Falange Espainolak 2025eko urriaren 12an Gasteizen egindako elkarretaratzearen ondotik, hamalau elkarte memorialistek haren aurkako salaketa aurkeztu zuten Gogora institutuan, memoria demokratikoaren legea urratzea egotzita. Iritzi zioten talde faxistak Probintzia plazan aldarrikatutako leloek, erabilitako sinboloek eta egindako keinuek frankismoa goratzen zutela eta haren biktimak umiliatzen zituztela. Eusko Jaurlaritzako memoria erakundeak espediente bat zabaldu zuen gertatu zena ikertzeko. Alta, urtebeteren ondoren, espedientea artxibatu egin duela salatu dute. Gogora-k, baina, erantzun du ez dela preskribatu, eta prozesuarekin aurrera jarraitzeko asmoz direla.
Duela bi aste jaso zuten jakinarazpena elkarte memorialistek. Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak berak adierazi zien zehapen espedientea «iraungi» egin zela, eta, beraz, artxibatu beste aukerarik ez zutela. Elkarte memorialisten arabera, ordea, tramitazio akats batek eragin du erabakia, Falange Espainolak erabilitako «azpijokoen» ondorioz salaketa izapidetzeko epeak behar baino gehiago luzatzea eragin baitzuen.
Izan ere, EAEko administrazio publikoen zigor ahalmena arautzen duen 1/2023 legearen arabera, erakunde batek sei hilabeteko epea du prozedura ebazteko; hala egin ezean, iraungi egingo da. Eta hori da, hain zuzen ere, Falangearen aurkako salaketarekin gertatu dena. Gogora-k ez baitio talde faxistari behin betiko ebazpena jakinarazi, ez baitu espedientea osatzerik lortu, besteak beste, memoria erakundeak epeak atzeratzen utzi diolako eskuin muturreko taldeari, salatu dutenez.
Elkarte memorialisten arabera, Gogora-k berak oharrean aitortu zien Falange Espainolak mota guztietako dokumentuak, frogak eta adierazpenak eskatu zizkiola, «alferrikakoak eta desegokiak» denak ere. Halaber, bidali zitzaizkien EITBren irudien estekak irekitzeko ezina ere adierazi zuten, eta, beraz, epeak luzatzeko galdea egin. «Atzerapen maniobra horiek onartu egin zituen Gogora-k, baina ez zuen espedientearen iraungitze epea eten», deitoratu dute.
Horiek horrela, adierazi dute ulertezina eta onartezina dela Gogora-k erakutsitako «utzikeria». Eta haserre sakona adierazi dute salaketa artxibatu izanagatik: «Gaur egungo testuinguruan, faxistek gure kaleetan frankismoaren apologia egin ahal izatea, eta gainera, herritarrak larri zauritu zituen istiluak eragitea ezin da ezerezean geratu».
Gogoraren irakurketa
Gogora-k, baina, ez du bat egiten eragile memorialistek egin duten irakurketarekin. Institutuko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, euren asmoa da zehapen prozedurarekin jarraitzea. Argudiatu dute prozedura iraungitzat jo eta artxibatu arren, ez dela hori auziaren amaiera, eta erabaki hori hartu dutela «prozesuari berrekiteko» asmoz.
Iturri horien arabera, auzia iraungitzat jotzeko erabakia prozesu administratiboa gauzatzeko moduarekin lotuta dago. Sei hilabeteko epea zehazten du ebazpen bat emateko, baina prozesu zigortzaile bat epe horretan egitea «zaila» dela aitortu dute; besteak beste, prozesua «oso garantista» delako. Hala, epea gainera zetorrela ikusita, argudiatu dute «aurrea hartzea» erabaki dutela.
Halere, adierazi dute prozesuari berriro ekiteko modua dagoela, «zerotik hasi gabe», orain arte egindako urratsak kontuan hartuta, eta hala egiteko asmoa duela Gogora-k. Hain zuzen, azaldu dute «iraungitzeak» ez dakarrela berarekin preskripzioa, horretarako epea bi urtekoa baita.