorratu dituzte: sareko aktibismoa, etxebizitzaren arazoak hizkuntza komunitateetan duen eragina, gazte mugimenduaren garapena, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eguneratzea eta hizkuntza mehatxatuak indartu eta euren komunitateak ahalduntzea helburu duen Fosterlang proiektu berria, besteak beste.
Kataluniako aurrerabideak
Bartzelonan denez aurten ELENen bilkura, oso presente dago katalana. Kataluniako Generalitateak propio hizkuntza politikarako departamentu bat du orain. Francesc Xavier Vila da kontseilaria, eta hizlari jardun du bilkuran gaur goizean. Nabarmendu du hizkuntzaren gaineko ardura gobernu osoak hartu behar duela. «Izan ere, hizkuntza politikek zeharkakoak izan behar dute: ezin dira izan sail jakin baten kontua». Â
Beren xede nagusiak zerrendatu ditu. «Ezagutza hedatzea da helburuetako bat». Migrazio joan-etorrien ondorioz, bereziki, hor eragin behar dela ebatzi dute, eta ekintza zuzenak dituzte martxan: «Eraldatzen ari gara helduei irakasteko sistema». Irakastea nahi dute, ikasteko eta, gero, erabiltzeko. «Erabilera erraztea da gure bigarren lan lerroa; horrek eskatzen du eremu guztietan jardutea». Hirugarren lan ildoa da katalana bera  «legitimatzea» eta «erabilera normalizatuko» duten urratsak egitea erakundeek. Laugarren ildoa «baliabideak» dira: «Generalitateko departamentu guztietan». Eta azkena da «katalanaren aldeko diskurtsoak» sustatzea.Â
Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionala onetsi dute aurten, eta hor jasota daude zimenduak helburu nagusi horietan urratsak eginez joateko.
Â
ABENDUAREN 27KO EKITALDIA BABESTU DUTE
Bilbon izan zen iaz ELENen urteko biltzarra, eta hantxe, bilkura haren abaroan, Euskalgintzaren Kontseiluaren ekinbidez, ebazpen bat onartu zen esateko euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Abisu hura «indarraldirako» deia izatea nahi zuela esan zuen orduan Kontseiluak eta, hain justu ere, hizkuntza politika berri baterako bidean urrats esanguratsuak sustatu ditu iragan hilabeteotan. Udazken honetan, adibidez, Batuz Aldatu proposamena jarri dute mahai gainean, Euskal Herriko 113 eragile askotarikorekin. Euskaltzaletasunaren sua berriz suspertze aldera, berriz, ekitaldi jendetsu bat egin nahi dute abenduaren 27an, Bilbon.
Gaur, Bartzelonan, ekitaldi horren aldeko deia berritu dute, eta ELENen babesa jaso du. Erakundearen batzarrak aho batez onartu du Kontseiluak aurkeztutako ebazpena, eta Bilboko ekitaldira joateko deia egin die herritarrei, euskararen «pizkunde berri baterako» indar kolektiboa sortzeko. «Euskarak, edo beste edozein hizkuntzak, etorkizuna izan dezan, unibertso bat behar du: adierazpen, iruditeria eta erreferentzia partekatuen mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskal kultura, zailtasunak gorabehera euskara hautatzen duten sortzaile eta kultur langileek eraikitzen dutena. Guztion artean sortu eta partekatzen dugun unibertso bat da», jaso dute ebazpenean.
Â