Boluntarioak (eta VI)

Eltzea bete elkartasun

Ezer ez dutenei otordu bero bat ematea, horra Euskal Herriko zenbait boluntario elkarteren xedea: Paris 365 eta Kaleko Afari Solidarioak Iruñean eta Donostian errotuta daude, hurrenez hurren. Zaporeak elkartea, berriz, errefuxiatu eremuetan aritzen da.

Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko boluntarioak, etxegabeei dilistak banatzen. JON URBE/FOKU
Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko boluntarioak, etxegabeei dilistak banatzen. JON URBE/FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak
 

«Nireak ez du meriturik. Hona datorren bakoitzari platerkada bat menestra eta oilasko puska bat zerbitzatzea? Edonork egin dezake hori», purrust egin du Joaquinek, amantal urdina lotzen duen bitartean. Joaquin Martinikorena, 76 urteko iruindarra. Aspalditxo hartu zuen erretiroa, baina beharrean segitzen du, gelditu gabe. Boluntarioa da Iruñeko Paris 365en, eta afariko txanda egiten du San Lorentzo karrikako jantoki sozialeko barran. Ez du uste bere lanak garrantzirik duenik batere. Proiektua, hortxe lehentasuna.

«Honek egunero-egunero funtziona dezan, beharrezkoa da jende askoren lana: elikagaiak eskuratzea, hornitzaileekin eta banatzaileekin negoziatzea, adminstrazio kontu guztiak kudeatzea, kozinatzea... Horrek bai, horrek badu meritua». Dozenaka boluntariok osatutako kate horretan, baina, katebegi guztiak dira beharrezko. Baita platerak zerbitzatzeaz eta jantokia garbitzeaz arduratzen diren horiek ere. Edonork egin dezakeen lana, Martinikorenaren esanetan, baina edonork egiten ez duena.

Jantoki sozial bat baino askoz gehiago da Paris 365. Bertan, laguntza integrala eskaintzen diete bazterrean bizi direnei, jatekorik ez dutenei edo kalean bizitzea beste erremediorik ez dutenei. Argi dute, dena den, zein den lehentasuna: behar duenari otordu bat eskaintzea. «Lan sozial izugarria egiten da hemen», esplikatu du Martinikorenak: «Informatika tailer bat dugu, paperak lortu nahi dituztenentzako laguntza, haurrentzako txoko bat... Baina, ororen gainetik, gure egitekoa da jatekoa bermatzea. Hona datozen gehienentzat, hau da egunean hartuko duten otordu bero bakarra».

«Gure asmoa zen jantoki soziala itxi behar izatea; tamalez, ez dugu lortu: zerbitzua inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun»

JOAQUIN MARTINIKORENA Paris 365

Boluntario beteranoenetako bat da Martinikorena. Hamar urte baino gehiago daramatza Paris 365en lanean, «barraren bestaldean beti». Proiektuak hamabost urte bete zituen iaz: 2009ko ekainean jarri zuten martxan, 2008ko krisialdi ekonomikoaren ondorioak apaltzeko xedez.

Garai hartan, aparejadore lanetan ari zen oraindik. Ezinezko zitzaion boluntario aritzea, baina, proiektuaren parte ez izanagatik ere, sostengua eman zion hasieratik. «Patxi Lasaren burutazio ero bat izan zen Alde Zaharrean jantoki sozial bat irekitzea», gogoratu du, irribarrez. «Garai hartan ez zegoen halakorik Iruñean, erakunde publikoek ez baitzuten gutxieneko beharrak asetzeko zerbitzurik ematen». Hortaz, aitzindari izan zen Paris 365; hura ireki eta hiru urtera, Iruñeko Udalak On Egin jantokia zabaldu baitzuen. «Bidea urratu genuen, bai, baina gure asmoa ez zen honetan betikotzea. Hasieratik, gure helburua zen jantokia itxi behar izatea erabiltzaile faltagatik. Tamalez, ez dugu halakorik lortu: zerbitzua inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun».

Gosearen aurpegiak

Duela hamabost urteko egoera eta gaur egungoa «arras ezberdinak» direla uste du Martinikorenak: «Eraikuntzaren krisia izan zen 2008ko hura, eta jende ugari hondoratu zen. Ezagun batzuk ikusi nituen Paris 365en, bazkarirako ilaran. Arkitektoren bat edo beste ere bai, e!», gogoratu du. Orain, ordea, aldatu egin da jantokira jotzen dutenen soslaia. Gaur egun, Afrikatik iritsitako migratzaileak dira zerbitzua erabiltzen duten gehienak: «Magrebtarrak, Saharaz hegoaldekoak... Behar latza dute, oinarrizkoena ere falta dutelako. Kamioien azpialdeetan ezkutatuta etorri dira Europara asko eta asko, edo txalupaz. Istorio lazgarriak entzuten dira hemen».

Joaquin Martinikorena Paris 365
Joaquin Martinikorena boluntarioa, Paris 365 jantokiaren atean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erabiltzaile kopuruan ere nabaritu dute aldea: egun, «pandemiaren aurreko urteetan zetozenak halako bik» jotzen dute Paris 365era, eta jantoki sozialak gainezka egin du. «San Lorentzo kaleko lokalean 50 bat lagun sar daitezke, eta egunero geratzen zaigu jendea kanpoan, zain. Hirurogei ingururi ematen diegu zerbitzua, baina honek ere baditu bere mugak: nahita ere, ezin ditugu egunean ehun otordu baino gehiago eman». Egoera horretan, udalaren eskaintza murritzegia da bazterrean bizi direnen beharrak asetzeko: «Hor dago On Egin udal jantokia, baina hara Iruñean erroldatutakoak baino ezin dira joan; hortaz, paperik gabekoak gurera etortzen dira, ez dute beste aukerarik».

Iruñean bezala, Donostiako Parte Zaharrean ere boluntario talde baten ekimenez sortu zen etxegabeei otordu bero bat emateko proiektua: KAS Kaleko Afari Solidarioak. Duela bost urte abiatu zuten proiektua, «kasualitatez», Agus Rodriguez sustatzaileak azaldu duenez. «2020ko azaroan izan zen, igande euritsu batean. Infernua auzoko eraikin zahar bat hustu zuen Donostiako Udalak, eta etxerik gabe geldituak ziren etorkin gazte batzuk ikusi genituen Plaza Berriko arkupeetan. Gu kuadrillan genbiltzan poteoan, eta haiengana hurbildu ginen, ea zer edo zer behar zuten. Berehala erantzun ziguten gose zirela eta zerbait beroa eskertuko luketela». Esan eta egin.

«Kale gorrian bizi direnak ikusezin dira gizartearentzat; hortaz, saiatzen gara gurekin ematen duten tartetxo hori atsegin bihurtzen»

AGUS RODRIGUEZ Kaleko Afari Solidarioak

Whatsapp bidez egin zuten deialdia, eta hainbat bizilagun elkartu ziren, jatekoa prestatu eta etxegabeen artean banatzeko. Donostiako Parte Zaharrean ez ezik, Egia auzoan ere afariak prestatuko zituen talde bat sortu zuten 2021ean, eta, hilabete batzuen buruan, Amaran ere bai. Horrela jaio zen Kaleko Afari Solidarioen sarea. Gaur egun, 250etik gora boluntario dira, eta 300 pertsonari baino gehiagori ematen diete jatekoa.

Rodriguezen esanetan, hiru ardatz nagusi ditu egitasmoak. Lehenengoa: gose direnei otordu bero bat ematea. «Ez diogu inori galdetzen nondik datorren. Izan daitezke marokoarrak, senegaldarrak, euskal herritarrak, espainolak, alemanak edo hegoamerikarrak. Berdin digu. Denei ematen diegu jatekoa». Bigarrena: elikaduraz harago, gertutasuna eskaintzea. «Kale gorrian bizi direnak ikusezin dira gizartearentzat, edo, are okerrago, oso tratu txarra jasotzen dute. Hortaz, saiatzen gara gurekin ematen duten tartetxo hori, gutxienez, atsegina izan dadila». Herrigintza da hirugarren ardatza. Auzoa eraikitzea. «Donostiako Parte Zaharra txikia da, baina KAS sortu baino lehen, gutako askok ez genuen elkar ezagutzen. Geroztik, talde plurala osatu dugu, bakoitzak bere ideiak eta motibazioak ditu, baina denok egin nahi dugu gure ekarpena. Nolabaiteko akuilu izan, balio horiek ez daitezen desagertu gizarte kontsumista honen erdian».

Arrazakeria han eta hemen

Jaten ematea da Zaporeak elkartearen helburua ere. Alta, Euskal Herriko karriketan ez, errefuxiatuentzako esparruetan aritzen dira. Mitilenen, esate baterako (Lesbos, Grezia), sukaldea dute, eta lantalde egonkor batekin batera, hainbat boluntario joaten dira urtero, gerratik eta miseriatik ihesi doazenei «otordu duin bat» emateko xedez. Haietako bat da Edurne Arrizibita iruindarra. 

«Errefuxiatu eremuak kontzentrazio esparruen antzekoak dira; izugarria da europarrok nola edukitzen ditugun immigranteak baldintza horietan»

EDURNE ARRIZIBITA Zaporeak

Elkartean izena eman zuenetik, hirutan izan da Lesbosko eremuan, eta biziki hunkitu zuen han ikusitakoak: «Errefuxiatu eremuak kontzentrazio esparruak dira funtsean, naziek zeuzkatenen aldean ez oso ezberdinak. Izugarria da europarrok nola edukitzen ditugun immigranteak baldintza negargarri horietan».

Greziako Gobernuak errefuxiatuei ematen dien janaria «oso eskasa» dela uste du Arrizibitak, eta hori konpontzeko lanean da Zaporeak. «Gure xedea da jatekoaren bidez elkartasuna adieraztea. Jakin dezatela ez garela haiekin ahaztu». Horrez gain, baina, erakundeen jokabidea salatzeko bide bat ere bada boluntariotza: «Gobernuek eta instituzioek erantzukizun handia dute, baina ez dute beren gain hartzen. Elkarteok egin behar dugu haiek egiten ez duten lana».

ZAPOREAK - SUKALDEA
Zaporeak elkarteak Lesbosko errefuxiatu eremuan duen sukalea, Mitilenen (Grezia). MIKEL O. IRIBAR

Lesbosen bakarrik ez, Euskal Herrian ere bazterketa eta arrazakeria sufritzen dituzte migratzaileek, eta hamaika adibide ikusitakoak dira Paris 365 eta Kaleko Afari Solidarioak egitasmoetako boluntarioak. Iruñeko jantoki sozialean, afalorduko zerbitzua eten behar izan zuten tarte batez, bizilagun batzuk kexu azaldu zirelako. «Esaten zuten giro txarra sortzen zela Descalzos eta San Lorentzo kaleetan, eta Paris 365eko erabiltzaileak jo zituzten horren erruduntzat», esplikatu du Martinikorenak. «Egiazki, ez zen inongo istilurik gertatu. Hori baino sinpleagoa da kontua: bizilagun batzuek ez dute gustuko kalera ateratzea eta beltzak ikustea. Arrazakeria baino ez da». Hori dela eta, afariak poltsatan banatu behar izan zituzten zenbait hilabetez, egoera baretu zen arte.

Beste aldera ez begiratzea

Donostian ere, elkarretaratze bat egin zuen herritar multzo batek iazko urrian —tartean, PPko zinegotziak zeuden—, Kaleko Afari Solidarioen aurka. «Segurtasuna» eskatu zuten bertaratutakoek, eta migratzaileak lapurretekin lotu. Liskarrak ere izan ziren manifestarien eta afarien alde agertu zirenen artean. Hurrengo egunean, Donostiako Udalak debekatu egin zituen Egia auzoko afari solidarioak, «segurtasun arazorik» izan ez zedin, eta ordutik, KASeko boluntarioek Gipuzkoa plazan banatzen dute afaria. Zenbait boluntario seinalatuak izan ginen. Nire argazkia zintzilikatu zuten sare sozialetan, eta nire lantokiko helbidea argitaratu, 'el amigo de los moros' [moroen laguna] esaldiarekin batera. Hori guztia, geure etxeetan eta geure diruarekin egiten dugun ekimen altruista batengatik», kontatu du Rodriguezek, etsipen puntu batez.

Hala ere, gizartearen bidegabekeriak ikusita sumintzea da, hain zuzen, boluntarioen ezaugarrietako bat. «Normalean, boluntario sartzen den orok zenbait galdera egin dizkio bere buruari. Horrek berekin dakar munduaren ikuskera berezi bat, gauzen egoerarekin ados ez egotea eta konpontzen saiatzea. Akaso ez da izanen konponbide erabateko bat, baina bai laguntza bat», azaldu du Arrizibitak. Martinikorena bat dator: «Funtsean, beste alde batera ez begiratzea da boluntario izatea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.