Epailearen esku gelditu da Sarrigurenen bere emaztea hil zuen gizona

Arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak atzo egindako elkarretaratzea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak atzo egindako elkarretaratzea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko otsailaren 23a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epailearen esku dago ostiralean Sarrigurenen (Nafarroa) emaztea hiltzea egotzita atxilotutako gizona. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzo jakinarazi zuenez, Iruñeko emakumeen aurkako indarkeriaren arloko 2. epaitegia arduratuko da auziaz.

Hilketa 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean. Gizonezkoak labanaz egin zion eraso 28 urteko bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean bizirik bazen ere, ezin izan zuten emakumea suspertu. Horrez gain, gizonak larri zauritu zuen bere ama; Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten. Bikoteak lau seme-alaba dauzka, guztiak adin txikikoak.

Euskal Herrian aurten gertatu den lehenbiziko hilketa matxista da Sarrigurengoa, eta haserre handia eragin du; 2003az geroztik, 133 emakume eta hamahiru haur hil dituzte gizonek, horietatik 25 Nafarroan. Hain justu, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak atzo goizean egin zuen erasoa salatzeko elkarretaratzea, Iruñeko Udaletxe plazan. Gaurko ere mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Donostian, Bulebarrean; eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan. Hiru elkarretaratzeak ordu berean egingo dituzte, 19:00etan.

Asteburuan ere zenbait mobilizazio egin dituzte hilketa salatzeko; besteak beste, herenegun arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Sarrigurengo udaletxearen atarian, eta han izan ziren dozenaka herritar eta erakundeetako hainbat ordezkari. Itaia ere kalera atera zen larunbatean, 11:30ean, Iruñeko Udaletxe plazan, eta protesta egiteko deia egin zuten Euskal Herriko beste leku batzuetan ere: Altsasun (Nafarroa), Azpeitian, Beasainen (Gipuzkoa) eta Gernikan (Bizkaia), adibidez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.