Indarkeria matxista

Ehunka lagunek Sarrigurengo hilketa matxista gaitzetsi dute Iruñean

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta egin dute protesta, Udaletxe plazan. Nabarmendu dute ostiralekoa ez dela gertaera bakan bat, «sistema patriarkalaren errepikapen bat baizik».

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 22a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Sarrigurenen (Nafarroa), atzo eta gaur Iruñean, eta bihar Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan. Protesta jendetsuak egiten ari dira ostiralean Sarrigurenen izandako hilketa matxista arbuiatzeko; gaur Iruñean elkartu dira, Udaletxe plazan, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. Nabarmendu dute ez dela gertaera bakan bat: «Feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpenik gordinena».

Sarrigurenen, udalak deituta egin zuten elkarretaratzea atzo, eta Iruñean, berriz, Itaiak deituta; Eusko Herriko Emakumeen Mundu Martxak gaurko eta biharko antolatu ditu elkarretaratzeak. Gaurkoa hamabost minutuko protesta isila izan da, eta bertaratutakoen txalo zaparradarekin amaitu dute.

Hiltzailea, 28 urteko gizonezko bat, atxilotuta dago —erasoaren ostean ihes egin, baina geroago bere burua entregatu zuen polizia etxean—, eta bihar pasatuko da epailearen ardurapera. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Iruñeko 2. epaitegiak hartuko du auzia bere gain.

Hilketa

Gizonezkoak emakumezko bat hil zuen eta beste bat larri zauritu ostiral iluntzean, Sarrigurenen. Hilketa 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean; gizonezkoak labanaz eraso zion bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean bizirik bazen ere, ezin izan zuten suspertu emakumea. Gizonak larri zauritu zuen beste emakume bat: bere ama, hain justu. Biktima Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, eta ebakuntza bat egin zioten gauean. Gaur jakinarazi dutenez, hobera egin du, eta ez dago hiltzeko arriskuan.

EHko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Sekretupean da sumarioa, baina, zenbait hedabidek argitaratu dutenez, gerora ospitaleratu behar izan zuten emakumea erraina babesten saiatu zen, eta gizonak eraso egin zion orduan. Bikoteak lau seme-alaba dauzka, guztiak adin txikikoak, eta horietako bat etxean zen hilketa gertatu zenean. Gizonak, emakumeei eraso egin ondoren, etxebizitzatik ihes egin zuen, baina Polizia harekin harremanetan jarri zen telefonoz; hala, gizonezkoak bere burua entregatu zuen, eta atxilo hartu zuten.

Foruzainak zer gertatu zen ikertzen hasi dira. Zenbait hedabidetan zabaldu denaren arabera, bikotea banatzeko prozesuan zen. Zenbait bizilagunek oihuak entzun zituzten, eta gazte batzuek ohartarazi zituzten larrialdi zerbitzuak.

Lehena

Euskal Herrian aurten gertatu den lehenbiziko hilketa matxista da Sarrigurengoa; 2003az geroztik, 133 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek, horietatik 25 Nafarroan. Azken hilketa matxista iazko abenduaren 21ean izan zen, Barakaldon (Bizkaia): gizonezko batek Josune M. D. hil zuen. 54 urte zituen. Iaz, zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Gainera, 2024ko ekainaz geroztik desagertuta dago Laure Zacchello; Urruñan bizi zen, Lapurdin, eta haren bikotekidea atxilo hartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA