Eneko Goiak Donostiako Aste Nagusia «borobila» izan dela nabarmendu du

Donostiako alkatearen arabera, su artifizialak izan dira ekitaldirik jendetsuena, eta garraio publikoa «inoiz baino jende gehiagok» erabili du.

Eneko Goia Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eneko Goia Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko abuztuaren 18a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Aste Nagusia hastearekin batera, Donostiakoa amaitu egin da. Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du «borobila» izan dela. Gaineratu du su artifizialen ikuskizuna izan dela ekitaldirik jendetsuena, eta garraio publikoak «inoiz baino datu hobeak» izan dituela.

«Arrakasta handiko» zortzi egun izan direla adierazi du Donostiako agintariak, eta jendetzak parte hartu duela antolatu dituzten 300 ekitaldietan; esaterako, esan du 665.000 pertsonak ikusi dituztela su artifizialak. Aurtengoan, Valentziara joan da Urrezko Maskorra, baina, alkatearen ustez, bigarren postuan geratu zen Peñarrojak «irabazteko moduko ikuskizuna» egin zuen. Sagueseko kontzertu jendetsuenak, berriz, Leire Martinez, Morodo eta OBK artistenak izan zirela esan du.

Aste beroa izan da, eta nabaritu dela onartu du Goiak: «Kursaaleko ur parkera makina bat pertsona joan dira, freskatzeko erabili baita». Hala ere, adierazi du zenbait ekitalditan parte hartze txikiagoa izan dela beroagatik.

Ekitaldi guztiak «aurreikusitako moduan» joan direla azaldu du, eta eskerrak eman dizkie Donostia Kultura Festak taldeko boluntarioei eta elkarteei, egindako lanagatik.

Kalkulatu dutenez, 850.000 bidaiarik baino gehiagok erabili dute garraio publikoa, hau da, iaztik %5,65 igo da erabiltzaile kopurua; dena den, oraindik Dbus-eko datuak bildu beharrean daude. Goiak azaldu du, hala bada, «errekor historikoa» izango dela, eta horrek «poztu» egiten dituela. 

Festen alde ilunari dagokionez, gogoan hartu du Paseo Berriko igeriketa zeharkaldian hil zen gizona, eta doluminak eman dizkie haren senitartekoei. Gaineratu du lapurreta batzuk izan zirela, baina ez dela beste «egoera larririk» sortu. Genero indarkeria kasuak ez ditu aipatu igandean emandako prentsaurrekoan, baina festen hasieran Puntu Morea zabaldu zuten laguntza eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.