«Erabakitzeko gaitasuna», topaleku baten abiapuntu

Nazio auziaren gaineko eztabaidan kontzeptu batek bidea egin du azken hilabeteetan: 'Erabakitzeko gaitasuna'. Hura baliatu dute EAJk eta EH Bilduk lurralde auzia auzi sozialekin lotzeko.

'Euskal Herriak erabaki' mezua daraman ikurrina erraldoi bat, udan, Bermeon. ARITZ LOIOLA / FOKU
'Euskal Herriak erabaki' mezua daraman ikurrin erraldoi bat, udan, Bermeon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Euskal Herria Batera herri egitasmoak alderdi abertzaleei dei egin die «euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko» eta «euskal nazioarekiko konpromisoz jarduteko». Hortik haratago, baina, «erabakimen gaitasunean» sakontzeko beharra nabarmendu zuen eragileak Aberri Egunaren bueltan egindako deialdian: «Batera krisi ekonomikoak eta larrialdi ekologikoak sortzen duten zalantzen aurrean, gerrek sortzen duten ezegonkortasunean eta globalizazio testuinguruak burujabetza osorik gabeko euskal komunitateari ekartzen dizkion erronketan». Hain zuzen, EAJko lehendakarigai Imanol Pradalesek eta EH Bilduko hautagai Pello Otxandianok bereganatu egin dute erabakitzeko gaitasun kontzeptua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaurrean, Aberri Egun hau tartean dela; hain zuzen, estatus politiko berri baten ingurukoak hizpide izan dituzten bakoitzean, biek ere arlo sozialarekin lotu dute behar hori.

Julen Zabalo EHUko irakaslearen esanetan, halako kontzeptuak aldarrikapen abertzaleak egungo politikara eta gizartera egokitzeko egindako bidean kokatu behar dira. «Orain arte, lurraldeari begira egin da, eta autodeterminazio eskubidea horretara doa. Egun, baina, ikuspuntu demokratiko eta subjektiboago batetik ulertu behar da gaia». Hau da, eztabaidaren erdigunean herritarren erabakitzeko eskubidea kokatu zela lehenik, eta erabakitzeko gaitasuna orain: «Ez da lurralde bati modu monolitikoan ematen zaion zerbait, herritarrei onartzen zaiena baizik. Ikuspegi demokratiko batetik, herritarra da oinarria». Izan ere, argudiatu du askoz zailagoa dela egungo testuinguruan «lurraldeak politikoki mugitzea» herritarrei eskubide eta gaitasunak aitortzea baino: «Ikuspuntu subjektibo bat da erabakitzeko ahalmenaren edo gaitasunaren atzean dagoena».

Beraz, kontzeptuak aldatu diren arren, nazio auziari irtenbide bat emateko nahia dago horien atzean, Zabaloren hitzetan, eta hori «modu demokratiko batean» egitekoa: «Esango nuke aurretiazko pauso bat dela, iradokitzen duena nondik bideratu nahi den prozesua; modu adostu batean —kasu honetan, Espainiako Estatuarekin—. Horretarako, ezinbestekoa da erabakimen gaitasuna izatea».

Hala iradokitzen dute EAJko eta EH Bilduko kideen azken asteetako mintzaldiek ere. Gainera, antzeko terminologia erabilita. Izan ere, Pradalesek EAJren «bide orriko» lehen eginbehartzat jo duen arren Gernikako Estatutua betetzea, autogobernu «gehiago eta hobea» eskuratzeko oinarritzat jo du estatus politiko berriak «euskal nazioaren aitortza, aldebikotasuna, bitartekari baten bermea eta erabakitzeko eskubidearen onarpena» barne hartzea: «Badaude Gernikako Estatutuan ez dauden gauzak, txertatu beharrekoak». Besteak beste, bi aldeen arteko harremanak bideratzeko «berme sistema bat», hain zuzen Espainiako Auzitegi Konstituzionala, «epaile erosi bat», ekiditeko.

«[Erabakitzeko gaitasuna] Ez da lurralde bati modu monolitikoan ematen zaion zerbait, herritarrei onartzen zaiena baizik».

 JULEN ZABALOEHUko irakaslea

Otxandianok, berriz, azaldu du zer ezaugarri izan behar dituen EH Bilduk estatuarekin izango duen harreman berri horrek: «[Estatuarekiko] Maila bereko harremana, aldebikotasun eraginkorra, gure izaera nazionalaren eta izaera horri lotutako eskubideen aitortza. Nahikoa botere duen oinarri bat eman behar digu». Hau da, «berme sistema bat» ezarri beharko luke «estatuaren esku hartzeak eragotzi» eta autogobernuak beste dimentsio bat hartzeko.

Erronka berriei erantzun

Zertarako nahi da estatus berri bat, baina? EH Bilduren hautagaiaren esanetan, estatus politiko horrek «XXI. mendean behar diren politika publikoak egiteko nahikoa gaitasun eta eskumen» eskaini ditzan. Izan ere, Begirada liburuxkan, eraberritze politikoari erreferentzia egiterakoan, xede gisa azaltzen du harekin «eraldaketa sozial eta nazionaleko prozesu bat» abiatzearen beharra: «Guk erabakitzeko ahalik eta gaitasun handiena nahi dugu, gure bizitzetan eragina duten prozesu guztien inguruan demokratikoki adierazitako euskal gizartearen borondateari bide emateko».

Eta arlo horretan ari da indar egiten koalizio subiranista Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainaurrean; hain zuzen, arlo sozialak ardaztutako kanpaina batean. Horren adibide da Otxandiano bera etxebizitza eta osasungintza arloetarako aurkeztutako proposamenetan, politika publikoetan alegia, «herri gogoa eta anbizio nazionala» txertatzeaz aritu izana.

Izan ere, Zabalok uste du auziei modu demokratiko batean erantzuteko asmo hori ez dagokiola soilik nazio auziari, eta gainerako aferak hartara txertatzeko ere baliagarria dela: «Arazo bat duzunean, horri aurre egiteko zer behar duzu? Behar duzu erabakitzeko gaitasuna, ahalmena...». Izan ere, EHUko irakasleak argudiatu du herritarren erabakitzeko aldarrikapen hori jada zabaldua dagoela beste hainbat borrokatan ere.

Horiek hala, EH Bilduk bezala, Pradalesek berak ere izan du hizpide arlo soziala estatus berriaz aritzean. Zehazki, azken hamarkadetan eskubide sozialen alorrean egindako aurrerapenei egin die erreferentzia, eta horien inguruko eskumenak autogobernu berrian izan beharreko lekuari. Hala, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren esanetan, EH Bilduk erakutsitako jarrera hori jeltzaleen proposamenetatik gertuago dago, uste baitu, hein batean, bat egin dezakeela EAJk eta PSOEk Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidurarako sinatutako akordioan jasotakoarekin ere. Testu hartan, bi alderdiek bat egin zuten, eta baieztatu euskal herritarren gehiengoa bat datorrela autogobernua «eguneratzeko eta zabaltzeko» beharrarekin eta «aitortza nazionalarekin», baita, ondorioz, «euskal autogobernua urgentziaz garapen eta zabaltze fase berri batean» sartzearekin ere, nazio aitortza, eskumenen zaintza, aldebikotasuna eta foralitatea oinarri hartuta.

Lehenbailehen

Negoziazio prozesu hori osatzeko epea ere ezarri zuten EAJk eta PSOEk: gehienez ere urte eta erdi Eusko Legebiltzarreko legealdi berria hasten denetik. Eta ez da ausazko epe bat. Izan ere, legebiltzarretik igaro ostean, estatutu berri baterako testu artikulatu batek Espainiako Gorteen iragazkia ere igaro beharko luke. Horrek, ezinbestean, estatus politiko berri baten aldeko gehiengo bat eskatuko luke. Eta ez dago argi hori posible ote litzatekeen Madrilen egun martxan den legealditik haratago.

Iritzi berekoa da Otxandiano ere; bai, behintzat, aferari presaz heltzeko beharrari dagokionez. EH Bilduk legealdia martxan jarri eta hiru hilabeteko epean ekin nahi dio autogobernu ponentziari, eta ahalik eta azkarrena lan egin, hura Espainiako Gorteetara eramateko: «Urtebeteko epean gai izan behar dugu akordio batera iritsi eta oinarri eta printzipio horiek testu artikulatu batera eramateko».

Estatus berri baterako prozesuari lehenbailehen heltzeko, baina, aferaren inguruan hitz egiteko solaskideak behar dira. EAJk PSOEk sinatutakoa sinatuta ere, PSE-EEren lehendakarigai Eneko Anduezak bestelako jarrera erakutsi du azken hilabeteetan eta, batez ere, kanpainari ekin diotenetik. Estatutu berri baten alde egin du hark, baina ukatu egin du estatus berri baten beharra, eta ideia «independentista eta subiranista» oro baztertzeko eskatu die EAJri eta EH Bilduri. Zabalo bera ere harritu du jarrera horrek, Espainiako Kongresuan eta Nafarroan sozialistek abertzaleekin duten harremanetik bereizten baita. Halere, EHUko irakasleak hauteskunde garaiari egotzi dio jokabide hori. Batetik, EAJtik bereizteko; bestetik, abstentziora edo Sumarren eta Elkarrekin Podemosen inguruko hautesleengana gerturatzeko.

«Badakigu, noski, bidea ez dela erraza izango. Baina ematen du orain arte onartzen ez zen eztabaida ideologiko hori orain onartu egin behar dela ikuspegi demokratiko batetik».

 JULEN ZABALOEHUko irakaslea

Pradalesen eta Ortuzarren azken adierazpenei jaramon eginez gero, baina, PSE-EE estatus berriaren inguruko akordioan egoteko «esfortzu» bat egin beharra dago. Baina biek ere Gernikako Estatutuaren inguruan ezarri zen kontsentsutik harago joateko nahia adierazi dute. Horrek, zuzenean edo zeharka, berekin dakar aferaren inguruko akordio batez aritzea EH Bildurekin. «Uste dut aukerak egongo direla akordiorako», azaldu zuen Ortuzarrek, bi alderdi abertzaleen arteko itun posible batez mintzo zela, eta «hortik aurrera» egin beharreko lantzat jo zuen PSE-EEren eta «Sumar eta Ahal Dugu-ren mundutik geratzen dena» ere hartara batzea.

Azken horiek, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek, ez diote aterik itxi negoziazioei. Batak zein besteak, baina, horri heltzeko baldintza gisa jarri dute, hain zuzen, arlo sozialean urratsak egiteko tresna gisa planteatzea.

Hala, izan bada akordiorako aukerarik, aurrez ere hala ikusi baita. EAJk eta EH Bilduk —baita, neurri batean, Elkarrekin Podemosek ere— estatus berri baterako oinarri eta printzipioen inguruko testu bat onartu zuten 2016-2020ko legealdian. Hain zuzen, hari erreferentzia eginda, Otxandianok egunotan azaldu du ez litzatekeela «zerotik» abiatu beharko: «Badago berriz hartu beharreko abiapuntu bat».

Ikuspegi «monolitikoa»

Eusko Legebiltzarrean akordio bat ixtea, ordea, ez da bidearen amaiera, eta negoziazio horiek Madrilerako jauzia egin beharko lukete. Zergatik onartuko luke, baina, estatu batek halako eztabaida bat? Zabaloren esanetan, nazio-estatuei «gero eta zailago» egiten zaielako estatu horiek definitzen dituzten naziotasunak ─«espainiartasuna edo frantziartasuna»─ «modu monolitikoan» ulertaraztea: «Batetik, jende mugimenduak gero eta askotarikoagoak direlako. Bestetik, ikuspegi demokratiko batetik oso zaila delako pertsona bati esatea halabeharrez espainiarra edo frantziarra dela».

Bigarren auzi horri erreferentzia eginda, EHUko irakaslearen ustez, «herritarren nazio sentimendua» onartu beharreko elementu gisa ulertuta —PSOE, EAJrekin egindako akordioan, «aitortza nazionalaz» mintzo zen—, hurrengo urratsa da hura bideratzeko aukera ematea:  «Badakigu, noski, bidea ez dela erraza izango. Baina ematen du orain arte onartzen ez zen eztabaida ideologiko hori orain onartu egin behar dela ikuspegi demokratiko batetik». Eta bide horretan egindako urrats gisa hartu du plurinazionalitateaz aritzea ere, horrekin onartzen baita eztabaidaren oinarrian nazio auzia dagoela, eta bide eman behar zaiola: «Eta zer da bide hori? Modu adostuan lantzea».

Horrek, baina, erreakzio bat eragin duela ere nabarmendu du Zabalok; hain zuzen, ultraeskuinak bideratu duena. «Hor dagoen ideia hau da: Espainiartasuna edo frantziartasuna arriskuan dago, eta horren aurka egin behar da». Zabaloren esanetan, horrek ere bultzatu ditu alderdi abertzaleak negoziazioaren bidea hartzera: «Euskal Herrian eta Katalunian bada herritar askoren kexa alderdi abertzaleek ez dutela nahikoa egiten, baina hor dago jokoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.