Bilbon, Donostian, Gasteizen eta beste zenbait udalerritan ezarria dago jada, eta Iruñera helduko da orain. Emisio gutxiko eremua astelehen honetan sartuko da indarrean Nafarroako hiriburuan, zenbait hilabetez hura tramitatzeko lanetan aritu ostean. Arauak are gehiago mugatuko du ibilgailuen joan-etorria hiriko erdigunean: Alde Zaharrean eta Zabalguneko zenbait kaletan, nagusiki.
Iruñeko Udalaren arabera, isuri gutxiko eremuak bi helburu ditu, elkarri lotuak: airearen kalitatea hobetzea eta kutsadura murriztea. Kale hauek zedarrituko dute eremua: Taconera, Navas de Tolosa, Sarasate pasealekua, Ahumada Dukearen kalea, Joan Albretekoa, Vergel eta San Domingo. Perimetro horren barruan, ingurumen etiketa daramaten ibilgailuek soilik izanen dute aukera sartzeko, ibiltzeko eta egoteko, salbuespenak salbuespen.

Iruñean, baina, arau horrek ekarriko dituen aldaketak ez dira izango beste hiriburuetakoak bezain nabarmenak. Izan ere, Joseba Asironen lehen agintaldian, 2017. urtean, udalak SKE sarbide kontrolatuko eremu izendatu zuen Alde Zahar osoa, eta ibilgailuen trafikoa zeharo mugatu zuen horrek. Astelehenean indarrean sartuko den eremuak ez du aurreko hori ordezkatuko, osagarriak izanen baitira: emisio gutxiko eremuak are gehiago zorroztuko du lehendik arautua zegoena.
Ibilgailuak ingurumen etiketa baldin badu, Alde Zaharrean sar daiteke orain?
Printzipioz ez. 2017tik, sarbide kontrolatuko eremuan sartzerik ez zuten ibilgailuak ezinen dira Alde Zaharrean ibili aurrerantzean ere, ingurumen etiketa eduki ala ez. Hori ez da aldatu. Ingurumen etiketa ibilgailuaren haizetakoan itsatsita eraman beharko dute, hori bai, orain arte sartzeko baimenen bat zutenek: banaketa lanetan ari direnek —3,5 metro kuborainoko bolumena duten paketeak banatzeko—, aparkalekurik ez duten hoteletako bezeroek, etxez etxeko janari banatzaileek, ekitaldiak prestatzen ari direnek, eta Alde Zaharrera sartzeko 30 minutuko aldizkako baimena dutenek, alegia.
Zer eranskailu mota beharko dute ibilgailu horiek?
Europako Batasunak ezarritakoak: 0, Eco, B eta C izendapena dutenak.

Ba al da etiketarik behar ez duen ibilgailurik?
Bai, badira salbuespenak. Hauek dira isuri gutxiko eremuan bereizgarri edo etiketarik gabe ibiltzeko baimena dutenak: Alde Zaharreko eta Sarasate pasealekuko bizilagunak; mendekotasunen bat duten herritarrak —bi ibilgailu erregistratzen ahalko dituzte—; mugitzeko gaitasuna mugatua dutenak; garaje edo aparkalekuetan lekuren bat erreserbatua dutenak, hala jabetzan nola alokairuan; saltoki eta hotelen titularrak; zamalanetan, etxe aldaketetan edo konponketa lanetan ari direnak; larrialdietako ibilgailuak; garraio publikoak; Merkatu kaleko eta Joan Albretekoaren kaleko geralekuetara doazenak; eta saltokiek baimendutako aldizkako sarrerak.
Eta Alde Zaharrera etiketarik edo baimenik gabe sartuz gero, zer?
Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, emisio gutxiko eremuan baimenik gabe sartzea arau hauste larria izanen da, eta berrehun eurorainoko isuna ezarri ahalko zaio hori egiten duenari —ehun eurokoa, berehala ordainduz gero—.
Nora jo daiteke informazio bila edo baimenen bat eskatzeko?
Neurri eta arau berriak ezagutarazteko xedez, kanpaina informatiboa abiatu du Iruñeko Udalak: besteak beste, 75.000 eskuorri banatuko dituzte hiriko auzo guztietan, eta informazio zehatza eskaini iruña.es webgune ofizialean, eta baita udalaren sare sozialetan ere.
Isuri gutxiko eremuan sartzeko baimenen bat behar dutenek, berriz, orain arte bezala eska dezakete: 010 telefonoan, udalaren egoitza elektronikoan eta aurrez aurre, Hiritarren Segurtasuneko Arreta Zerbitzuan —Iratxeko Monasterioaren kaleko 2. zenbakian—.