Saiz: «UPNk Nafarroaren alde egin duen bakarra da PPren programa azpikontratatzea eta Voxekin hitzartzeko gogo hori bere egitea»

PSNko Nafarroako zerrendaburuaren esanetan, «kanpainaren amaieran PP husten ari da, ez du ilusioa pizten». Bestalde, Sergio Sayasek (UPN-PP) nafarrei dei egin die inkestez ez fidatzeko eta bozkatzera joateko: «Inkestek ez dituzte gobernuak aldatzen».

Sergio Sayas UPN-PPko hautagaia, koalizioko beste kideekin batera, gaur, Iruñean. UPN-PP
Sergio Sayas UPN-PPko hautagaia, koalizioko beste kideekin batera, gaur, Iruñean. UPN-PP
kristina martin
2026ko azaroaren 26a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elma Saiz PSNko Nafarroako zerrendaburu eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak UPNri eta PPri leporatu die proiekturik ez izatea: «Mahai gainean jartzen ditugun aurrerapen sozial guztien aurka egotea da beren programa, ez dute herrialde honetarako proiekturik».

Saizen esanetan, «kanpainaren amaieran gaudela, ikusten ari gara Alderdi Popularra husten ari dela, ez duela ilusiorik pizten». Gainera, salatu duenez, PPk hauteskundeak irabaziko balitu, Voxekin batera gobernatuko luke, eta ministerio batzuk utziko lituzke «sistema publikoa arbuiatzen duen alderdi baten esku».

UPNrentzat ere kritikak izan ditu PSNko zerrendaburuak: «Nafarroaren alde egin duen bakarra da PPren hauteskunde programa azpikontratatzea eta Voxekin hitzartzeko gogo hori bere egitea». UPNri egotzi dio, aukera izan duen bakoitzean, pentsioen balioa handitzearen kontra bozkatu izana: «Kontra bozkatu dute ez dutelako pentsioen sistema publikoan sinesten».

Saizen arabera, PSOE bi alderdi horien kontrako norabidean kokatu du, eta gogorarazi du, besteak beste, gurasotasun baimenak hogei astetara luzatzea onartu berri duela, eta hori «seme-alaben zaintzan erantzukidetasunaren aldeko» neurria dela.

Horrekin lotuta, kritikatu du PPko presidentegai Alberto Nuñez Feijook iradoki izana neurri sozial hori baliogabetzeko asmoa duela: «Feijoori entzun diogu esaten neurri hori paper errea dela. Beraz, hori da haien proposamen bakarra, neurri sozial horiek indargabetzea, 50 urte atzera egin dezagun».

Sayas: «Espainia berreraikitzeko plana»

UPN-PPk Nafarroan osatutako koalizioko hautagai Sergio Sayasek, aldiz, nabarmendu du PSOE eta Espainiako Gobernuaren aldeko blokea «beldurraren kanpaina» egiten ari direla eta «arerio politikoaren izen ona zalantzan jartzen» ari direla. Iritzi dio hori «desesperazioaren ondorioa» dela. PPk eta UPNk, ostera, «Espainia berreraikitzeko plan bat» dutela baietsi du Sayasek, eta ilusioz eta itxaropenez beteta daudela.

Inkestek eskuineko eta eskuin muturreko alderdiei garaipena ematen dieten arren, Sayasek nafarrei dei egin die «gehiegi ez fidatzera»: «Inkestek eta haserreak ez dituzte gobernuak aldatzen, gobernuak aldatzen dituzten bakarrak botoak dira». Nafarroari begiratu dio, eta gogorarazi du UPN-PP koalizioak hirugarren jesarlekua eskuratzea posible dela —inkestek bi ematen dizkiete, beste bi PSNri eta bat EH Bilduri—.

Horretarako, kanpaina osoan egin legez, boto baliagarrirako dei argia egin du Sayasek: «Botoa eskatzen diegu beti eman digutenei, bai eta, inoiz eman ez diguten arren, larrialdi nazional bat dagoela ulertzen dutenei, zalantza dutenei eta suminduta daudenei ere».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA