11/13 auzibidean epaileek jarritako zigorra atzotik aurrera hasi dira betetzen Jon Enparantza eta Arantza Zulueta, eta otsailaren bukaeran aterako dira espetxetik. Zaballako kartzelan, Araban aurkeztu dute beren burua astelehen honetan.
47ak Herrian plataformak zabaldutako ohar batean jakinarazi du irailaren 30eko data "sinbolikoa" dela, hain justu 2013ko irailaren 30eko gauean egin zituzten 11/13 "makroprozesuko" lehendabiziko atxiloketak.
Irailaren 16an, akordioa egin zuten alde guztiek, eta Enparantzari eta Zuluetari bosna hilabeteko kartzela zigorra betearaztea agindu zuten epaileek. Isunak eta inhabilitazio zigorrak jaso zituzten gainerako 45 auzipetuek. Enparantzari eta Zuluetari beren "maitasuna eta elkartasuna" adierazi diete gaur, eta, horrekin batera, euskal preso guztien eskubideen errespetua ere galdegin dute.
47ak Herrian plataformak esan du garaia dela presoen aurka "salbuespenezko neurriak" ez erabiltzeko eta urruntze politika bertan behera uzteko. "Espetxeak husteko garaia da. Soluzioen agenda baten beharra aldarrikatzen dugu". Eta jakinarazi du asteazkenean, urriaren 2an, elkarretaratzeak egingo dituztela Bilbon —Arriaga antzokiaren aurrean—, Lekeition —Eskoletan— eta Donostiako Antigua auzoan —Gaskuina plazan—, 19:00etan.