Kartzela zigorrik ez, baina milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaintzeko zigorra ezarri diete Aroztegia auziko zazpi auzipetuei. Horri aurre egiteko dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko dutela iragarri du gaur Aroztegiko Elkartasun Komiteak, «herritik eta herriarendako erantzuteko asmoz»: «Helburua denen artean 70.000 euro biltzea da. Horretarako, kontu korronte bat ireki dugu nahi duen guztiak bere ahalmenaren arabera ekarpena egiteko».
Gogoratu dute duela lau hilabete iritsi zela lehenbiziko epaia, Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiarena. Ebazpen hark bazter utzi zuen «talde kriminalaren» akusazioa, eta zazpi auzipetuek kartzela zigorra saihestu zuten, eta, horrez gain, «antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa» ere saihestu zela erran zuten.
Lehenbiziko sententzia haren kontra, akusazioak helegitea jarri zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian —epaileak ez zuen aintzat hartu—. Ordea, komitearen erranetan, enpresak «bide judiziala luzatu nahian jarraitzen du, helegite gehiago aurkezten. Ondorioz, herri honek pairatzen duen errepresio juridiko eta ekonomikoak aitzin segitzen du. Epai hau behin betikoa ez bada ere, ez dugu arrazoirik pentsatzeko etorkizunean etorriko diren helegiteek gure kontrako zigor ekonomikoa arinduko dutenik», adierazi dute. Eta horregatik abiatu dute dirua biltzeko kanpaina, eta kontu korronte bat zabaldu, ekarpenak biltzeko.Â
Horrez gain, orain arte herriz herri auzolanean bidelagun izan dituzten guztiei kanpainarekin bat egitera deitu dituzte, eta «auzoz auzo eta herriz herri» ekintzak antolatzera, diru bilketarekin laguntzeko. «Esker mila denei! Aroztegia geldituko dugu!», amaitu dute.Â