Erabakitzeko gaitasuna erreferendum bidez jaso behar dela nabarmendu du Gure Esku herri dinamikak, Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez bozeramaileek Donostian hedabideen aurrean esan dutenez. Gure Eskuk uste du «berri ona» dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko berriaren eztabaidan erabakitzeko eskubidea arautzeko «proposamen zehatzak» izatea, baina, era berean, ohartarazi du erabakitzeko eskubidea alboratzea «akats larria» litzatekeela. Alde horretatik, berretsi du herritarren erabakitzeko gaitasuna modu librean gauzatzeko «bide eraginkorrak» izan arte lan egingo duela.
Gure Eskuk dio ez duela ulertzen akordiorik lortu ez izana Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioei eutsiz. «Lehen, Eusko Legebiltzarreko bi indar nagusien arteko [EAJ-EH Bildu] akordio bat zegoen tokian, orain hiru formulazio ezberdin daude, eta akordiorik ez. Hori horrela, oraingoz, ez dago erabakitzeko eskubidearen inguruko formulazio bateraturik, eta horrek esan nahi du une honetan gaitasun falta bat dagoela gizarteak eskatzen duenari erantzuteko: formula eraginkor bat gure etorkizun politikoaz erabakitzeko».
Alvarezen eta Etxabururen esanetan, alderdiek ezin diote bizkarra eman «herritarren gehiengoaren nahiari», eta, ondorioz, «erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bihurtzea dagokie». Gogoratu dute dinamikak abian duela erreferendumaren aldeko ekinbidea.
.@Gure_Esku-ren balorazioa estatus berriaren inguruko eztabaidaz. Balioetsi du erabaki eskubidearen hiru proposamen egin izana, baina kritikatu formulazio bat adosteko gaitasun falta @berriapic.twitter.com/CL9tmt5v7H
— Jon O. Urain (@olano_urkia) December 12, 2019
EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua egiteko talde parlamentarioek izendatutako adituek agerraldi bat egingo dute urtarrilean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Mikel Legarda (EAJk izendatua), Iñigo Urrutia (EH Bildu), Arantxa Elizondo (Elkarrekin Podemos), Alberto Lopez Basaguren (PSE-EE) eta Jaime Ignacio del Burgo (PP) aritu dira adituen taldean, urtebete pasa. Joan den astean bukatu zituzten lanak.
EAJ, EP eta PSEren ordezkarien artean testu artikulatu bat aurkeztu dute, baina aparteko ekarpenak ere egin dituzte adituek; batik bat, erabakitzeko eskubideari buruzkoak. EH Bilduren ordezkariak bere testu artikulatua aurkeztu du, eta PPrenak ere, berea.