Aspalditxoan, epaitegiak ekinean ari dira euskararen aurka, eta behin eta berriro kaleratzen dituzte euskara eskakizunen aurkako ebazpenak. Alta, Administrazioan Euskaraz taldeak jakinarazi duenez, euskara eskakizunen aldeko epai bat egon da —epaia maiatzaren 26koa da—: Iruñeko Udaleko giza baliabideetako goi mailako teknikari baten postuak profil elebiduna zeukan, eta, UGTk helegitea jarri bazuen ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez dio arrazoirik eman, eta helegitea ezetsi du.
Administrazioan Euskaraz Taldeak azaldu duenez, UGTk esan zuen ez zegoela arrazoirik lanpostu horretarako gazteleraz gain euskara ere eskatzeko, «Iruñeko hizkuntza errealitateak eta lanpostuaren funtzioek» ez dutela justifikatzen esakera hori.
Orain, baina, Nafarroako Administrazio Auzitegiak kontra egin dio. Honatx horretarako epaitegiak eman dituen arrazoiak, Administrazioan Euskaraz taldearen hitzetan: «Udalaren hautaketa deialdien kudeaketan askotan teknikariak hautagaiei arreta pertsonala eman behar diela, eta udaleko lanpostuetan profil elebiduna soilik lanpostuen %4,34tan ezarrita dagoela, eta, beraz, ez dagoela desproportziorik».
Taldearen irudiko, «pozik» egotekoa da epaia: «Lanpostu estrategiko batean, profil elebidunak badu bere garrantzia. UGTren jarrera euskarafobo honen porrot hau txalotzen dugu».