«Berdintasunaren eta feminismoaren alde bi hamarkada baino gehiagotan» egindako lana, eta bide horretan izan dituen «konpromisoa, berrikuntza eta inpaktu soziala» aitortzeko, Mentxu Ramilo Araujori emango diote 2025eko Berdintasunerako Emakunde saria. Wikiemakumeok lankidetza proiektuan, dibulgatzaile eta ikerlari gisa egin dituen ekarpenak nabarmendu ditu Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak. Gaur iragarri dute sariduna, eta datorren urteko udaberrian egingo dute saria banatzeko ekitaldia.
Epaimahaiak bereziki Wikiemakumeok proiektuan egindako lana aitortu dio Ramilori. Elgarrestak azaldu du egitasmo horrek «mundu fisikoan dauden eta mundu digitalera igaro diren arrakalak» murriztu dituela. Adierazi du proiektuak euskarazko Wikipedia entziklopedia askea «emakume erreferentzialez eta editorez eta ikuspegi feministaz» bete duela. Zuzendariaren esanetan, Ramilok erakutsi du ezagutza librea emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko tresna garrantzitsu bat izan daitekeela.
Ramilok ere izan du hitza hartzeko aukera, eta adierazi du beharrezkoa dela «krisi sozial, ekologiko eta ekonomikoen garai honetan» desadostasunak dituztenen artean elkarrizketak izateko guneak egotea. «Elkarrizketa horien bitartez egin baitaiteke justizia sozialean aurrera». Maria de Maeztu foroa —2014ko Emakunde saria— aipatu du gune horien adibide gisa.Â
Politologoak adierazi du gaur iragarri duten aitortza ez dela norbanako bati egindako aitortza, jende askoren lanari egindakoa baizik. Wikiemakumeok proiektuak hamar urtean egindako lanaren lagin bat eman du: «Hamar urte hauetan, 13.000 emakumeren biografiak erregistratu ditugu, eta horien %91 euskaraz. 2020tik gaur arte, euskarazko Wikipedian emakumeen biografiek %13ko hazkundea izan dute; eta horren dimentsioa ikus daiteke inguruko hizkuntzekin alderatuta: katalanez %3ko hazkundea izan dute, gaztelaniaz %2koa, eta ingelesez %1,4koa». Hazkunde horren atzean Durangoko lantaldeak egiten duen lana nabarmendu du: «Ostiralero biltzen dira».
Beste hainbat arlo
Elgarrestak adierazi du epaimahaiak erabakia «aho batez» hartu duela, eta Ramilo hamaika proiektutan aritu izana baloratu dutela. Dibulgazio lanetan «hezkuntza, ikusgarritasuna eta ekintza kolektiboa» uztartuta «kontzientzia eraldatzailea» sortzea aitortu diote, eta emakumeen alfabetatzean eta ahalduntze digitalean egindako ekarpena nabarmendu.
Ikertzaile gisa egin duen lana ere goraipatu dute. Izan ere, Arabako kontzejuetan emakumeen parte hartze politikoa aztertu zuen, eta ikerketa horrek «genero ikuspegidun politikak diseinatzeko eta tokiko erabakiak hartzeko modua» eraldatu ditu. Eta, azkenik, saridunak gune komunitarioak defendatzeko egin duen ahalegina ere azpimarratu du Elgarrestak.
Sariaren balioa
Emakunde saria jasotzeak izango dituen ondorio batzuk aipatu ditu saridunak. Esan du Wikiemakumeok egitasmoak jada martxan dituen saretzeak sendotzen lagunduko diela: «Zehar Errefuxiatuekin elkartearekin lankidetzan ibiltzen gara emakume migratu eta errefuxiatuak ikusarazteko. Horren bitartez emakume horiek protagonistak eta eduki sortzaileak izatea lortzen dugu».
Eta azkenik, jabetza komunaren defentsa egin du: «Publikoak eta pribatuak mediatikoki esanguratsuagoak diruditen arren, erakutsita dago herri kudeaketa ere errentagarria izan daitekeela. Munduaren zati handi bat hala kudeatu da —zaintzak, natura eta abar—, eta emakumeen presentzia esanguratsua dute, baina ikusgarritasunik ez. Asko ikas dezakegu herri ondasunak kooperatiboki kudeatu dituzten komunitateengandik». Eta Marina Garcesen aipu bat erabiliz —«funtsezkoa da erantzukidetasunaren etikaz baliatzea une oro»—, adierazi du orain arte egindako lanari esker «atzoko eta gaurko» emakumeei euren lekua eman dietela.