Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du aintzat hartu Aroztegiko proiektuaren enpresa sustatzaileen helegitea, eta berretsi egin du Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiak iazko irailean emandako epaia: Aroztegiko proiektuaren aurkako aktibistak ez dira talde kriminaleko kide. Erran.eus tokiko hedabideak eman du erabaki judizialaren berri.
Izan ere, irailean Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiak plazaratutako epaian zazpi auzipetutakoak zigortu zituzten «obrak geldiarazteagatik eta indarkeria delituagatik», baina baztertu egin zuten talde kriminalaren akusazioa. Proiektuaren sustatzaileek erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 1. atalak alde batera utzi du enpresen errekurtsoa, eta irailean hartutako erabakia berretsi. Beraz, zazpi auzipetuen zigorra mantenduko da: 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoak, baina kartzela zigorrik gabe.
Iraileko epaiari aurkeztutako errekurtsoan, enpresek talde kriminalaren akusazioa mantentzea eskatu zuten; argudiatu zuten leporatutako gertakariek argi erakusten dutela «auzipetuen borondatea delitu gehiago egiten segitzeko, proiektua inoiz gauzatuko ez dela ziurtatzeko». Auzitegi Nagusiak erantzun du ezinezkoa dela «errekurtsoa onartzea eta absoluzio epaia ezeztatzea entzunaldi publikorik egin gabe, non akusatuari, egotzitakoa egin izana ukatzen duenari, entzun beharko zitzaion». Gainera, sententziak baliogabetu du enpresen beste argumentu bat, «epaian frogen balorazio okerra» egin zela zioena.
2021eko protestak
2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako Lekarozen, hau da, 350 biztanleko herri batean. Bada, protesta horiengatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako.
Lau urtez Damoklesen ezpataren mehatxupean bizi ondoren, 2025eko maiatzean izan zen epaiketa, eta irailean iritsi zen epaia. Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiaren ebazpenak arnasa eman zien auzipetutakoei eta horiek babesteko herri mugimenduari: ez zuten kartzelara joan beharko. Nolanahi ere, isunak ezarri zizkieten zazpiei; bakoitzari gehienez 9.900 eurorenak. Epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten eta langileen lana oztopatu zuten, eta, hortaz, derrigortze delituagatik zigortu zituzten; baina epaileak ez zuen froga nahikorik antzeman «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko.
Handik egun batzuetara epaiari buruzko iritzia plazaratu zuten Aroztegiko Elkartasun Komiteak, Elizondon egindako agerraldi jendetsu batean. Orduan esan zutenez, «zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, herri mugimenduek badugu zer ospatu». Ontzat eman zuten, hortaz, «talde kriminal» bat osatzen zutelako akusazioa bertan behera utzi izana, baina gogorarazi zuten erabaki horrek «argi-ilun anitz» utzi zituela. Izan ere, adierazi dutenez, kartzela zigorrari izkin egin badiote ere, ez da «ez bidezkoa, ezta onargarria ere», milaka euroko kalte ordaina eta isuna ordaintzera zigortzea: «Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua!».