Elkartasun kanpaina bat abiatuko du Palestinarekin Elkartasunak, isunei eta epaiketen kostuei aurre egiteko

Agerraldi bateratua egin dute gaur deklaratzera deitutako zenbait kidek eta plataformako bozeramaileek, Donostian. Azpimarratu dute «zilegia eta beharrezkoa» dela palestinar herriaren eta erresistentziaren aldeko mobilizazio eta borroka forma oro.

Palestinarekin Elkartasuna taldearen agerraldia. JON URBE / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna taldearen agerraldia. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko abenduaren 10a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Denon garaipena izan da Vuelta oztopatzea eta sionismoaren konplizeak seinalatzea. Orain, errepresioari denon artean erantzun beharrean gaude». Horrela mintzatu dira gaur Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak, lau ekintzari edo protestari lotuta taldeko zenbait lagunek aurre egin beharko dieten isunei eta epaiketei erreferentzia eginez: Donostiako Zinemaldiaren bueltan Zurriola zubian desobedientzia ekintza bat egitea leporatzen diote bati, eta Vueltan Irunberrin (Nafarroa), Enekurin (Bizkaia) eta Bilbon Israel Premier Tech taldearen kontrako protestetan parte hartzea bertze hainbati. Bada, errepresioa salatzeko eta kostu ekonomikoei aurre egiteko kanpaina bat abiatuko dute datozen asteetan.

Agerraldi bateratua egin dute gaur deklaratzera deitutako zenbait kidek eta plataformako bozeramaileek, Donostian. Bertan esplikatu dutenez, isunei eta epaiketen kostuei aurre egiteko dirua biltzeko kanpaina bat martxan jarri dute —hemen—, eta materiala ere salduko dute. Horrez gain, deklaratuko dutenei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak ere eginen dituzte: bihar, erraterako, Donostiako Auzitegiaren aitzinean elkartuko dira 09:15ean, Zurriolako ekintza egitea egozten dioten herritarra epaitegira joanen delako; eta abenduaren 18an ere bertze elkarretaratze bat eginen dute, Irunberriko auzipetuei babesa adierazteko.

Horrez gain, gogoratu dute urtarrilaren 14an epailearen aitzinean izanen direla Bilboko helmugan atxilotu zituzten hiru lagun, eta Enekurin Vuelta oztopatu zuten bortz lagunek 3.000 euroko isuna jasoko dutela. 

Agerraldian salatu dutenez, Palestinarekiko elkartasun mugimendua indartzearekin batera, horien kontrako errepresioa «areagotu» egin da, «bereziki Israelen konplize diren Mendebaldeko herrialdeetan». «Izan ere, estatu genozidaren erasoaldi bortitzenaren aurrean, elkartasun mugimendu indartsu baten existentziak kontakizun sionista ez nagusitzeko arriskua dakarkie, eta hori ahalik eta gehien oztopatzeko interesa dauka Mendebaldeko oligarkiak». Halere, sinetsita daude elkartasunak «palestinar herriaren zein erresistentziaren aldeko iritzia» nagusitzea lortu duela. 

Izan ere, plataformaren irudiko, elkartasun mugimenduei esker hainbat gauza lortu dituzte: «Euskal Herrian bertan, 2025eko apirilean Israel Premier Tech taldeak Lizarran ez parte hartzea, ekainean Donostian jokatzekoa zen junior mailako surf txapelketa bertan behera uztea Israelen parte hartzeagatik, Elitzur Ramla taldeak Gernikan ez jokatzea, Sestaoko xake txapelketan jokalari israeldarrek ez parte hartzea eta Sidenorrek edo AMC Mecanocauchok harreman komertzial batzuk bertan behera uztea».

Bada, bide horretan, Vueltaren harira piztutako desobedientzia zikloa «sinbolo» bihurtu da, plataformaren erranetan. Hortaz, azpimarratu dute «zilegia eta beharrezkoa» dela palestinar herriaren eta erresistentziaren aldeko mobilizazio eta borroka forma oro, ekintza zuzena eta desobedientzia barne.

Hipokrisia

Egoera horren harira instituzioek duten jarrera kritikatu dute, eta horien hipokrisia «agerikoa» dela nabarmendu. «Diskurtsoak Palestinako genozidioaren aurkako hitzez eta Israelekin harremanak eteteaz bete badituzte ere, herri langilea izan da hori praktikan jarri duena. Orain, ordea, gobernuek Israelen eta haren konplizeen aurkako neurri efektiborik edota zigorrik hartu ez, eta beraiek hitzez esandakoa ekintzez gauzatu dutenen kontra bidali dituzte poliziak eta auzitegiak», erran dute.

Ez dute utziko hori normalizatzen, horrek errepresioa bera gogortzeko baldintzak jarriko lituzkeelako, plataformaren erranetan. Hala, haien irudiko, «borrokatzeko baldintzak hedatzeak» izan behar du injustizia orori aurre egiteko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.