Entzute prozesua abiaraziko du Jaurlaritzak, euskararen inguruko «ahots guztiak» ezagutzeko

Euskararen Ahotsak ekinaldiaren bidez, «afektuak, tentsioak, beldurrak eta nahiak» atzeman nahi dituzte. Jauzia Gara prozesuaren baitan egingo dute azterketa, eta emaitzak 2027ko uztailean jakinaraziko dituzte.

Miren Olasagasti, Ibone Bengoetxea eta Mikel Agirre, gaur, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Olasagasti, Ibone Bengoetxea eta Mikel Agirre, gaur, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko urriaren 1a
14:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inkesta bat baino askoz gehiago. Hori da Euskararen Ahotsak proiektuaren izaera. Euskararen inguruko iritzi, jarrera eta sentsibilitateak aztertu nahi ditu, baina ez da azterketa kuantitatiboa izango, ez du neurtuko zenbat dauden alde, edo kontra, edo ezaxola; aitzitik, «entzute prozesu kualitatiboa» egin nahi dute, eta elkarrizketen bidez, gizartean euskararen inguruan dauden «afektuak, tentsioak, beldurrak, konplexuak eta nahiak» atzeman nahi dituzte.

Bilbon egin dute aurkezpena, eta han izan da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea. Azaldu duenez, Euskararen Ahotsak prozesua ekinbide zabalago baten atal bat izango da; izan ere, iazko ekainean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak euskararen sustapenerako dinamika berria jarriko zutela abian, Jauzia gara lelopean, «euskararen geroa» irudikatzeko, eta 2027ko urrian egitekoa den nazioarteko kongresua izango zela bi urte luze iraungo duen prozesu horren azken burua.

Jaurlaritza hasia da nazioarteko kongresu hori antolatzeko lanetan –Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra da izendapen ofiziala–; hizlariak zehaztuta daude, txostenak ere bidali dituzte, eta laster zabalduko dute izena emateko eta ekarpenak bidaltzeko epea. Baina, aldez aurretik, «entzute kualitatiboko prozesu bat» egin nahi dute, gizartean euskararen inguruan dauden «ahots guztiak» ezagutzeko: «Beharrezkoa da gizartearen kezkak, esperientziak eta desioak hobeto ulertzea, politikak hobeto bideratzeko», esan du Bengoetxeak.

Lau urrats

Ikertalde taldeko Mikel Agirrek eta Osoigoko Miren Olasagastik azaldu dute ikerketaren metodologia. Lau urratsetan egingo dute; lehenbizi, azterketa prestatu eta irizpideak definituko dituzte; geroago, landa lana iritsiko da; hirugarren fasean, landa lanean lortutako emaitzen «analisi narratibo-emozionala» egingo dute; eta, azkenik, kontrastea egin ostean «esperientzien eta narratiben mapa bat» osatuko dute, «tentsioak, zailtasunak eta oztopoak ez ezik, euskararen inguruan dauden topaguneak eta aukerak ere» jasoz, eta hori gizarteratzeko lanari ekingo diote.

Entzute aktiboaren fasean, bi bide erabiliko dituzte euskararen inguruan dauden bizipen eta sentsibilitate guztiak jasotzeko: alde batetik, 600 elkarrizketa egingo dituzte beste horrenbeste lagunekin; eta, beste aldetik, hamabi eztabaida talde eratuko dituzte.

«Euskararen etorkizuna ez dugu eraikiko euskara egunero bizi dugunon artean bakarrik; gizarte osoaren ahotsa behar dugu»

IBONE BENGOETXEA Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

Elkarrizketa pertsonal horietatik, 400 herritar arruntekin egingo dituzte, eta 200, berriz, eragile eta pertsona erreferenteekin. 400 herritar horiek topatzeko hainbat bide erabiliko dituzte; prozesuan parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete 900 10 17 18 telefonora deituta edo info@euskararenahotsak.eus helbide elektronikoan, baina ikerlarien asmoa da gizartearen esparru guztiak hartzea eta euskararen inguruan dauden joera eta sentsibilitate guztiak jasotzea; hortaz, ikerketa egin bitartean ikusiko balute hutsuneren bat dagoela eta gizartearen sektoreren bat edo euskarari buruzko sentsibilitateren bat ez dagoela behar bezain ordezkaturik, zuzenean joko lukete soslai horretako lagunengana telefono bidezko elkarrizketen bitartez.

Lagina egiteko, adinaren, generoaren eta lurraldearen ohiko irizpideak erabiliko dituzte, eta ikerketa egin ahala beste irizpide batzuk ere hartuko dituzte aintzat, hala nola hirigunekoa edo landa eremukoa izatea, jatorria eta abar, emaitzak ahalik eta esanguratsuenak izan daitezen. Agirrek eta Olasagastik nabarmendu dute azterketa «iteratiboa» izango dela, hots, arian-arian joango direla prozesua fintzen, doitzen eta hobetzen. Eztabaida taldeak, berriz, hamabi izango dira, eta han, hala eragile eta erreferenteek nola norbanakoek hartuko dute parte.

Ikerketan bost sistema hartuko dituzte aintzat: euskararen erabilera soziala, transmisioa eta sozializazioa, alor instituzionala eta aktibismoa, esparru sozioekonomikoa, eta alor sinboliko eta digitala. Landa lana 2027ko otsailera arte egingo dute, eta prozesua 2027ko uztailean amaituko da: orduan emango dute emaitzen berri. Azterketaren esparrua euskararen lurralde osoa izango da, eta Euskal Herri osoko norbanako eta eragileek parte hartuko dute.

Argazkiaren atzeko aldea

Estreinako aldiz egingo dute Euskal Herrian munta horretako ikerketa bat. Bengoetxeak gogorarazi duenez, orain arte inkesta eta ikerketa kuantitatibo ugari egin izan dituzte euskararen inguruan: «Datuak eta estatistikak baditugu. Euskararen egoeraren argazkia badugu, baina azterketa honen bidez ezagutu nahi dugu argazki horren atzean dagoena. Icebergaren tontorra ikusten dugu; orain jakin nahi dugu zer dagoen azpian».

Bengoetxeak uste du euskararen auzian «zarata handia» dagoela; orain, zarata bazter utzi eta ahotsei eman nahi diete lehentasuna. Eta nabarmendu du «ahots guztiak» aintzat hartzearen egokitasuna: «Euskararen etorkizuna ez dugu eraikiko euskara egunero bizi dugunon artean edo euskararen inguruan lan egiten dugunon artean bakarrik; gizarte osoaren ahotsa behar dugu».

ikerketaren aztergai nagusiak

  1. Euskararekiko atxikimendua eta lotura emozionala.

  2. Erabilgarritasuna eta balio praktikoa.

  3. Askatasuna, aukerak eta presioak.

  4. Identitatea, eta norberaren eta taldearen esanahia.

  5. Gozamena, bizipen positiboak eta desiragarritasuna.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA