Babestuta sartu dira auzitegira «elkartasun feminista adierazteagatik» akusatuen aulkian eserarazi dituzten sei zestoarrak. Haietako baten bikotekide ohiaren salaketak eraman ditu haraino, integritate moralaren aurkako delitua egitea egotzita. Mugimendu feministako kideen hitzetan, ordea, bestelakoa da akusatuen aulkian eseri direnek egindakoa: emakumezkoari babesa ematea, alegia, elkartasun feminista adieraztea.
Epaiketaraino iritsi da gizonezkoaren salaketa, eta gaur hasi dira saioak Donostiako Zigor Epaitegian. Saio «gogorra» izan da epaituentzat, salaketa jarri zuen gizonezkoak eta hark deitutako lekukoek deklaratu baitute. Hain zuzen ere, haien argudioetan oinarrituta, honako zigor hauek eskatzen dituzte fiskalak eta akusazioak: bost urteko espetxealdia bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat.
Salaketa jarri zuen gizona bera izan da deklaratzen aurrena. Fiskalaren, akusazioaren eta defentsaren abokatuen galderei erantzun die, eta zera kontatu du: bikote harremana bukatu berritan, bikotekide ohiak semearen zaintzari uko egiteko eskatu ziola, eta ezezkoa eman zionean, «bere bizitza hondatzea beste helbururik izan ez duen kanpainari» ekin ziotela bikotekide ohiak eta haren bost lagunek. «Sekula frogatu ez diren» berari buruzko «akusazio faltsuak zabalduz», bizitza soziala egiteko aukerarik gabe utzi dutela adierazi du, ohikoak zituen lekuetatik kanporatu dutela, eta berari bakarrik ez, bere familiari eta lagunei ere kalte egin dietela.Â
Ondoren, haren gertuko hainbatek ere beren testigantza eman dute, eta lauzpabost udal langilek ere bai, garai hartan udalaren Gizarte Zerbitzuetan aritzen ziren zenbaitek, besteak beste.
Bihar akusatuen defentsak deitutako lekukoek deklaratuko dute, eta etzi hitz egingo dute epaituek beraiek. Ostiralean aldeek azken ondorioak azaldu ondoren, epaiketa bukatzea espero da.
09:00etarako 50 bat lagun elkartu dira gaur goizean epaitegiaren atarian, auzipetuei babesa emateko, Elkartasuna ez da delitua, zuekin gaude lelodun pankartaren atzean, eta handik minutu batzuetara sartu dira akusatuak epaitegira; 09:30ean hasi behar zuen auzi saioak, baina ordu eta erdi berandutu da.
Zenbait hedabide bertaratu dira epaiketara, baina epaileak akusatuen defentsarekin eta akusazioarekin kontsultatu ostean, hedabide grafikoei ez die utzi saioaren irudirik hartzen. Epaiketa hasi bitartean, urduritasuna nabari zen itxarongelan, eta besarkadak eta elkartasun mezuak izan dira nagusi. 10:30 inguruan hasi dira akusatuen izenak ozen esaten, eta banaka sartu dira aretora.
Zestoako Mugimendu Feministako Maddi Lertxundik hedabideen aurrean adierazpenak egin ditu epaitegira sartu aurretik, eta hark salatu du «oso larria» dela elkartasun feminista epaitzea eta auzia iritsi den lekura iristea: «Zortzi urte hauek oso gogorrak izan dira, sei akusatuek espetxe zigorraren mamua lepoaren atzean eduki dutelako, eta sinestezina iruditzen zaigu gertatzen ari dena». Hark esan duenez, gainera, kasuak argi uzten du sistema judizialaren izaera «heteropatriarkala» dela. Halaber, sei auzipetuei «indarra» eman diete, baita haiekin daudela adierazi ere: «Ez dugu pauso bat atzera egingo, hemen egongo gara bukatu arte».
Ikusi gehiago
Igandean ere egin zuten elkarretaratze bat Zestoan bertan, Elkartasuna ez da delitua! lelopean. Azken urteetan han egindako jendetsuena izan zen, eta, mobilizazioa mugimendu feministak antolatu bazuen ere, denera 29 eragilek bat egin zuten adierazpenarekin.Â

Mugimendu feministak ez du xehetasun handirik eman auziari buruz, baina salatu du sistema judizialak babesik gabe uzten dituela indarkeria matxistaren biktimak: «Asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoirengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horixe gertatu da oraingo honetan ere. Ez da harritzekoa: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima —eta ez erasotzailea— eseriko duen sistema judizial batean?». Erasotzailea, gainera, herrian «inpunitate osoz» dabilela salatu dute.