Epaileak espetxera bidali ditu larunbatean Irunen atxilotutako bi pertsonak

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute «terrorismo delitu bat» egotzita, eta Antonio Piña epaileak behin-behinean kartzelatzeko agindu du. Defentsak oso larritzat jo du, epaileak ez baitu denborarik hartu haren argudioa aztertzeko.

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute «terrorismo delitu bat» egotzita atxilo hartutako bi gazteek, eta Antonio Piña epaileak behin behineko kartzelaratzea agindu du. ANTONIO SANCHEZ TRILLO / EFE
Espainiako Auzitegi Nazionaleko sarrera. ANTONIO SANCHEZ TRILLO / EFE
Xabier Martin - Joxerra Senar
2026ko urriaren 20a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Antonio Piña epaileak espetxera bidali ditu joan den larunbatean Irungo ertzain etxean beren buruak aurkeztu ondoren atxilotu zituzten bi pertsonak. Gaur eguerdian deklaratu dute biek epailearen aurrean, eta hark behin-behineko espetxeratzea agindu du, jarduera terroristarekin lotutako delituak egotzita. Epaileak aintzat hartu du fiskalaren eskaera, eta 34 urteko gizona (A.B.G.) eta 22 urteko emakumea (M.G.I.) espetxera bidali ditu behin-behinean. «Talde edo erakunde terroristekin» lotutako ustezko delituak egotzi dizkie biei. «Bake publikoaren aurkako atentatua» eta «armak eta lehergaiak fabrikatzea eta edukitzea» ere gehitu ditu leporatutako delituen zerrendan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «material oso delikatua» zeramaten hiru pertsona identifikatu zituzten irailaren 26an egindako kontrol batean, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Aske utzi zituzten, ordea. Gero, hiru pertsona horietatik bi Ertzaintzaren Irungo polizia etxera (Gipuzkoa) joan ziren, aurreko larunbatean hain zuzen, abokatuarekin, eta Ertzaintzak atxilotu egin zituen. Beren esku zuten material horrek barne hartzen omen du poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa, eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa. Hala, «terrorismo» delitu bat egotzi diete.

Fiskalak Espainiako Zigor Kodearen 571. artikulua aplikatu behar dela esan dio Piña epaileari, Auzitegi Nazionalean: talde edo erakunde terroristari dagokiona. Atxilotuei 550. bis artikulua ere aplikatu behar zaiela gehitu du, agintaritzari erresistentzia egitearena.

Deklarazioan, fiskalak aurkeztutako materiala auzitan jarri du Aratz Estonba abokatuak. Azaldu duenez, atxilotu zuten egunean A.B.G.-k Arrasatera bere bila joateko eskatu zion M.G.I.-ri, eta hura Irlandako kide batekin joan zen kotxean. Handik irtenda, Eskoriatzako kontrolean atzeman zituzten.

A.B.G.-k epaileari kontatu dionez, Arrasaten hainbat bilera egin zituen abokatu batekin, kazetariekin eta herri mugimenduko kideekin. Bilkura horien xedea zen «hainbat infiltrazio egon zitezkeela susmatuta, kasu horiek eta jarraipen polizialak agerian uztea eta hainbat informazio kontrastatzea». Abokatuaren arabera, horregatik zuen polizien gaineko informazioa. Horien artean, Espainiako polizia baten telefonoa ageri da. «A.B.G.-ri kolektibo batek ematen dio informazio hori». Euskal Herriko herri okupatu bat hustu zenean, «duela bost urte baino gehiago», telefono bat azaldu zen, eta polizia batena zen. «Hark [A.B.G.-k] esan du informazio hori inoiz ez duela ukitu».   

«Deigarria egin zait epailearen jokabidea. Oso larria da, berdin du-eta zer esan dudan. Ez dizkio bi minutu ere eskaini bakoitzak argudiatutakoari»

ARATZ ESTONBADefentsa abokatua

Defentsaren arabera, akusazioak «muzin egin die» akusatuen azalpenei. Halaber, abokatuak fiskalaren argudio bakoitza auzitan jarri du, eta leporatutako delituak ukatu. Adibide gisa jarri du bi walkie-talkie atzeman zituela Ertzaintzak eta horiek poliziaren kontrolak saihesteko erabili zituztela. Estonbak gezurtatu egin du hori, eta arrazoitu du horretarako beharrezkoa dela walkie-talkietako bat beste kotxe batean izatea horren berri emateko elkarri.

Alta, epaileak «momentuan bertan erabaki du» behin-behineko espetxealdia. «Deigarria egin zait epailearen jokabidea. Oso larria da, berdin du-eta zer esan dudan. Ez dizkio bi minutu ere eskaini bakoitzak argudiatutakoari. Gutxienez denbora pittin bat har dezala aztertzeko ea nik esandakoak zalantzan jartzen duen fiskalaren hipotesia eta ea nire hipotesia errealagoa den».

Epaileak bere ebazpenean azaldu du atxilotu baten motxilan «gailu zifratuak» aurkitu dituela Ertzaintzak; haien arabera, «indarkeriazko ekintzak egiteko entrenamenduen argazkiak» ikusten dira horietan, baita «ETAren banderak» ere. Halaber, Espainiako Poliziaren agente baten telefono zenbakia zegoen, baita «zenbait ibilgailuren argazkiak eta matrikulak» ere. Horrez gain, epaileak ziurtatu du «ustezko zulo batekin lotutako informazioaren ebidentzia susmagarriak» atzeman dituela poliziak.

A.B.G. eta M.G.I. «Jardun koordinadoraren kideak» direla dio epaileak, eta talde horren barruan «Jarki» dagoela, «borroka ideologiko iraultzailea, independentista eta sozialista sustatzen duen taldea», baita Aske ere, «errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko talde sozialista eta independentista», epailearen azalpenaren arabera.

Polizia etxean atxilotuak

Irailaren 26an, Eskoriatzan egindako kontrol batean hiru gazte atxilotu ondoren, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen, eta harremanetan jarri zen Espainiako Auzitegi Nazionalarekin, «kontuan hartuta bazitekeela gertakariak terrorismo delitu bat izatea». Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak egin du ikerketa, eta, Segurtasun Sailak zehaztu zuenez, zenbait bilera egin dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko agintari judizialekin, baldin eta ekintza judizialen bat egin behar zela erabakitzen bazen haiei «bide emateko». Ikerketak eta harremanak «aurrerapauso nabarmenak» izan dituzte, prentsa ohar baten bitartez jakinarazi zutenez.

Gaur bertan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azaldu du Imanol Pradales buru duen gobernuak «une oro» eman diola informazioa Espainiako Gobernuari, eta jakinarazi du Ertzaintzak atxilotutakoei atzemandako informazioan ez dagoela «Ertzaintzaren daturik, ezta agenteei buruzkorik ere». Baina, berretsi du «zuloren bati» buruzko informazioa aurkitu dutela. Ubarretxenak eskatu dio euskal gizarteari «atzerapausorik» ez emateko eta jarraitzeko urratsak egiten «bakearen eta bizikidetzaren bidean».

Jardun koordinakundeak atzo adierazi zuen atxilotuek ez dutela «inolako loturarik koordinakundearekin». Hainbat hedabidek, izan ere, Jardunekin lotu dituzte gaur Auzitegi Nazionalean deklaratuko dutenak. Aske antolakundeak, ordea, Jardunen kontrako «kriminalizazio kanpainatzat» jo du plazaratutakoa. Koordinakunde horren barruan sortutako erakunde bat da Aske, «errepresioaren aurkakoa» eta «amnistiaren aldekoa», eta irmo salatu du «Jardun seinalatzeko eta haren aurkako kriminalizazio kanpaina martxan jartzeko» baliatu dituztela atxiloketak.

Bestalde, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta AUGC Guardia Zibilaren elkarteak herri akusazioaren rola hartzeko izena eman dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. AVTk esan du ekintza horren bidez «gertatutakoa argitzeko ekarpena» egin eta «dagozkien erantzukizun penalak argitzen» lagundu nahi duela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA