Gogora Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak zehapen espediente bat ireki du Falange Espainola ultraeskuineko taldearen aurka, iazko urriaren 12an Gasteizen antolatutako elkarretaratzeagatik. Institutuak salatu du ekitaldi horrek urratu egin zuela EAEko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea. Gogora-k argitaratutako oharrean azaltzen ez bada ere, ebazpenaren oinarrian hamalau elkarte memorialistak egindako salaketa dago, eta horiek prozesuaren parte dira.
BERRIAk jakin duenez, elkarte horiek urriaren amaieran salatu zuten Falangek Gasteizko Probintzia plazan egindako mobilizazioan zein inguruetan jazotako gertaeretan 9/2023 legean jasotako arau hauste administratiboak eman zirela, eta hori da ebazpenera arteko bidearen oinarri nagusietako bat. Era berean, Gogora-k ere aurretiazko informazio eginbideak ireki zituen garai berean, arau hausterik egon ote zen zehazteko eta horien egileak identifikatzeko asmoz, eta gerora Ertzaintzak berak auziaz egindako txosten bat ere jaso zuen, norabide berean.
Izan ere, Hispanitatearen Egunaren harira, Falange Espainolak elkarretaratze bat antolatu zuen Gasteizko Probintzia plazan, Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean. Besteak beste, bandera frankistak erakutsi zituzten, Cara al sol abestu, eta frankismoa goratzeko adierazpenak eta agur faxistak egin.
salaketa jarri zuten elkarteak
Ondorengo elkarte memorialistek jarri zuten Falangeko kideen kontrako salaketa: Goldatu, Intxorta, Sanferminak 78 Gogoan, Martxoak 3, Gernika Batzordea, Arabako Ateneo Errepublikanoa, Gogoan Sestao, CNTren Memoria Historikoaren Batzordea, Nicolas Guerendiain, Kepa Ordoki, Oroituz Andoianen, Tolosako Foro Errepublikanoa, Martxoak 6 Juan Gabriel Rodrigo Knafogatik eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia.
Gogora-ren espedientearen arabera, manifestazio horretara joandakoek egindako adierazpenek eta erakutsitako banderek legea urratzen dute. Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak arau hauste larritzat jotzen ditu 36ko gerrako eta frankismoko biktimen eta haien familien duintasunaren kontrako adierazpenak, baita frankismoaren gorespenak ere. Arau hauste larrietan, legeak zehazten du 2.001 eta 10.000 euro arteko isuna ezar daitekeela.
Bost hilabete geroago, ordea, Gogora-ren ebazpenak dio Ertzaintzak ez diela parte hartzaileen identifikazioen inguruko berririk eman, nahiz eta sare sozialetan eta hedabideetan elkarretaratzean egindako dozenaka irudi zabaldu ziren. Hala, Falangeri ireki diote espedientea, erakunde gisa, eta hark alegazioak aurkeztu ahal izango ditu orain.
Ertzaintzak urrian espediente bat ireki zuen ekitaldiaren antolatzaileen aurka, argudiatuta Espainiako «Konstituzioaren aurreko banderak erabili» zituztela eta ez zutela bete «Herritarren Segurtasunari buruzko Legea». Poliziak, baina, ez zuen eskuin muturreko kideen kontra egin urriaren 12an; bai, aldiz, Falangearen ekitaldia oztopatzeko asmoz mobilizatu zirenen aurka. Ertzaintzak atxilo hartu zituen hemeretzi pertsona, guztiak eskuin muturreko alderdiaren kontra protestatzera joanak, eta gerora Aritz Ibarra ere identifikatu zuten. Hari masailezurra hautsi zion Ertzaintzak, foam jaurtigai batekin, eta desordena publikoak eta aginteari atentatua egozten dizkiote, besteak beste.Â